Izeko Isabel
Aitortu behar dut, penaz bada ere, zutaz ia ahaztuta nengoela. Normala begitantzen zait, badira hamabost urte baino gehiago zure berririk ez dudala eta. Atzo, baina, Bilboko Escolapios eskolan, 10 urteko neskatila batek zutaz galdetu zidan:
- Ez al zuen Izeko Isabelek Blacky maite?
Telebistako futbol partidetan esaten ikasi genuen bezala, jokoz kanpo harrapatu ninduen: Izeko Isabel?
- Bai -esan zidan-, Blacky harena da, baina albaiterorenera eroaten dutenean ez du ezer esaten, ez du hura salbatzeko ezer egiten... Ez al zuen maite?
Eta orduan gogoratu nintzen zurekin, izeko Isabel. Gogora etorri zitzaidan Elantxobeko etxea, Blacky zure txakurra Patxorekin paseatzera irten zenean zenuen begirada eta hark Patxori hozka egin zionean hartu zenuen pena ikaragarria. Zelan ez zenuen maitako ba zure, gure txakurra!
Gero, zu lako pertsonaia intzidentalez oroitu naiz, gertaeren joan-etorrian garrantzirik izan ez eta noizean behin agertzen diren zu lako pertsonaia episodikoez: lanaren atzealdean zaudete, baina inguruari, ohiturei eta historiari buruzko elementuak sartzen dituzue narrazioan, ia oharkabean sartu ere.
Zenbat zarete nire liburuetan? Ahaztuak ditut zuen izenak, zuen izanak, zuen minak eta pozak...
Eskerrak noizean behin irakurle on bat etorri, liburuari eta istoriari arretaz begiratzen dion lagun bat (akaso zurekiko maitasun pixka bat ere bazegoen neskatxoaren galderan, izeko), eta zuek be hor zaudetela, gure ipuina eraikitzen laguntzen diguzuela, ezinbesteko zaituztegula oroitarazten gaituez.
Atzo neskatila batek hau ekarri zidan gogora: Izaroko altxorran kontatzen den guztia gorabehera; Ane, Joseba, Patxo eta Blackyren abenturak alde batera utzita; lapurren gaiztakeriak eta altxorraren benetako pisua bazter eginda, zeu ere nire pertsonaia zaitut.
Muxu bat, izeko Isabel!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: