[Ziberfeminismoak] VNS Matrix 30 urte beranduago
Pilula urdina hartzen baduzu, istorioa amaitu egiten da: zure ohean esnatuko zara eta sinetsi nahi duzuna sinetsiko duzu. Pilula gorria hartzen baduzu, Lurralde Zoragarrian (Wonderland) geratuko zara, eta untxi-zuloa zein sakona den erakutsiko dizut.
(Morpheus, The Matrix)
Cameron Hurstek VNS Matrix kolektiboak [Virginia Barratt, Francesca di Rimini, Julianne Pierce eta Josephine Starrs] 1991ean sinatu zuen manifestu ziberfeminista berraztertu du XXI. mendeko ikuspegitik.[1] Hauek gako nagusiak:
VNS Matrix-pilled izenburuari dagokionez, The Matrix filman agertutako pilula urdin eta gorria gogora ekartzeaz gain:
Trumpen osteko garaian, *-pilled* atzizkia pop kulturako meme eta txantxa bihurtu da. Norbaitek *something-pilled* (zerbaiten pilula hartua) dela esaten duenean, ideologia berri bat bere egin duela adierazten du, sarritan ironia-puntu batekin.
VNS Matrix eta bere manifestuaren testuingurua:
VNS Matrix sarean eta sarerako eginiko artean (net art bezala ezaguna) aitzindari garrantzitsuenetakotzat jotzen diren artista talde australiarra da. Kideek xede zuten 1990eko hamarkadako ordenagailu-kulturaren joera patriarkalaren aurrean kontrapuntu feminista bat sortzea. Haien lanak sexua, generoa eta teknologiaren arteko harremanak aztertu zituen; horien artean ezagunena A Cyberfeminist Manifesto for the 21st Century (1991), arrosa koloreko diseinu grafikoa duen kartela; bertan, testu-bloke bat ageri da, bagina eta begi itxurako ikurrez osatutako ertz apaingarri batez inguratuta.

Iturria: VNS Matrix kolektiboak 1991n argitaratu zuen manifestu ziberfeminista.
VNS Matrix-ek «manifestu» hitza eta «cyber-» aurrizkia erabiltzean Donna Haraway eta bere Ziborg manifestuari egindako omenaldi nabariak dira. Eragina izan zuten ere taldeak garai hartako erreferene feministekin izandako hartu-emanek: Luce Irigaray eta Monique Wittig bezalako feminista frantsesak, besteak beste. VNS Matrixek frantziar feministen funtsezko hitzak eta kontzeptu bereziak bereganatu eta beste erabilera bat eman zieten.
XXI. mendeko ekarpenak:
XXI. mendean erreferentziazkoak izan diren Manifestu xenofeminista (Laboria Cuboniks: 2018) eta Xenofeminismoak (Helen Hester: 2018) ekarpenetan VNS Matrixen manifestua aurrekari esanguratsu bezala aipatzen da, baita han ageri ziren probokazioen garapena egin ere. Hori bai, ardatza dagoeneko ez da artea izango, baizik eta zientzia politikoa eta osasun arloko justizia bezalako gaiak. Aldiz, 2020an Legacy Russellen Glitch Feminism: a Manifesto lanak fokua jarri zuen Feminismo Beltzean eta zuritasunak duen zentraltasunaren kritikan.[2]
VNS Matrix berrikusteko hiru proposamen:
Hurstek VNS Matrix egungo diskurtsoetatik aztertzeko hiru proposamen egiten ditu:
1- Familia-ordenagailua abolitu.
Ordenagailuen kulturak sarritan egitura sozial patriarkalak islatzen ditu, eta hori aldatu egin daiteke -eta aldatu egin behar da. Helen Hesterrek dioen gisan: «teknologia soziala da, jendartea teknologikoa den hein berean». VNS Matrixek elementu grafiko futuristak gehitu zituen eta teknokultura hipermaskulinoen gehiegikeriak kritikatu; baita emakumeek eta pertsona kuirrek teknologia digital berrietara hurbiltzeko oztopo ziren egitura patriarkalak aldatzeko asmoa adierazi ere. Aita handiaren ordenagailu nagusia (big daddy mainframe) saboteatzera dei egitean, jarraitzaileak sisteman infiltratzera eta haren kontrola hartzera bultzatu nahi zituen. Praktikan, sistema bera suntsitu baino, bilatzen zena zen zibernarratibetan maskulinitateari lotutako konfiantza eta gaitasun teknikoen ilusio kulturala haustea.
2- Sexu praktikak izan Matrixen.
Xenofeminismoaren antinaturalismotik zalantzan jartzen direnean gorputz naturalaren lehentasuna eta legitimitatea, VNS Matrix-ek sexuaren, generoaren eta teknologiaren inguruan dituen ideiak antzematen dira. Helen Hesterren aburuz, «biologia ez da patua, biologia bera teknologikoki eraldatu ahal baita -eta eraldatu egin behar da- ugalketa-justizia eta generoaren eraldaketa progresiboa helmugan izanik». VNS Matrix-eko kideek ikertu zuten teknologia digitalen bidez ziborg sexualitate kuirra nola adieraz zitekeen.
3- Ziberespazioa Lurralde Indigenan hasten da.
Hego Australian izandako garapen teknologikoaren historia koloniala eta VNS Matrix taldearen net art historia banaezinak dira. VNS Matrix taldeak adierazpen publikoak egin ditu, beren arte-jardueraren testuinguru kolonial-kolonizatzailearekiko konpromisoa erakusten dutenak eta aitortzen du helburu dutela NAGUSITASUN ZURIA DEUSEZTATZEA.
Ondorioak
Hursten aburuz, dena aldatu da eta, aldi berean, ezer ez da aldatu.
Manifestu Ziberfeminista argitaratu zen garaian, Silicon Valleyk irabaziak lortzearekin obsesionatutako gizonen kluba ematen zuen. Gaur egun, termino horrek botere teknologikoan eta finantza-kapitalean oinarritutako mundu-ordena hegemonikoa adierazten du.
Orain da mundua «berreskuratzeko» unea: teknologia-enpresa handien (Big-Tech) eta Wall Streeten aurkako erresistentzia hazten ari da. Hori dela eta, ziberfeminista aitzindariak gogora ekartzeak ikuspegi kritikoan lagun diezaguke. VNS Matrixen ikuspegitik:
-
Interneten bizitza ez da emozionalki neutroa; aitzitik, sentitze-egitura generizatuko eremua da.
-
Sexuan teknologia gero eta bitartekoagoa izango da; horrek plazer berriak eta gorputz-agentzia mota berriak bilatzeko aukera dakar.
-
Net art-a gero eta legitimatuagoa dago akademian eta erakundeetan; hala ere, kritika dekolonialek erakusten dute ikuspegi teknomaterialista funtsezkoa dela: izan ere, digitala den guztia mundu fisikoan hasten da.
Finean, Hurstek ondorioztatzen du VNS Matrixen ideiek gaurkotasuna mantentzen dutela eta azken hamarkadan garaturiko ziberfeminismoetan isla dutela.
_________
[1] Hurst, Cameron. (2023). VNS Matrix-Pilled: Three Propositions for Revisiting 1990s Cyberfeminist Art Now. Australian and New Zealand Journal of Art, 23:1, 43-60, https://vnsmatrix.net/wordpress/wp-content/uploads/VNS-Matrix-Pilled-Three-Propositions-for-Revisiting-1990s-Cyberfeminist-Art-Now.pdf
[2] [Glitch-a definitzen lagun dezaketen zenbait aipu] Glitch-a mekanika teknologiko hutsetik haratago doan zerbait da: laguntzen digu porrota indar sortzaile gisa bizitzen, munduari aurre egiteko modu berri gisa. Glitch-a akats bat da, nolabaiteko kaosa eragiten duen istripu. Tresna da: malware soziokulturala. Glitch-a desinformazioa da eta era biralean hedatzen da generoaren arkitektura ahultzeko, oinarri-oinarritik astindu eta bere baitako gezurra agerian uzteko. Akatsik zoragarri eta ederrenak gara. Hemen gaude oraindik: algoritmoaren barruko akatsa. Ez gara, ordea, esanahirik gabeko signifikante hutsak; ez gara inora ez daramaten hiperestekak. Nahieran berrantolatuko dugu geure burua. Aldaketak eta berkodeketak eginez, geure izenak aukeratu, geure familia eta komunitateak eraiki eta harrotasunez egiten dugu huts orainaldian, etorkizun berriak amesten ditugun bitartean. (Glitch feminism: a manifesto)
![[Ziberfeminismoak] VNS Matrix 30 urte beranduago [Ziberfeminismoak] VNS Matrix 30 urte beranduago](/media/photologue/photos/cache/makep_profile.jpg)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: