Bat-bateko bi txapelak GASTEIZERA!

gasteiz-bertsozale 1456133106692 Gasteizko bertso kontuak | 2009-06-06 17:36
1

Idatzizko gazteen txapela ere hiriburuan geratu da

BEÑAT OLANO eta ANDER SOLOZABAL gasteiztarrak, Arabako eskolarteko txapeldun berriak

Arabako eskolarteko txapelketako finala jokatu da gaur goizean, Gasteizko Armentia ikastolan. Goizeko 9:00etarako Araba osotik hurbildutako 80tik gora haur eta gazte batu dira azken txanpari ekiteko asmoz.

Saio jendetsua eta arina izan dela aipatu dute bertaratutako hainbat lagunek, eta antolatzaile lanetan ibili diren Arabako Ikastolen Elkarteak eta Arabako Bertsozale Elkarteak balorazio oso positiboa egin dute. Parte hartze handia, maila altua eta publiko ugaria izan dira protagonistak gaur. Hemen idatzizko finalera heldutako gasteiztarren talde argazkia:

Idatzizko lana izan da lehendabizi egin beharrekoa, eta bertan egindako lan guztien artean txapelduna eta bigarrena hautatu dituzte adin tarte bakoitzean.

LEHEN HEZKUNTZA

Txapela: Mailen Fernández (Amurrio, Lucas Rey ikastetxea)

2. saria: Peru Abarrategi (Aramaio, San Martin Eskola)

DBHko lehen zikloa

Txapela: Jone Otxoa (Alangua, Aniturri Institutua)

Bigarren saria: Alazne Vadillo (Amurrio, Aresketa ikastola)

14 urtetik 18 urtera bitartekoetan

Txapela: Amaia Lasaga (Gasteiz, Koldo Mitxelena institutua)

Bigarren saria: Estitxu Saratxo (Elosu, Ikasbidea ikastola)

BAT-BATEKO FINALA: Sarituak

Txikienak jaun ta jabe 14 urtez azpiko finalean

Idatzizko lanak burutu ostean bat-batekoaren txanda izan da. Oholtza gainera igo dira 14 urtez azpiko finalistak, eskualdeetako finalerdietatik sailkatutakoak: Ane Olano, Maddalen Arrausi eta Beñat Olano gasteiztarrak, Bingen Sainz Arrizalarra, Jon Unai Aspe Aguraindarra, Unai Gondra Artzinegarra eta Antton Carretero eta Peru Abarrategi Aramaioarrak.

Saio polita egin dute, arina eta freskoa. Bigarren fasera Jon Unai, Bingen, Beñat eta Peru sailkatu dira, baina azkenean txikienek nagusienei aurrea hartu eta sorpresa eman dute. 11 urte baino ez dauzkate lehen bi sarituek: Beñat Olanok jantzi du txapela eta bigarren saria lehendabiziko aldiz txapelketan parte hartu duen Peru Abarrategi Aramaioarrak eraman du.

Handitan, Ander Solozabal txapeldun

14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteen txanda izan da azkena. Sei finalista izan dira oholtza gainean, Elyem Chej legutiarra, Estitxu Saratxo Elosuarra, Ander Solozabal gasteiztarra, Ainhoa Comas amurrioarra eta Maria Izaga eta Xabi Igoa aramaioarrak. Ez da izan txikien mailan besteko sorpresarik, urteak eta esperientzia nagusitu baitira. Bigarren fasera hiru bertsolari sailkatu dira, Ander, Elyem eta Xabi. Bakarkako lan bikaina egin dute hirurek, bi punturi erantzun eta hitzari bertso bana kantatu behar izan dituzte.

Baina txapelak bigarrengoz Ander Solozabalen burua aukeratu du, eta bigarren saria iaz hirugarren geratu zen Xabi Igoarentzat izan da. Bi hauek eskuratu dute, Beñat eta Perurekin batera, Ekainaren 20ean Altsasun Burunda pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalerako txartela.

GASTEIZKO BERTSO ESKOLAN, pozak txoratzen gaude, izatez bat-bateko bi txapeletaz gain, Amaia Lasagak 14-18 urte bitarteko gazteen idatzizko txapela eraman baitu. Bertso-eskolako talde bakoitzak txapel bat eraman duela esan dezakegu.

Baina irudi batek mila hitzek baino gehio balio duenez, hemen duzue gaur goizean ateratako argazkien albuma:

Oihane

Oihane 2009-06-07 10:38 #1

ZORIOOONAK Beñat eta Ander!!!!

ZORIONAK GASTEIZKO BERTSO-ESKOLAKO TXIKIAK,  ERTAINAK eta HANDIAK ! lan txukuna egin duzue benetan...

Maddalen, Ane... zuetaz ez naiz ahaztu eh? Zer moduz pasa zenuten? nahiko lasai ikusi zintuztedan eta nahiz eta barrutik behar bada urduri egon, ederki disimulatu zenuten! ta bertso onak, eh?

Orain apurtxo bat entrenatzeko geratu beharko dugu, ezta? ZE Altsasun egurra eman behar dugu! Beñat, asteartean ez duzu ba posible izango arratsalde partean?

ESANGO DIDAZU

Utzi iruzkina: