Susedidoak
EHUk hilero Campusa aldizkaria argitara ematen du. Eta hilero Kike 
Amonarrizek artikulua idatzen du bertan. 2009ko urrikoan honako artikulu 
hau eman zuen argitara:
Suzedidos Baskos
Euskal Herrian 
oso errealitate soziolinguistiko desberdinak bizi ditugu. Historian 
aspaldikoa den aniztasun hori, gainera, areagotu egin da azken urteotan.
 Pentsa dezagun une batez, zein modu diferentetan bizi diren euskaraz 
Balmaseda, Lekeitio, Gasteiz, Tolosa, Arantza, Baiona edo Altzürüküko 
euskaldunak edo nola bizi duten euskara bertako erdaldunek.
Egoera 
desberdin horiek, hizkuntzen inguruko oso bizipen desberdinak eragiten 
dituzte herritarrengan. Oso ikuspegi desberdinak dituzte euskaldun 
zaharrek edo berriek; oso inguru euskaldunetan bizi direnek edo euskara 
apenas hitz egiten den hiri eta zonaldeetan bizi direnek. Horien 
erakusgarri XXI. mendeko “suzedido” hauek.
Euskara = eskola
Bilboko
 Etxebarrieta Parkean gaude. Igande goiza da eta hamar urteko mutikoa 
jolasean ari da beste mutiko batzuekin. Halako batean, batek honela 
galdetu dio:
· ¡Oye! ¿Tu padre es maisu?
· No. ¿Qué pues?
· 
¡Hombre! ¡Es domingo y te está hablando en euskera!
Euskararen 
zuzentzaile automatikoa
Muskizko Kultur Etxean gaude. Guraso 
erdaldunei emandako hitzaldia amaitu da eta ama bat inguratu zait:
· 
Mira, Kike. Es que hasta ahora no me había atrevido a preguntárselo a 
nadie, pero...
· Tranquila… ¿Qué te preocupa?
· Es que con el 
castellano esto no pasa.
· ¿Pero pasar, qué?
· Mira, es que cuando
 empiezas a hablar en euskera, nada más empezar a hablar… ¡Todo el mundo
 te corrige!… ¡Y todos diferente!
Gure herrian arrotz I
Baionan
 gaude. Euskal Museoaren atarian. Garazi aldean euskara ikasi duen 
japoniar honi Euskal Museoa bisitatzea otu zaio gaur. Sarrerako 
leihatilara hurbildu da eta:
· Egun on! Nahi nuke museoa ikusteko 
sartze bat erosi.
Eta sarrerak saltzen dituenak:
· Pardon! Mais je
 ne parle pas le japonais!
Kalitatean irabazi ala galdu?
Tolosara
 egingo dugu jauzi. Euskararen kalitateari buruzko hitzaldi guztiak 
adibide honekin hasten nituen:
· Guk hamalau urte genituenean, 
Tolosako kaleetan eta gazteon artean ez genuen sekula akatsik egiten 
euskaraz hitz egiterakoan. Inoiz ez genuen okerrik egiten gure artean 
euskaraz ari ginenean … Beti eta denok erdaraz egiten genuelako!
Gezurra
 badirudi ere, urte haietan eta Tolosan, ez zegoen kalean euskaraz 
egiten zuen bertako gazteez osaturiko koadrilarik. Euskararen 
kalitateari dagokionez, beraz, zer egin dugu, irabazi ala galdu?
Gure
 herrian arrotz II
Tolosan jarraitzen dugu. Mende hasiera da eta 
Iurre auzoan gaude. Alaba txikiarekin paseatzen ari naizela, beste haur 
bat gurutzatu dugu. Alabak hizketan entzun dio bere amarekin, eta burua 
jiratuz, honelaxe esan dit zeharo harrituta:
· Aita! Ume hori 
“sitano” ari da!
Harrigarria egin zaio Tolosan adin txikiko ume bat 
erdaraz entzutea.
Guraso anormalak
Donostiara joko dugu 
azken suzedidoaren bila. Zazpi urteko alaba afaltzen ari da gurasoekin. 
Kezkaren bat dabilki buruan eta azkenean kanporatu egin du:
· Ama, 
zuek zergatik ez zarete normalak? Zergatik egiten duzue beti euskaraz?

Iruzkinak
Benito 2010-03-02 21:12 #1
Kar, kar... onak. Dena dela, non dago Bilbon Etxebarrieta parkea?<br />
txerra 2010-03-03 09:35 #2
Ba egia esateko ez naiz konturatu, irakurri bai, baina konturatu ez. Etxebarrieta anaien plaza egon badago (ez ofiziala izan arren) eta Etxebarria parkea ere zeuon Mahatserrian, baina Etxebarrieta parkea ez.
txerra 2012-01-23 17:47 #3
Galizian ere susedidoak izan badira: http://eche.blogaliza.org/2012/01/23/historias/ Antzekoak dira, ezta?<br />
Utzi iruzkina: