Ordizian bi lagun kateatu dira eta obrak gelditu dituzte

Gaur ostirala goizean, AHTren aurkari talde bat Euskal Y rentzat Ordizian hasi dituzten lan eremura sartu eta bi lagun indusmakinetara kateatu dira lepotik helduta zituzten moto kandatuen bidez. Ekintzaren ondorioz eraikuntza lanak bi ordu ta erdiz geldirik egon dira. Berrogei pertsonak kateaketa ekintzarekin bat egin du AHTren aurkako kartelak eta pankartak erakutsiz eta "Makinak kanpora", "AHTrik EZ" eta "Amalurra defenda dezagun" oihukatuz. Denbora luze igaro ondoren Ertzaintza bertaratu eta kandatuak berehala zizaia batekin mozten alperrik saiatu da. Azkenean suhiltzaileen eskuhartzea eskatu dute. Ertzaintzak manifestariak bultzaka kanporatu ditu eta bai poliziak eta bai segurtasun guardiek kazetarien lana oztopatu dute. Jende multzo batek hainbat orduz protesta egin du Ertzaintzaren barreraren aurrean kateatuekiko sostengua eta AHTren kontrako jarrera adieraziz.

Ekintzan parte hartu dutenen oharra:

Ekintza honen bidez AHTren aurkako borrokan desobedientzia aktiboa bultzatu nahi dugu. AHTren obrak Ordizian ilunkeria eta irregulartasunen erdian hasi dituzte: duela lau aste bi mila herritarrek aurkezturiko alegazioei erantzunik eman gabe, lur jabeekiko txantaiak eta presioak eginez, ingurune kaltetuan kontrol poliziala ezarriz eta jendeari bertara inguratzea debekatuz. Obren inposizioaren aurrean erabateko aurkakotasuna adierazi nahi dugu eta lan horiek berehala geldiaraz ditzaten exijitu.

Hori denagatik proiektu suntsitzaile honen aurkako iritzia duten pertsona eta talde guztiei mobilizatzeko eta desobedientzia aktiboaren aldeko urrats berri bat emateko dei egiten diegu. Beraz datorren igandean AHTGELDITU Elkarlanak deituta obreetara egingo den martxara ahalik eta jende gehien biltzea beharrezkoa da, eguerdiko hamabietan Ordiziako arboledatik abiatuta.

2008-05-23 20:12 #1

Ederki, oso burutapen ona!!

Baina lortuko den gauza bakarra obrak luzatu, garestitu eta kalteak handitu. Ez besterik.

Bakarren batek pentsatzen al du XXI. mendean, demokratikoki aukeratutako parlamentu baten gehiengo zabal baten erabakian oinarritutako obra estrategiko bat horrelako ekintzen bidez geldituko dela? Zilegi al da?

Hala beste zerbait bilatzen ari gara? Publizidade hutsa? Norbere egoaren autokonplazentzia?

Mesedez... Argi eduki dezagun obra burutu egingo dela eta horrelako ekintzek kalte besterik ez dutela egiten.

Utzi iruzkina: