Gorobel mendilerroa

Alberto Ibiltarixanak | 2013-06-29 00:00

Beasaingo lagun bareekin egiten dudan urteroko irteera iritsi da. Aurten Urduñara goaz eta oinarrizko kanpamendua hemen jarrita irteerak egingo ditugu. Aurten ere Martin izanda ibilbideak prestatu dituena eta jakin badakigu ez digula kale egingo. Landetxe bat hartu dugu hemen eta hamar lagun elkartu gara.

Lehen egunean Gorobel mendilerroan ibiliko gara. Enkargatu bezala, eguraldi ederra daukagu. eta Landetxetik bertatik irtenda Lendoño auzora jo dugu wikiloc-etik jaitsitako tracka jarraituz. Auzo honetatik abiatu nintzen Gabonetan Tologorri mendira Leire eta Jonekin. Laster Tologorri azpian gaude eta orain hasten zaigu aldaparik gogorrena Portillo de Aro lepora iristeko.

Zulatu bati esker atsedena hartu dugu eta aldapa igotzeari ekin diogu. Banan bana iritsi gara gaina hartzera, bakoitza bere martxan. Gozamena orain hasten da. Gainez gain ibiliko gara egun osoan. Handik lasterrera ogitarteko bana jateko gelditu gara eta bi botila ardo hustu ditugu denon artean. Eskerrak ez digutela egingo kontrolik, bestela EPO arrastoak baino ardoarenak aurkituko lituzkete.

Ondoren Txarlazo gailurrera iritsi gara. Antiguako amabirjinaren oroigarri azpian azgazkiak atera eta bertako ikuspegiaz gozatu ondoren aurrera egin dugu Praileburuaren ondotik Burgos aldera doan errepidea iritsi arte. Hemendik Nerbioi ibaiaren iturburua ikustera joan gara inguruko bidezidor malkartsua zeharkatuz. Azkenik Delika arroila inguratuz beherantza egin dugu jeitsiera gogor eta azkar batean Urduñara heldu arte.

Etaparen tracka: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=3653699


Utzi iruzkina: