Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak eta Zuhaitzeko Ekintzaileekiko
Sostengu Taldeak antolatuta, manifestazio jendetsua egin da gaur
arratsaldean, Ordiziako plazatik hasita Legorretako Berostegi
auzoraino, AHTren obrak salatuz eta baso mozketa eragozteko asmoz
zuhaitzetatik zintzilik dauden lagunekin bat eginez. 400 lagun inguruk
babestu dute astelehen gauetik hainbat ekintzaile aurrera eramaten ari
den erresistentzia eta desobedientzia ekintza. Gaurko manifestazioan
parte hartu dutenak Legorretako Kortatu eta Olalde baserri
inguruetaraino gerturatu dira, haiei ere sostengua emanez martxaren
bitartez.
Zuhaitzeko Ekintzaileekiko Sostengu Taldeak lur espropiatuetan
altxatu duen kanpinen ondoan amaitu da manifestazioa, merienda baten
bidez, mokadutxoa eskaini baizaie bertaratutakoei.
Honako hau da,
manifestazioaren amaierako mezua:
"Joan den asteleheneko gauaz geroztik hainbat ekintzaile
zuhaitzetan zintzilik daude amalurraren alde, AHTren obrak eta
baso-mozketa salatzeko eta eragozteko asmoz, Legorreta eta Itsasondo
arteko Berostegi auzotik gora dagoen Zubin errekaren inguruan.
Erresistentziak iraun dezan, 3 pago handitan plataformak jarri
dituzte 20 bat metroko altueran. Era honetan, eta ekintzarekin bat
egiten duen sostengu taldearen laguntzaz, baso-mozketaren lanak behin
baino gehiagotan geldiarazi dituzte, eta azkenean, motozerralariek
Ertzaintzak eskoltaturik bota behar izan dituzte inguruko zuhaitzak.
AHTren obrak euskal lurraldeko toki askotara hedatzen ari dira
gaur egun eta horrek eragindako triskantzak eta desmasiak inguru
kaltetu askotan ikus ditzakegu nabarmen. Berostegin zuhaitzak mozteari
ekin diote, porlanarekin betiko negozioa egiteko eta, aurrerapenaren
izenean (nola ez!) sistema ekonomiko eta harrapatzaile bat elikatzeko.
Erresistentzia ekintza honek Amalurraren txikizioa salatu eta
ekiditeaz gain, deialdi bat egin nahi du, Goierrin eta gainerako herri
guztietan AHTren eta kapitalismo suntsitzailearen aurkako borrokari
indar berri bat emateko.
Desobedientzia eta ekintza zuzena hautatu dugu, gure ekintzen
erantzule osoak garelako eta jendartearen autoorganizazioaren aldekoak
garelako. Desobedientziaren alde egiten dugu, halaber, agintekeriarik
onartzen ez dugulako eta lurraren aldeko borrokak zilegitasun osoa
duela uste dugulako. bukatzeko, herritar guztiei AHTk kalteturiko
inguru honetara biltzeko dei egiten diegu, ekintzaileei sostengua
emateko eta AHT nahiz sistema kapitalistarekiko ezadostasuna
adierazteko. Eta jende guztiari, halaber, herri herri antolatzeko eta
egungo gizarte eredua zalantzan jartzen duten elkartasun eta
elkarrekiko loturak eta harreman sareak sendotzeko animatzen diegu,
baita borrokan segitzeko ere.
Desobedientzia eta ekintza zuzena!! AHTrik ez!!!"
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana
Zuhaitzeko Ekintzaileekiko Sostengu taldea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: