Euskaldunak Islandian
Martin Villafrankakoaren eta bere lagunen heriotza, Islandian 1615ean
Donostiarra zen Martin Villafrankakoa, ontzi-jabe eta kapitain, izen bereko aita eta aitona bezalaxe. 1588an jaio zen, aitak Lisboan testamentua egin zuen urte berean. Aita, Martin Villafrankakoa “Gaztea” Portugalen zebilen (artean Espainiako Erregearen esku zegoen erreinua) Migel Okendokoa ospetsuaren ontzidiko ontzi nagusi zen “Santa Maria de la Rosa” ontziaren jabe eta kapitain baitzen eta Ingalaterraren aurkako erasorako (“Armada Garaitezina” deitu zioten, larregiko konfiantzak ematen duen arrokeriaz) prestatzen eta ontziak biltzen ari zirela. Eraso horretan hil bide zen Martin “Gaztea”, gure protagonistaren aita.
Lisboan aitak egindako testamentu horretan, bere aitaren etxean neskame zegoen Joana Aranazkoa haurdun utzi zuela eta, semea jaiotzera, bere ondasun guztien oinordeko izendatu zuen jaiotzeko zuena.
Hala jaio zen, bada, sasiko, gure Martin Villafrankakoa, aita hildako urte berean, eta bere izeba Mari Joan Villafrankakoaren etxean hazi zen. Etxeko lanbideari jarraitu zion, itsasgizon, gerlarako nahiz arrantzarako, salerosketarako ala, behartzen zenean, itsaslapurretarako. Halakoa omen zen Martín: gorputzez sendo, indar handiko eta izakeraz, ausart, beldurgabe eta gatazkarako beti prest.
Hogeitazazpi urte zituen, beraz, hainbat bidaia itsasmutil gisa Ternuara egin ondoren eta, 1611n Mariana Bengoarekin ezkondu ondoren, 1615ean Islandiara abiatu zenean ontzi baten buru. Martxo aldera abiatu ohi ziren euskaldunak iparraldera.
Hamasei balenontzi euskaldun (“frantsesez eta espainolez” dio islandierazko kronika batek) iritsi ziren Islandiara 1615eko udaberrian. Hamairuk iparralderago jarraitu zuten, Norvegia iparralderantz eta Spitzberg uharteetarantz- edo, baina hiru kapitainek Islandian geratzea erabaki zuten: Pedro Agirrekoak, Esteban Telleriakoak eta, asmatu duzue, Martin Villafrankakoak.
Uda partean iritsi ziren Islandia mendebaldera eta, hango uretan, Reykjarfjördur-en, ohi zuten arrantzari ekin zioten: ontzitik txalupak ureratu eta baleak arpoiez jo, hil eta ontzira ala lehorrera karreatu, han txikitu, koipea urtu eta upeletan jartzeko.
Horretan aritu ziren negura arte, itsasoa izoztu aurretik itzuli behar izaten baitzuten, bertan harrapatuta ez gelditzeko.
Gose-urtea zen hura mendebaldeko Islandian eta, Pedro eta Esteban biztanleekin konpontzen saiatu ziren bezala, Martinek tratu txarra eman bide zien, aziendak eta beste harrapatuz saldu nahi ez zizkiotenean. Islandiako gizon sonatu baten poema autobiografikoak ematen digu, izan ere, urte gogor haren eta gure Martinen berri, Jón Gudmundsson “Jakintsua”-ren “Fjölmodur” izenekoak, hain zuzen.
Tragedia, 1615eko irailaren 20an hasi zen, asteazkenarekin: gau hartan izotzak hiru ontziak inguratu zituen, ekaitza altxatu zen eta aingurak askatu zituen. Hiruak ondoratu ziren gau ilunean eta hiru gizon ito ziren. Gainerako 82ak ahal bezala iritsi ziren lehorrera.
Zortzi txalupatan abiatu ziren biharamonean, baina irailaren 28an banatu egin ziren: Pedro, Esteban eta beren gizonak, hegoalderantz, ur libreetarantz eta etxerako asmoz. Martin eta bere eskifaia, lau txalupatan, baleetan eta lapurretan aritu ziren eskualde hartan. Biztanleekin enkontrua izan ondoren hil zituzten Fjallskagi-n bi txalupatan zihoazen 14 marinel.
Gainerakoak harrapatu eta akabatzeko 50 bat laguneko ostea bildu zuen eskualde hartako buruzagia zen Ari Magnússon etxagunak.
Martinen bost mutil AEdey-n aurkitu eta azkendu zituzten.
Martin bera eta azken 13 marinelak Sandeyri-n inguratu zituzten, urriaren 13aren gauean, etxola batean. Eman zuen Martinek, belaunikatu zen eta zizpa bota zuen eskutik. Ari-k preso eramateko agindu zien bere gizonei, baina islandiarrek, haserre sutan, bertan hil nahi zituzten guztiak. Grimur batek, korrika etorri eta haizkorakada eman zion soinean Martini. Hezurra jo zuen eta, zauria izugarria zen arren, ez zion lepo egin.
Korrika egin zuen ihes Martinek itsasorantz eta uretan sartu zen, igerian eskapa nahirik. “Itsas-txakurra edo amorraia bezala” zebilela dio Jón “Jakintsuak”. Txalupatan jarraitu zioten, harrika eginez, baina behin eta berriz txuliatu zituen, barrez eta kantuz. Halako batean, baina, harriak burua jo zion eta hasi zitzaizkion indarrak ahultzen. Orduan txalupa baten karelari heldu zion eta bertatik moztu zioten eskua.
Azkenean, zaurituta eta leher eginda, lehorreraino karreatu zuten eta ahoz gora bota zuten, bilutsik. Entero omen zegoen oraindik Martin Ari-ren gizon batek haiztoz zintzurretik sabeleraino ireki zuenean. Orduan hil zen Martin Villafrankakoa, erraiak Islandiako arroka gainean barreiatuta.
Azkenik, sabela harriz bete eta itsasoan hondoratu zuten gorputza.
Une horretantxe baretu omen zen ekaitza. Hurren, euskal marinel guztiak erail eta hondoratu egin zituzten.
Hala bukatu zen 1615eko arrantzaldi zail hura eta Martin Villafrankakoa donostiar ausart eta gatazkari haren bizialdi laburra.
-------------------------------------------
Kontakizun hau honako artikuluetatik atera dut:
Sigurur Sigurveinsson: La trágica muerte de Martín de Villafranca en Islandia, 289-294 or.
Selma Huxley: Quien era Martín de Villafranca, 294-297 or., in “Itsasoa-3”, ETOR, Donostia-San Sebastián, 1984
Iruzkinak
Utzi iruzkina: