Euskaldunak Islandian XVII. mendean

getag 1456133226747 G&G | 2008-03-13 15:20
1


 Ezagunak dira joan den mendeetako euskaldunen itsas-abenturak, Atlantikoan zehar eta haratago. Noiz arrantzale edo merkatari, noiz itsaslapur, Hegoaldeko zein Iparraldeko euskaldunek sonatxoa lortu zuten XV-XVIII. mendeetan beren ausardia, trebezia eta bipiltasunari esker.

 Ipar-Atlantikoa izan zuten gure arbasoek, bereziki, beren azioen eta balentrien zelai zabal eta mugagabe. Spitzberg uharteetatik Ternua eta Labradorreraino, Islandiatik eta Kanariasetaraino. Arrantzaleku guztietan eta portu ugaritan entzun izan dira mendeetan zehar euskal azentu desberdinak eta guzti horietan sartu izan dira euskaldunak beste herrietako itsasgizonekin nahiz herritarrekin harremanetan.

 Harremanok zein hizkuntzatan izango ziren ez dugu jakiterik gehienetan. Bada, baina, Islandiako lurretan XVII. mendean bertako elizgizon batek bildutako euskara-islandiera hiztegi bat (hiru, hobe esan) eta, hiztegion hondarrean, euskal esaldi omen diren batzuk. Horiexek adierazten digute ondoen zein hizkera erabiltzen zuten arrantzale haiek lehorreko bizilagunekiko harremanetan.

 Hiztegiak, esan bezala, hiru dira, eskuz idatzita, eta DEEN irakasleak argitaratu zituen, Amsterdam-en, 1937an, “Glossaria Duo Vasco-Islándica” izenburuarekin eta, guztira, 648 hitz eta esaldi biltzen dituzte. Hitzok, antza denez, ahoz, galdetuz eta erantzunak transkribituz, jaso zituen apaiz jakinminak, eta inoiz gauzak keinu bidez seinalatuz.

 Euskal hitzek, gehienetan, Lapurdiko euskarazkoak dirudite, baina badira gipuzkerazkoak eta goi-nafarrerazkoak ere. Bizkaierazkorik, berriz, apenas.

 Bitxienak, esan bezala, esaldiak dira. Esaldietan aurki daiteke hizkera nahastu baten aztarna, ingelesezko, gaztelaniazko eta euskarazko elementuak dituena. Ikusi, adibidez, honako hauek (islandierazko ordainak ez ditut transkribituko, ezer gutxi argituko bailigukete guri):

 Ser trabala for ju                                 Zer egiten duzu?

Bocata for mi attora                             Garbitu nire alkandora

For ju mala gissuna                              Gizon gaiztoa zara zu

Sumbatt galsardia for                            Zenbat galtzerdigatik?

Hamar bÿ galsardia                        Hamabi galtzerdi (paregatik)

Trucka cammisola                                    Erosi jaka

Cavinit trucka for mi                                Ez dut ezer erosten

Ser ju presenta for mi                               Zer emango didazu?

For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna    

                                        Emango dizut bizkotxoa eta sagardoa

Presenta for mi berrua usnia eta berria bura                

                                         Eman niri esne beroa eta gurin berria

Christ Maria presenta for mi balia, for mi, presenta for ju bustana

                                          Kristok eta Mariak balea ematen badidate, emango dizut buztana

Fenicha for ju                                                  Izorra hadi!

 Ikusten duzuenez, bitxia da joskera, bitxia morfologia eta bitxia lexikoa, hiztegietako gainerako hitzak ez bezala. Dena den, testigantza bakarra dugunez, gehiegi esatea litzateke Islandiako partean XVII. mendean pidgin modu bat erabiltzen zela.

 Ez dira honetan amaitzen euskadunek Islandian ibilitako urteetako berriak. Aurreko batean kontatu nizuen Martin Bilafranka donostiarrak eta haren lagunek 1615ean Islandian izan zuten heriotza latza. Gehiago ere  izangodira.


Basque fishermen and traders, sailing from booth spanish and french sides of the Pyrinean border, arrives to Iceland in the earlier XVIII century and interact with english and nordic ones in a pidgin lenguage.

Jordi

Jordi 2008-03-16 11:10 #1

N'havia sentit a parlar, d'aquest pidgin, oso interesante da :D<br>Ni irakurri Interneten euskaldunak goa Amerikara lehen que Colom, eta em vaig estranyar molt. Baina després irakurri hau liburu batean, <i>Vida i mort de les llengües</i> (Carme Junyent), eta alaia :D<br>PD: Barkatu nire euskara!! Ez dakit gehiago :(<br>


Utzi iruzkina: