Marcialonga 2015: bezperako prestaketak

Alberto Ibiltarixanak | 2015-01-24 00:00

Gosaldu ondoren, gelan egoteko astirik gabe, Eliseo jeitsi da eski-gelara eskiak prestatzera. Gabrielek ere berehala hartu du bide bera. Gaur lasai ibili behar ginelakoan nengoen baina nire lagunak ez daude txantxetarako. Ni iritsi naizenean erabat konzentratuta daude biak eskiak prestatzen: parafinatzen, argizaria ematen, garbitzen, plantxatzen...eskiak tartean daudelako, bestela pentsatuko nuen hoteleko zerbitzariak direla.

Finlandia zeharkatu nuenean ikusi nuen, estrainekoz, argizaria ematearen liturgia. Ez nuen uste nire burua aurkituko nuenik halako zereginetan. Gezurra badirudi ere oraingoan burubelarri sartuta gaude. Bueno, hobeto esanda, sartuta daudenak beste bi hauek dira. Ni ikusle, ikasle eta laguntzaile apala besterik ez naiz. Eskiak garbitzen bakarrik uzten didate, badaezpada. Horrela hasten da bat eta laster maleta batekin ikusiko nauzue, tramankulo hauek daramatzatela: laneko mahaia, eusgarriak, argizariak, parafina, disolbatzailea, zepiloak,...ez dut jarraituko inor ez azpertzeko baina zerrenda oso luzea da.

Norvegiarrrak ere etorri zaizkigu gelara euren eskiei argizaria eman asmoz baina, gure txanda denez, alde egin behar izan dute, guk bukatu arte gure lana. Ordu batak aldera bukatu dugu eta ondoren eskiak eta botak irteera puntura eraman ditugu bertan dauden eta Martin eta Marisaren autokarabanara. Horrela bihar goizean esku hutsik joango gara autobusean Mazzin herriko irteerara. Hemen ere denak eskiak prestatzen daude, bakoitzak bere tramankuluak elur artean jarrita. Eskerrak eguzkitan daudela, bestela ez da giro hotz honekin.

Ondoren, egunero bezala, eski-gelan egin dugu bazkaria. Afaria eta gosaria hotelean egiten ditugu baina bazkaria gure kontura da eta zerbait pikatuta konpontzen gara. Nolanahi ere, ardoa ez zaigu falta.

Arratsaldean Cavalessera joan gara autoa bertara eramatera. Izan ere biharko helmuga Cavalessen dago eta bukaeran autoa gertu izan nahi dugu, lehenbailehen itzultzeko Moenako hotelera. Zorte handia izan dugu eta helmugatik ehun metrora utzi dugu autoa. Gero autobusez bueltatu gara Moenara. Kaleak musikaz eta argiz apainduta daude. Garagardo pare bat hartu eta berandu baino lehen, hotelera afaltzera, bihar goiz jeiki behar dugu eta.


Utzi iruzkina: