Aspaldiko kontuk!
Bolatoki berri bat
(Zeruko Argia, 1969)
Etxaluze, Jose Mari
-1-
Bertso batzukin eman nai ditut
jaialdi baten berriak,
bolatoki bat egiña baitu
aurten Zerain'go erriak.
Lengo igandez inaugura zun
don Jose Salaberriak,
pestaleku bat geiago ba-du
euskaldun joko garbiak.
-2-
Aize epel da eguzki printzak
zeru aldetik eskeñi,
biotzak pozez zabaldu bear
egun-senti eder oni.
Txoriak ere gu poztu nairik
beren kantu ta armoni,
nik pentsatzen det Jaunak askotxo
nai ote dion Zerain'i.
-3-
Bolatoki au guk egin degu
jaun batzueri eskerrak,
batzuk lurra eman, bestek lan egin
beste batzuek egurrak.
Ta beste batek gu poztearren
diru laguntza ederrak,
urrezko letraz idatzi leizke
Laborde ta Goñitarrak.
-4-
Jaun auek berak jarri zituzten
ia saririk geienak,
eta boletan parte artu zun
ia Gipuzkoa denak.
Bakoitzak berak eraman nairik
al zan saririk onenak,
jaunak, etziran oso asarre
aurren gertatu ziranak.
-5-
Amar kopa ta txapel bikain bat,
ba-zan saria ugari,
Manuel Matxain Aiete'tikan
etorria zan jokari.
Goizean brillak astindu zitun
gatza emanaz bolari,
Kopa eder eta txapela
eman genizkan berari.
-6-
Bolan suerte ona bear du,
eta gañera kemena,
aurren txandaka gelditzen dira
ori da gauz nabarmena.
Nik emen danak ezin aitatu,
orrek ematen dit pena,
Burugain jauna gendun bigarren,
Juaristi, irugarrena.
-7-
Kostaldekoak ziran nagusi
lanean banan-banaka,
biribilla da bola, ta ori
gertatu oi da txandaka.
Askok zioten: «gaur ondu ezetz
betarrak ein duten marka»,
baña azkenik Goierritarrak
ziran nagusi biñaka.
-8-
Zoriontsua zera zu Matxain,
bai nere begitarako,
nik geien geien maitatzen zaitut
ain apala zeralako.
Tokan errege, boletan maixu;
bertso-jartzen goi mallako,
ai, Euskalerrik baldin baleuzka
sei milloi zu bezelako!
-9-
Zure mallako gizona emen
ezta samurra izaten,
zu izan ziñan euskal jolasak
japondarrei erakusten;
zu ari zera sorterriari
kemen guziak ematen,
euskerak eta euskal jolasak
bizirik iraun dezaten.
-10-
Zeure denboran lortuko zendun
nik eztakit zenbat sari.
ainbat doai ta ainbat birtute
Jaunak eman dizu zuri.
Zuregain. Berak nolatan duen
ainbeste grazi ixuri,
lanikan asko ba-dadukazu
esker ematen Berari.
Iruzkinak
ion 2007-05-11 17:22 #1
Arratsaldeon!

Ez dakit nork jarri dituen bertso hauek hemen, baina ezagutzen nituen nik aurrez; Etxaluze zeraindarra izanik, Zeraingo 2005. urteko urtekarian berrargitaratu baikenituen.

Poztu naiz bertso hauek hemen ikustearekin.

Segi horrela!

Utzi iruzkina: