Elorrioko batzarraren ondorio nagusiak.


Aurreko larunbatean AHT Gelditu! Elkarlaneko batzar orokorra Elorrion izan genuen. Bertan hitzegindako ildo eta gai nagusiak astearte honetako bileran azalduko badizkizuegu ere, Berriak dakarren artikuluarekin uzten zaituztegu:


Udal berrien «konpromisoa» nahi du AHT Gelditu Elkarlanak

Azken urteko balantzea eta etorkizunera begirako pausoak zehaztu ditu AHT Gelditu Elkarlanak Elorrion

jon rejado

Gasteiz

Erronka garrantzitsuak dituela deritzo AHT Gelditu Elkarlanak datorren urtera begira. Euskal Herriko hainbat tokitan irailetik aurrera lanak hasiko dituztela aurreikusten dute, besteak beste. Horri eta beste hainbat alorri aurre egiteko lan ildoak markatu dituzte Elorrion atzo goizean egindako biltzarrean. Lan ildoen artean dago udal berriei «konpromiso argiak» eskatzea. «Udaletan egondako aldaketak zenbateraino izango diren neurtu behar dugu, baina AHTren inguruko gaiei oztopoak jartzea eskatu behar diegu, besteak beste», azaldu du Gaizka Oiarzabal AHT Gelditu Elkarlaneko kideak.

Abiadura handiko trenaren ibilbidean dauden herri eta eskualde gehienetako ordezkariak bildu ziren bertan, eta manifestazioa egin zuten arratsaldean AHTren aurka Elorrion bertan. Positibotzat jo dute AHT Gelditu Elkarlaneko kideak azken urtean egindako lana, baina aurretik erronka garrantzitsuak dituztela onartu dute, irailetik aurrera obrak hasiko direlako. «Ez dakigu zehazki non eta noiz hasiko diren, baina Itsasondo zundaketak egin dituzte, baita Elorrion ere, Urbinan ematen du obrak hedatzen ari direla...», zehaztu du Oiarzabalek.

Obren hedapen hori gelditzeko hainbat bide jarraituko dituzte. Herri mugimendua egin dezakeen lanaz gain, instituzioek egin dezaketena indartu nahi dute. «Bi bideek helburu bera dute: obrak gelditzea».

URBINAKO LANETARA MARTXA. Uztailaren 21ean Urbinako AHTko lanetara martxa egitea erabaki zuten biltzarrean. Herri mugimenduak egindako lanari buruz ere eztabaidatu zuten, eta orain arte izandako hutsuneak konpontzeko giltzak proposatu zituzten. AHTren aurkako jarrera areagotu egin dela ondorioztatu dute, azken urteko ekimenak ikusita. Dena den, indar hori hobeto bideratu behar dela deritzote. «Herrien dinamika eta elkarlan orokorraren artean desoreka dago batzuetan, eta hori orekatu behar dugu».

Bestelako erronkak ere finkatu dituzte, etorkizunera begira, AHTren kontrako kideek. Mobilizazioen dimentsioa handitzen saiatuko dira, alde batetik. Bestetik, antolaketa egokia lortu nahi dute, datorren urtean izango dituzten «erronkei» erantzun ahal izateko.



Utzi iruzkina: