VI. Soziolinguistika jardunaldia: Ikasleen jarduna: emaitzen hausnarrean. ARRUE Ikerketa

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-01-17 10:56

Ikasleen jarduna: emaitzen hausnarrean. ARRUE Ikerketa izenburupean egingo dira aurten VI. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak, Donostiako Kursaaleko hitzaldi aretoetan.

Jardunaldien webgunean dago egitaraua, eta izen emateko epea zabalik dago urtarrilaren 28ra arte.

Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta ISEI-IVEIrekin lankidetzan antolatzen ditu 2013ko Jardunaldiak, gai nagusi baten inguruan: ikasleen eskolako hizkuntza erabilera.

Izan ere, Arrue ikerketan, lehen aldiz EAEko bi ikasmailetako ikasle guztien erabilera datuak jaso dira: 9-10 urteko (LMH4) eta 13-14 urteko (DBH2) ikasleenak. ISEI-IVEIk gauzatzen duen Ebaluazio Diagnostikoaren bidez jasotako datuak dira eta EAEko ikasleek eskolan nolako hizkuntza erabilera duten deskribatzen dute: gelan eta jolaslekuan, ikaskideekin eta irakasleekin. 2011n jasotako datuak dira Jardunaldietan aurkeztu eta aztertuko direnak, gaur arte eskolako hizkuntza erabileraren egin den datu jasoketarik handiena.

Jardunaldien laneko hizkuntza nagusia euskara izango da:

  • Hitzaldi gehienak euskaraz izango dira, eta hala ez direnetan (bi hitzaldi), aldibereko itzulpena eskainiko da euskarara.
  • Aurten lehen aldiz Jardunaldiko hitzaldi guztiak ingelesez ere jarraitzeko aukera egongo da: hitzaldi guztien aldibereko itzulpena eskainiko da ingelesera eta emaitza nagusien txostenaren ingelesezko bertsioa ere eskainiko da webgunean.

Era berean, Jardunaldiak streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da. Bertan, hitzaldiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira (J. Darquennes-ena ingelesez, F. X. Vilarena katalanez eta gainerakoak euskaraz).

Informazio guztia Soziolinguistika Klusterraren webgunean eta izen-ematea ere webgunean bertan egin behar da.


Utzi iruzkina: