Motibazioa
Asko harritzen nau hainbat pertsonek gure morala altxatzeko duten gaitasunak. Gauzak egitera animatzen gaituzte, arazoak beste modu batez ikusten laguntzen gaituzte, buruan sartzen den haize bolada bat bezalakoak dira. Proiektu berriak eragiten dizkigute, ideia izatera laguntzen gaituzte. Astelehenean horrelako pertsona baten hitzaldira joan nintzen, Gioconda Belliren hitzaldira hain zuzen. Aretoa emakumez beteta zegoen, gizon gutxi, gutxiegi. Aurpegietan barre urduriak nabari ziren; eta hasi zen hitzaldia. Zenbait poema irakurri zizkigun gero baita liburu berriaren hainbat zatitxo ere. Eta amaitzean, etxera heldu eta ziur hainbatek idatzi egin zuela. Idaztera, komunikatzera animatzen duelako. Oso bestelakoa gauza gertatzen da bizitzaren esparru gehienetan. Ez gaituzte ezertara animatzen, ez motibatzen. Hau da nire ustez gizarte honen gaitzik sakonenetakoa. Eta idaztera ez gaituzte, ezta ere, animatzen. Horregatik pozten nau Gioconda edota Eva Forest moduko idazleak egon izana; motibatzea lortzen dutelako. Unibertsitatean ordea, zenbait irakaslek, ez gaituzte animatzen; hizkera gogorra erabiliz, akojonatu egiten gaituzte, besterik ez. Zalantzen itsasoan murgiltzen gaituzte. Eta idazten hastean beldurrez hasten gara. Irakasteko metodo eraginkorra den ez dakit, asko ikasten dugun, ez dakit baina onena, eta honetaz ziur naiz, ikasleak beste itsaso batean sartzea da. Ozeano batean hobe. Bertan, idatziz eta idatziz, ozeanoaren hondoa ezagutuko baitute, bertan ezkutaturik dauden altxorrak aurkituko baitituzte; hazi egingo direlako. Baina beldurren eta zalantzen itsasoan murgiltzen gaituzte; hondartzan geratuko gara; eta hondartzatik ez ditugu altxor horiek inoiz ezagutuko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: