Lecherines: mala letxea ezinez

Alberto Ibiltarixanak | 2014-03-09 00:00
3

Asteburuan sekulako eguraldia emana dago eta atzo iraupen eskia egin nuenez gaur mendiko eskia egitea erabaki dut. Horretarako Mertxeri eta Pakeri raketaz ibilaldia egitea proposatu diet nik eskiekin Lecherines aldera igotzen dudan bitartean.

Aisa herria pasa eta iparralderako bidea hartu dugu. Abiapuntua ohiko lekutik baino beherago dago elurrak ez digulako uzten goraino igotzen autoz. Beste askok ere leku beretik hasi dute ibilbidea. Gorakoan, Estarrun errekastoa pasa ondoren, boskote bat aurkitu dut eta euren atzetik joan naiz. Aspe mendirantz jo dugu gainez gain eta, GR11 adierazten duen seinalean (1650 m.), eskubira hartu dugu, Riguelo bailaran sartuz.

Nire aurreko taldearekin elkartu naiz eta denok batera egin dugu. Bostak nafarrak dira, Aritzu herrikoak edo ingurukoak. Atseden txiki bat hartu dugu kutxilak jartzeko eskietan, elurra izoztuta dago eta. Beraiek Sombrerora joatea erabaki dute eta ni ere bat nator. Elurra ondo dago eta beraien atzean lasaiago eta seguruago noa.

Azken maldan elurra bigunagoa dago baina arazorik gabe egin dugu gora. Sombrero (2562 m.) gaina hartu eta egonaldi labur bat egin ondoren, behera jotzeko asmoa adierazi dute nire bidelagunek. Elurra bigunegi jarri baino lehen hobe dela jeistea diote eta guztiz ados nago ni ere. Beraz, larruak kendu, argazki batzuk atera eta jeisteko prestatu gara.

Hasiera hasieratik ez naiz eroso aurkitu elur hartan. Berehala ezkerrera biratzerakoan eskia elur barrura sartu zait eta gorputzak bira osoa egin du. Kriston kraskada sentitu dut eskubiko belaunean eta lurrera erori naiz postura txarrean. Zerua urdin-urdina dago baina izarrak ikusi ditut. Minutu batean, erreskatea, helikopteroa eta ospitalea etorri zaizkit burura.

Baina hurrengo minutuan, lasaiago, zutik jartzen ahalegindu eta biratzeko gai naizen ikusi. Nafarrek asko animatu naute eta laguntza handia eskaini didate. Beldurrez eta tentu handiz, behera jeisten hasi naiz eta hainbestean, berehala konturatu naiz iristeko gai naizela. Ez dut arriskatu nahi eta poliki biratzen dut baina uste baino lehen iritsi gara errekastora. Lasaitu ederra hartu dut. Beste sorpresa bat: Hemen Imanolekin egin dut topo. Imanol Mendikute, nirekin Laponian egondakoa, beste lagun batzuekin Aspen izan dira eta asko gozatu dute jeitsieran. Nire belauna dela eta ez diot jaramon askorik egin.

Nafarrak aterpearen ondoan gelditu dira zerbait jaten. Nik autorako bidea egiten jarraitu dut, han zain dauzkat eta Mertxe eta Pake. Esker mila, Juantxo, Gorka, Jabi, Alberto...zuen animoei esker errazago iritsi naiz behera. Hurrengo arte.

Azkenik nire lesioaren tamainaz pentsatzen egin dut azken zatia. Uste dut ligamentuak puskatuta dauzkatela baina, ez dakit zihur, ez dut izan inoiz halakorik eta. Bihar edo etzi ea zer esaten didaten medikuek. Bitartean mala letxea pasatzen ahalegindu beharko naiz.

Oixe

Oixe 2014-03-12 00:24 #1

<p>Animo Agirre, behar bada pentsautakua baino xuabiagoa izango da lesinua.&nbsp;</p>

Haritz

Haritz 2014-03-30 22:34 #2

<p>Enterauta gaoz ezer ein gabe pare bat egun ein zendula ozta-ozta, jejeje. Oin Portugalen puntuak irabazi, gero Alandalus aldian trankil gastatzeko. Animo!</p>

Lillo

Lillo 2014-03-31 22:38 #3

<p>Pico Sombrero...! Bai, txapela kentzekua...</p>

<p>Ze, Albert, daguaneko errekuperauta ala? Bizikletan ikusi haugu, ligamentuak saniatzen... Hi Lekitto bedarra haiz, hi...! Besarkada bat.</p>


Utzi iruzkina: