Maiatzak 1a - 1886tik 2007ra
Gaur maiatzaren bata ospatuko da mundu osoan. Ospakizunaren sorburua 1886ko maiatzaren bata da, egun hartan greba orokorra izan baitzen Amerikako Estatu Batuetan 18 ordu eta gehiagoko lanaldia gaitzesteko eta zortzi orduko lanaldia aldarrikatzeko. Iraultzaren epizentroa Chicago izan zen, inmigrazio-tasa altuko hiria -errusiarrak, poloniarrak, irlandarrak, alemaniarrak eta frantsesak-. Proposatutako lanaldia, aldiz, begi txarrez ikusi zen eta poliziaren errepresio oldarkorraren balek grebalari ugari hil zituen. Kaosaren erdian, ustez poliziaren aurkako bonba batek leher egin zuen. Polizia bat hil zuen. Gertakari hark "Haymarket-eko atentatua" izena hartu zuen eta sei langileren atxiloketa eta auzipetzea ekarri zuen, langileen erruduntasuna sekula frogatu ez zen arren. "Chicagoko martiriak" izena eman zitzaien. Seiei urkamendirako heriotza-zigorra ezarri zitzaien, nahiz eta biri bizitza osorako bortxazko lanen ordez konmutatu zieten. Bigarren Internazionaleko Biltzar Konstituzionalaren itxiera-ekitaldian, 1889ko uztailaren 20an, Parisen, 1890. urtetik maiatzaren bata ospatzea erabaki zen eta egunari Lanaren Eguna deitu zitzaion. Horrela, hiru urte lehenago gertatutakoa gogorarazi nahi zuten herrialde guztietan, aldi berean zortzi orduko lanaldiaren aldarrikapenari segida emanez.
Egoera ezberdinak, kapitalismo iraunkorra. Argi dago gaur egungoa ez dela 1886ko maiatzaren bateko egoera berdina, hura izanagatik 1890etik urtero ospatzen den egunaren abiapuntua. Langileriaren aldarrikapenak ere ez dira garai hartakoak. Garai hartan kapitalismoak bere aurpegirik basatiena erakusten zuen, amaigabeko ordutegi eta soldata miserableekin. Orain, ordea, kapitalismoak bizirik iraun behar du eta horretarako "neoliberalismoz" mozorrotu da, aurpegi gizatiarragoa erakutsi eta ekintza handiagoak "baimentzeko". Orduko lanaldia 18 ordukoa zen eta oraingoaren bataz bestekoa 8 ordukoa da. 2006an, aldiz, langileen gaitza prekarietatea da, bai bertako langileen kasuan, bai hirugarren mundutik gure herrialdera eta oro har Europara datozen inmigranteen kasuan. Horren seinale, Hego Euskal Herrian 2005ean sinatutako lan-kontratuen %92,6 aldi baterako kontratuak izan ziren. Antzeko zerbait gertatzen da Espainiako eta Frantziako estatuen gainerako lurraldeetan. Frantziako Estatuan hain zuzen, azken aste eta hileetan ikasleek eta langileek mobilizazio handiak egin dituzte. Garai hartako langileen erantzuna bateratuagoa zen, kapitalismoaren mailuak langileria osoaren aurka jotzen zuelako. Gaur egungo langileen erantzuna, ordea, nagusi den banaketa sindikala kontuan hartuta, kapitalismoak lan-harremanetan sorrarazi duen zatiketaren esklabu da. Orain lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak sortzen dira baliagarri den kontratu mota kopuru zenbatezinaren erruz -finkoak, etendunak, etengabeak, aldizkakoak, ordu batekoak, bost ordukoak, hile batekoak eta abar-. Era berean, lehen, bigarren eta hirugarren mailako langabetuak daude, batzuek sorospenak kobratzen baitituzte eta beste batzuek ez. Gauzak horrela, kapitalismoak kontrolpean dauzka langileak, ezarritako baldintzek ez baitute erantzun bakar eta bateraturik ahalbidetzen. Eta sindikatuak, salbuespenak salbuespen, erabat burokratizatu dira eta kapitalismoaren koltxoi bihurtu. Eta egoeraren kudeatzaileak, kasuan kasuko patronalak dira. Langileria zatituta eta sindikatuak burokratizatuta, kapitalismoak baldintzatutako kontsumismoak eta ongizateak aurrera egiten duen heinean, normala da maiatzaren batak gero eta kafeina gabeagokoak izateaĆ Egoerak langileak eta hiritarrak banatzen ditu eta pixkanaka-pixkanaka, eguna jaiegun bihurtzen da, aldarri-eguna izaten segi beharrean. Langileriaren zati handi batek aisiari eta atsedenari eskaintzen die egun seinalatuaĆ Kapitalismoak ez du kontzientziarik ez nortasunik galtzen eta bizirik irauteko beharrezkoak zaizkion baldintza berrietara moldatzen da, esplotatzen jarraitzeko, eta milioiak eta milioiak poltsikoratzeko etekinetan. Langileria, ordea, kontzientzia eta nortasuna galtzen ari da, eta gero eta elkartasun gutxiago erakusten du. Hortaz, kapitalismoa garaile da oraindik, zoritxarrez. Ezkutuan egindako hitzarmen lotsagarrien erruz, zenbait sindikatuk erantzukizun handia dute horretan guztian.
Inmigrazioa. Lan-prekarietatea baldin bada egungo lan-egoeraren ezaugarririk larrienetakoa, Hegoaldetik Iparraldera datorren inmigrazioak are arazo latzagoak eransten dizkio gure biziraupenari. Eta langileriak eta sindikatuek arazo hori konpontzea lehenetsi beharko lukete. Afrikatik milaka pertsona etortzen dira ezer gabe Europara, etorkinen paradisu partikularrera. Eta ehunka afrikarrek bizitza galtzen dute etortzeko saiakera frustratuetan. Ekialdeko Europatik eta Hego Amerikatik datozenak ez dituzte hain baldintza txarrak jasaten. Chicagon 1886an eta AEBetako beste hainbat hiritan bezala, egoera hori bolborategi handi bihur daiteke hainbeste liskar sutsuren artean. Maiatzaren batak eta urteak oro har egoeraren larritasunaz jabetzeko balio beharko lukete, Hegoak eta Iparrak elkarrekin lan egiten hasteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: