AHTa eta desjabetzeak Tolosako Elkarlanaren azken hitzaldia.
AHT eta DESJABETZAK
Ostegunekoa, Tolosaldeako AHTren aurkako taldeak antolaturiko
hitzaldien hirugarren saioari indarrez ekin zioten, EHNE sindikatuko
lehendakari den Enekok, EHNEko abokatu Onintzak, AHT Gelditu!
Elkarlanako Milak eta AHTa egingo balitz desjabetua izango litzatekeen
Agurtzanek.
Proiektu erraldoi honek nekazal lur izugarria jango duela denok dakigu;
baina zer gertatuko da desjabetuak izatera derrigortuko dituztenekin?
Agintariek burugabekeri hau “interes sozial edo orokorrekoa” dela
erabaki dutenez (“beren interes ekonomikoa” besterik ez dela argi eta
garbi utzi badute ere), desjabetuek euren eskubide arruntak galdu eta,
lege aldetik behintzat, ezer gutxi dute egiteko.
Hala ere, txikizioak jango duen lur guztia eta desjabetuak izango
liratekeen jende kopuru altua ikusirik, informatuz, lagunduz eta
elkarri babesa emanez, gauzak aldatu ditzakegula ikus dezakegu.
Onintzak, EHNEko abokatuak, desjabetzeen prozesua esplikatu zigun;
batez ere desjabetuak izango direnen oinarrizko eskubideak jakin eta
legea betearazteak duen garrantziaz hitz egin zigun. AHTaren inguruko
prozesuak, batez ere Eusko Jaurlaritzak egin dituenak, orain arte ez
dira batere gardenak izan, eta are gutxiago legalak.
Beraz, desjabetuak izango direnentzat oso garrantzitsua da beren
eskubideak zeintzuk diren jakitea, eta ez dezatela pentsa gai horretan
beren udalen edo instituzioen babesa jasoko dutenik.
Horrexegatik, AHTa egingo balitz desjabetua izango litzatekeen
Agurtzanek AHTaren aurka aritu direnek emandako informazioa eskertzeaz
gain, desjabetuak elkar ezagutu, hitz egin eta antolatzeko duten
beharra nabarmendu du, elkarri lagundu eta babesteko.
Osteguneko hitzaldian, gainera, zarata, eremu elektromagnetikoa eta
uraren gaiak ere aipatu ziren. Desjabetua ez izateak ez du esan nahi
kalte zuzenik jasoko ez dugunik. Baliteke AHTa nire lurretatik ez
pasatzea, baina etxe paretik pasa eta dezibelio altuek bertan bizitzea
ezinezko egin dezake. Edo urak idortu eta kutsatzerakoan baratze eta
abereen etorkizuna baldintzatzea. Uraz ari garenean ez baitugu edateko
ura bakarrik kontutan hartu behar...
Baina “bigarren mailako kalte” horiek ez dituzte kontuan hartzen, eta
ez dituzte hartuko. Dirudienez, oraingoan ere, herritarroi dagokigu
aurreikuspen horiek egin eta salatzea. Desjabetuak izan daitezkeen
pertsonei mezu garbia helarazi zitzaien: desjabetuek oinarrizko
eskubide batzuk dauzkate eta informatuz, bilduz eta elkarri lagundu eta
babestuz beren eta guztion egoera alda daiteke.
Denon artean AHTa gelditu baitaiteke!
Tolosan astelehenero biltzen dira AHT Gelditu! Elkarlanekoak eta
Goierrikoak asteartero, 19.00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxean.
Informazioa nahi baduzu, animatu eta azaldu!
Edo gure posta elektronikoa erabili dezakezu:
goierrikoahtez "a bildua" gmail puntu com
Iruzkinak
Utzi iruzkina: