Marokon Atlas mendikatean

Alberto Ibiltarixanak | 2014-11-12 00:00
1

Gure asmoa trekinga egitea da Atlas mendietan eta ahal bada, M`Goun mendia (4.068 m) igotzea. Lau lagun etorri gara: Fernando, Benja, Andoni eta ni. Marrakachen gaua egin ondoren, astearte goizean, goiz abiatu gara furgonetan Atlas mendikateko ipar-ekialdera, Tizin Oughbar herrira. Azilalen egin dugu geldialditxo bat tea hartzeko eta komunera joateko. Zazpi ordu iraun du bidaiak eta 14:00ak aldera iritsi gara Ouzud aterpetxera. Bidean euria eta elurra ere egin digu. Bide ertzean umeak daude zerbait eskatzen eta gidariak ur botila bat eman dio ume bati. Geroago neska bat hartu dugu eta herriraino eraman dugu. Umea darama bizkarrean eta aurpegia tapatu du autora sartzean.

Asteazkenean, jeikitzerakoan, zerua garbi-garbi dago eta elurrak inguruko mendiak zurituta daude. Gosaldu ondoren 8:00etan irtetzeko prest gaude baina mandoak falta direnez, 9:00etan atera gara M`Goun mendira, mandozainek gosaldu eta gero. Hotz egiten du baina eguzkitan antzematen da epeltasuna. Lau ordu ibili ondoren, Tizi n Oumiskiq lepoan (2.870 m.) egin dugu eguneko bazkaria. Hemen hiru talde elkartu gara: frantsesak, marokoarrak eta gu. Denok batera ekin diogu Tarkedit leporako (3.450 m.) bideari. Elur geruza gero eta handiagoa da baina bagoaz goraka mandoak aurrean ditugula. Halako batean, 3.000 metrotik gora goazela, mandozainen eta gidarien artean eztabaida gogorra hasi da. Arazoa: mandoek ezin dute aurrera jarraitu izotzagatik eta planto egin dute. Gure artean ere zalantzak eta eztabaidak sortu dira. Aterperako bi ordu falta zaigu eta bihar egun osoa behar dugu (16 ordu) gailurra egin eta beheko aterpera itzultzeko. Mandoetako zama gure motxiletara pasa behar dugu eta ez daukagu gailurrera iritsi gaitezkeen ziurtasunik. Azkenean, penaz baina zuhurtziaz, mandoekin behera egitea erabaki dugu. Frantsesak, mandorik gabe doazenez, gorantza jarraitu dute. Jeitsiera azkar egin dugu baina nekatuta eta etsita gaude. Usteak ustel gertatu dira baina hoek ez du beste erremediorik eta hurrengo egunean pentsatu behar dugu.

Ostegunean, egunero bezala, gosari ederra egin ostean, 9:00etan atera gara Arous herritik beherantz, Ait Bouguemaz ibarrean zehar. Gaurkoa egun lasai dela dirudi. Bi ordu egin ondoren tea hartzera gelditu gara. Gero gustora bazkaldu dugu erreka ondoan eta Tabant herria igaro ondoren Gite D' Ait Ayoud aterpean hartu dugu ostatu. Eguna motza da eta musean aritu gara, jo eta ke, garaipena lortu nahian eta eguna luzatzeko asmotan.

Ostiralean egun eguzkitsuarekin esnatu gara. Herri zeharkatuz dinosaurioen hanka markak ikustera joan gara. Mendian gora lepora iristean artzaiarekin egon eta zerbait jaten gaudela, ohitu gabeko irudia ikusi dugu: gizon bat oinez eta mandoarekin eta alboan emaztea, mandoak hainako zama daramala bizkarrean. Gizona zamarik gabe, noski. Halako irudia oso normala dela hemen diosku Mohamed gidariak gure galdera maltzurrei erantzutean. Herrietatik pasatzean emakumeak erreka inguruetan biltzen dira arrikua egiteko, umeak jolasean dauden bitartean. Erropak bazter guztietan esegita, koloretako kate luzea egiten dute. Gaur goiz iritsi gara aterpetxera. Ez dago inor eta zaintzailearen bila joan dira inguruko mutiko batzuk atea zabal dezan. Etxea handia denez ez dago arazorik gelak banatzeko. Tea hartu eta musaldia afal ordura arte eta goiz ohera. Etxe barruan lumazko txamarrekin gaude bestela ez gara berotan sartzen eta. Hau da hemen daramagun bizimodu “neketsua”.

Larunbatak egun ilun eta euritsuarekin esnatu gaitu. Gosaldu presarik gabe eta beheko herrirako bidea hartu dugu. Mandoak aurretik joan dira eta gure martxa azkarra den arren busti-busti eginda gaude berehala. Etxe bateko aterpean sartu gara baina geldian hotza zentitzen dugu eta aurrera goaz. Mohamedek autoz jeisteko aukera eskaini digunean ez dugu zalantzan jarri bere proposamena. Bitartean etxe batera erman gaitu eta tea, ogiopilak olioarekin atera dizkigu gizon gazteak. Aterpean ondo gaude baina teak ere ez gaitu berotan sartzen. Etxeak buztineakoak dira eta animaliak ere etxepean daude. Itxuraz etxe kaxkarrak dira baina barrutik ondo daude. Argi indarra badaukate eta egongelan telebista daukate. Lurrean alfonbra gainean jarrita edo etzanda egiten dute bizimodua. Ordu bete pasa ondoren iritsi da gure furgoneta, hurrengo herriko azokatik, eta han sartu gara animaliak eramateko tokian. Bideak erreka dirudi eta furgonetak, uretan doan itsasontzi zaharra. Elurra ari du eta bide bazterrak zuritzen hasi dira. Halako batean iritsi gara gaurko aterpetxera eta berotzeko berehala atera digute tea eta bazkaria: entsalada tortila marokoarra (pisto antzekoa) eta sagarrak (hemen asko dauzkate). Ondoren berriz tea mus partidari hasiera emateko. Bazkal aurretik poliziak deitu dio Mohamedi gure datuak eskatzen. Badirudi, eguraldi txarretan galtzelko arriskua dagoenez, trekinga egiten dauden kanpotarrak kontrolatzen dituztela. Gaurko afaria goiz da: Harira (sopa), espagetiak eta etxeko arrautzekin egindako tortila. Afal ondoren, egunero bezala, berbena belarrarekin egindako infusioa. Gauean txixa egitera jeikitzeko primerakoa.

Igandean, jeiki orduko nabari dugu argitasuna. Zerua urdin eta lurra txuri dago. Elurretan errazago ikusten dira lurrezko hormak dituzten etxeak. Gosaldu ondoren, 9:30etan atera gara mendira. Lepora iristean ikuspegi polita dago gainetik begiratuta. Bestaldeko bailarara jeitsi eta, errekaz gora, herrixka batera iritsi gara. Umeak eta andrak elurra kentzen dihardute. Gizonak, egunero bezala, ikusmiran eta berriketan. Tea hartzera gonbidatu gaitu etxe bateko nagusiak eta guk ezetzik ez, bada ez bada. Terraza antzeko teilatuan hartu dugu tea. Ogia eta oliaoa ere ez dira falta. Gure atzean zintzilikatuta dauden arropa artean Ezpeleteko kamiseta dago. Ondoren 2.100 m.ko lepo batean, Mohamedek eta Alik beraien errezoak egin eta gero, gailurrera (2.300 m.) igo dugu. Gure atzean Azourki mendia ageri da. Erreka ondoan bazkaldu ondoren, gaztelu bat duen mendi tontorrera igo eta aterpetxera itzuli gara.

Gaur, astelehena, Marrakechera goaz. Gure motxilak eta petateak prestatu ondoren furgonetan sartu eta bidaiari ekin diogu. Bide ertzetan elur piskat dago baina ez dago inongo arazorik. Azilal herrian bazkaldu eta gero, Ouzoudeko ur jauzia ikustera joan gara. Lekua ikusgarria da baina turistak erakartzeko aproposa. Marrakachera bidean jende asko dabil bide, ertzetan aurrera eta atzera, bizikletaz eta oinez. Ez da erraza ibilgailu hauentzat. Hemen ere kamioiek eta autoek egintzen dute. Bizikletaz ibiltzea arriskutsua da bide hauetan.

Haritz

Haritz 2015-01-13 16:19 #1

<p>Ederra benetan!</p>


Utzi iruzkina: