Igandeko egun pasa
Bazkari-eguna Zarautzen. Lagunarteko festa.
Goizeko bederatziak. Hiru lagun abiatu gara oinez Igeldoko kanpinean. Euria goien-behean. Aterrunerik gabeko jasa. Guardasoletan babestuta egin dugu bidea. Ez dabil haizerik, zorionez. Bideak eta bide-zidorrak erreka bihurtuta. Ur emana ikusgarria da.
Diren zuloak oro bete ditu urak. Hamarna dakusagu bare eta zizareak zoruan. Arrantzaleen poza egingo lukeen neurriko zizareak. Oinak plisti-plasta oinetakoetan; prakak ipurmasailetara jarioan bustiaren zamaz. Euriaren hotsa baizik ezin aditu.
Autoren batzuk igaroan. Boluntario eta laguntzaileak Donostiako triatloierako anoa-puntuak prestatzen ari. Bapatean, bi gizaseme kirol-jantzian bide zidorrean gora lasterka. Orioko arraunlariak hauspoa indartzen, beharrik balute. Atzerago beste bat eta, gero, beste bat ere bai. Gaur traineruan tostarik gabe geratuak, beharko lan gogorrean tematu bihar-etzi lekuren bat lortuko badute hamahiruko koadrilan.
Hamaika t’erdiak. Kafesne beroa Orion eta berriz bidean. Lehen euri lodi izana, dezente mehetu da orain. Talai-mendiren oinean baserritarra aizkoran. Maldaren amaieran Zarauzko kanpina. Iñurritzaranzko jaitsiera, ibilbideko irristalekurik arriskutsuena gertatu zaigu. Ordu bata. Zarautz.
Elkartean mahaiak atonduta. Adin guztietako umeen burrundara. Aspaldian ikusi gabeko lagunekin solas. Aurrerago, elkarrizketak ohikoan errenditu dira. Ura bere bidean.
Iruzkinak
Lagun izoztua 2008-09-01 12:18 #1
<P>Habailari izateak badu nahiko meritua.</P>
<P>Seme-alabentzat, hire barnearentzat, ... edozeinentzat, badaukak zer esana ta eder adierazteko gaitasuna ere bai.</P>
<P>Eutsi horri!</P>
Utzi iruzkina: