Kakiturri-Ehari 1 - Aizkorak zorroztu 0

gasteiz-bertsozale 1456133106692 Gasteizko bertso kontuak | 2010-03-01 11:24
2

AIZKORA TABERNAKO SAIOAN KAKITURRI-EHARI TALDEAK IRABAZI ZUEN GASTEIZKO LIGAKO LEHEN SAIOA

 

Atzo Aizkora tabernan jokatutako saioarekin eman genion hasiera Gasteizko ligari. Aizkorak Zorroztu eta Kakiturri-Ehari taldeek zuten zita eta berrogeita hamar bat bertsozale bildu ginen saiora. Bazkaria trikitilariek animatu zuten, eta horren ostean bertsoetara jo genuen. Saioa bertso sorta kolektiboekin hasi zen, eta horrela Bertso Gurasoak taldeak paperean prestatutako bertsoak kantatu zituen.

 

Horren ostean Kandido Anda gai-jartzaileak hartu zuen hitza eta Kuadrilla arteko Txapelketa aurkeztu ostean sei bertsolariek agurrari ekin zioten.

            Ofizioka hasi zen saioa Felipe Zelaieta eta Irati Andaren eskutik. Bikotea ziren eta haurra etxean izatearen alde eta aurka aritu ziren. Gero, lau oinak emanda 8ko txikian bi bertso osatu behar izan zituzten bertsolariek. Bertan entzun genituen Ruben Sanchezek AHTaren inguruan aritu zen eta Gaizka Urtaranek langileriaren alde kantatutako bertsoak. Hurrengo bi ariketak Ander Solozabalek eta Juan Mari Juaristik osatu zituzten. Anderrek  “eta ez zara inoiz etxean bezala biziko” amaierarekin osatu behar izan zuen bertso bat, eta jarraian “ohea” hitzari kantatu zion, bere ohe-zaletasuna agerian utziz. Juan Marik, ordea, “bidea” hitzari kantatu zizkion bere bertsoak bidea ibiltzearen garrantzian zentratuz. Puntu erantzuna izan zen azken-aurreko ariketa eta bertan Kontsumismoaren kontra eta Martxoak 3-aren inguruan jardun ziren Ander eta Juan Mari berriz ere. Azkenengo ariketan, trikitilariek lagunduta bederatzi kopla kantatu behar izan zituen talde bakoitzak. Azken bertso hauek izan ziren bertsozaleak gehien animatu zituztenak. Aizkorak Zorroztu taldeari “tabernaz nazkatuta hilerrira joatea” tokatu zitzaion, eta bertan ibili ziren bertsolari famatuen mamuekin jolasean. Kakiturri-Ehari taldekoak, ordea “eroetxetik ihes egindako hiru gaixo” ziren eta hor ibili ziren “hilerrikoekin elkartu” edo “aizkora tabernara joan” erabaki nahiean.

            Saioa oso parekatua izan zen, baina betiko legez talde batek irabazi behar du, eta epaileek  Kakiturri-Ehari taldeak irabazi zuela erabaki zuen. Gauzak horrela, sari banaketarekin amaitu zen saioa; Bertso gurasoek Arabako bertso istori ezberdin bat liburu bana eta bertsolari taldeek, Eusko Label eta Uagak emandako, euskal produktuez beteriko saski bana jaso zuten. Beste behin ere bertsoez gozatzeko aukera aprobetxatuz giro polita eta beroa sortu zuten bai bertsolariek eta bai bertan egondako bertsozaleek.

 

 

Goyo

Goyo 2010-03-02 23:49 #1

<p>Oso ondo Alazne eta bere lagunak. Bertso ederrak egin dituzue. Horrela jarraitu.</p>

bertso ama bat

bertso ama bat 2010-03-03 22:50 #2

aupa bertso gurasoak! zuek bai martxa!


Utzi iruzkina: