Soziolinguistikaz berripapera: 25. zenbakia

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-06-17 15:56

25. zenbakia / 2009ko ekaina

Word dokumentua /Pdf dokumentua

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK LEZOKO EUSKARAREN KALE NEURKETAREN DATUAK AURKEZTU ZITUEN MAIATZAREN 28AN

2008ko azaroan egindako datu-bilketaren emaitza nagusiekin batera aurreko hamar neurketetako datuak ere aurkeztu ziren, horrela, 1990etik hona, hamazortzi urtetan, erabilerak izan duen bilakaeraren nondik norakoaren azterketa egiteko aukera izan genuen. Lezon, erabilera indizea %37,8koa da. Hau da, kalean behatu diren 100 elkarrizketetatik 38 izan dira euskaraz. 1990ean erabilera %35ekoa zen eta 2008an %38koa. Tartean, 1994an erabilera %27ra jaitsi zen.

2008ko datuarekin alderatuz gero, hamalau urtetan erabilera hamaika puntu igo da. Datu hauek guztiak, zonaldeka, adinaren arabera, sexuaren arabera eta haurren presentziaren arabera aztertu ziren. Horrez gain, udalerriko ezagutza datuekin alderatuz bi azterketa egin ziren; batetik, Txillardegiren eredu matematikoa aplikatu zen eta ezagutzaren arabera estatistikoki espero daitekeen erabilera eta erabilera errealaren artean dagoen aldea aztertu zen; bestetik, BEGIRA prospekzioak egiteko tresnaz baliatuz aurrera begira ezagutzak eta espero daitekeen erabilerak (isotropiakoak) zein bilakaera izan dezaketen aztertu zen.

Informazio gehiago:

EUSKARA LAN MUNDUAN... LANEAN! SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAN

Soziolinguistika Klusterrak aurten ere Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eskaintzaren barruan soziolinguistikari buruzkoa ikastaroa antolatu du, eta Baionako Unibertsitatean burutuko da uztailaren 8 eta 9an Euskara lan mundua... lanean! izenburuarekin. Bertan, lan munduan euskararen erabilerari bultzada bat eman nahi dioten egitasmoak aztertuko dira. UEUren Udako ikastaro hau aukera egokia izango da egindakotik ikasi eta eremu berrietara zabaltzeko eta elkarrekin esperientziak trukatu eta hobetzeko bideaz hausnartzeko.

Informazio gehiago:


ZEIN HIZKUNTZA HITZ EGITEN DU KOMUNIKAZIO GIZARTEAK? SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA EHUKO UDAKO IKASTAROETAN

Soziolinguistika Klusterrak soziolinguistikari buruzko ikastaro interesgarri bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) XXVIII. Uda Ikastaroetako eskaintzaren barruan.

Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak? Galdera horren inguruan hausnartuko da ikastaroan. “Komunikazioaren gizartea”, “aro globala”, “hedabideak”, “nortasunaren eraikuntza” eta “hizkuntzen industria” bezalako hitz gakoen inguruko azalpenak eta eztabaidak izango dira, soziolinguistikaren ikuspegitik nagusitzen ari diren gizarte aldaketei aurrea hartu nahian.

Errealitate berriei begira jarriko da beraz ikastaroa, goi mailako hainbat irakasleren parte hartzearekin. Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian, ekainaren 22, 23 eta 24an burutuko da.

Informazio gehiago:

http://www.soziolinguistika.org/node/3873
http://www.sc.ehu.es/scrwwwsu/2009/ehasiera.html

EKIMENAK ETA KANPAINAK

EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAK HITZARMENA SINATU DU SEASKAREKIN

Hitzarmen horren bitartez Seaskak hamaika irakasle postu gehiago izango ditu. Gainera beste akordio batzuetara ere heldu dira, hala nola, juridikoki eskola gisa aitortuak direnak ikastola moduan aitortzea, ikastola berriak irekitzeko aukera izatea eta euskararen kalitatea neurtzeko tresna baliatzea irakaskuntza eredu desberdinetan.

Informazio gehiago:

EUSKARA SUSTATZEKO HITZARMENARI EUTSIKO DIOTE JAURLARITZAK ETA EEPK

Ekainaren 10ean Baionan sinatu zen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lan-akordioa, modu horretan diru-laguntza ziurtatuz. Diru-laguntza 2007-2010 bitartean indarrean izango den hitzarmenaren baitan kokatzen da eta bere helburua Ipar Euskal Herriko eragileen hizkuntza jardueren proiektuak sostengatzea izango da. Proiektu eta programa horiek urtez urte adostuko dira EEP eta E.Jren artean.

Informazio gehiago:

HERRI URRATS URTERO BEZALA OSPATU DA SENPEREN

Haizea alde baita leloari jarraiki milaka lagun elkartu ziren iragan maiatzaren 10ean, Senpereko aintziraren inguruan, modu horretan Seaskari laguntza eskaintzeko. Han izan ziren, besteak beste, Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastoletako Konfederazioaren lehendakaria, Andres Urrutia, Euskaltzainburua, Frantxua Maitia, Akitaniako Kontseilu Orokorreko lehendakari ordea eta Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria.

Informazio gehiago:

ZAZPI UDALERRI SARTU DIRA UDALERRI EUSKALDUNEN MANKOMUNITATEAN

Pasa den ekainaren 14an UEMAren eguna ospatzeko aukera baliatuz gauzatu zen Beran zazpi udalerrien sarrera UEMA mankomunitatean. Sartu berri diren zazpi udalerriak Larraun, Etxalar, Bera eta Araitz (Nafarroa); Elgeta eta Amezketa (Gipuzkoa) eta Busturia (Bizkaia) dira. Orotara, beraz, Uemak Euskal Herriko 61 udalerri elkartzen ditu.

Informazio gehiago:

HAMAIKA TALEBISTAK HITZARMENA SINATU DU EUSKALTELEKIN EUSKAL AUTONOMI ERKIDEGO OSOAN IKUSTEKO AUKERA EGON DADIN

Hitzarmen horren bitartez ekainaren 12tik aurrera EAEko Euskaltelen zuntz optikoa duten etxe guztietan ikus daiteke formatu digitalean Hamaika Talebista.

Hitzarmena Hamaika Bilbo Telebistaren egoitzan sinatu zuten Alberto Garcia Erauskin Euskalteleko kontseilari zuzendari nagusiak eta Hamaika Telebistako Iñaki Alzagak (Deia;Diario de Noticias, Diario de Noticias de Alava eta Noticias de Gipuzkoa ), Gorka Altunak (Gara eta Le Journal ) eta Joanmari Larrartek ( Berria eta Hitza)

Informazio gehiago:

BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIAREN 2009KO KANPAINA ABIAN DA

Balioa eta berrikuntza lelopean abian da dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiriaren 2009ko publizitate kanpaina. Euskal Herri osoko hainbat sektoretako zazpi entitate dira aurtengo kanpainako protagonista: Mendia Optika (Gasteiz), Arlan (Erandio), Zadorra-Etxea (Agurain), Nekatur (Donostia), Elkar Liburu Denda (Iruñea), Iurreta Institutua (Iurreta), eta Sokoa (Hendaia). Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak dionez ekimen honen baitan “era guztietako entitateak, eta beste ezeren gainetik, euskararen alde ari diren pertsonak daudela adierazi nahi da”

Informazio gehiago:

IRI ELEANIZTASUNERAKO ENPRESEN ELKARTEA SORTU DA

Bezeroekin harreman hobeagoa lortzeko asmoarekin komunikazioa katalanez, galizieraz eta euskaraz egiteko helburuarekin sortu da IRI Eleaniztasunerako enpresen elkartea. Elkarteak hizkuntza-diagnostikoak, erabilera-planak, itzulpenak, aholkularitza eta bestelako zerbitzuak eskaintzen ditu eleaniztasun hori errazteko.

Espainiako estatuan aritzen diren Galiziako, Valentziako eta Euskal Herriko honako hiru enpresa ordezkariek egin zuten aurkezpena Bartzelonako Euskal Etxea Kultur Zentroan: Reversoko Antón Lado (Galizia), I-més-eko Toni Martinez (Valentzia) eta Iberbako Patxi Alaña (Euskal Herria). Azpimarratzekoa da aitortza ofiziala ez duten beste hizkuntzak ere sustatu nahi dituela elkarteak. Beraz, katalanez, galizieraz, euskaraz eta gaztelaniaz gain, bablea eta aragoiera ere sustatu nahi dutela adierazi dute.

Informazio gehiago:

INFORMATIKARI EUSKALDUNEN VII. BILKURA OSPATU ZEN IRAGAN MAIATZEAN DONOSTIAKO TEKNOLOGI ELKARTEGIKO ERAIKIN NAGUSIANRI ELEANIZTASUNERAKO ENPRESEN ELKARTEA SORTU DA

Teknologia berriak, gaur eta bihar izenburupean sareko azken berrikuntzetan aritu ziren bereziki, han elkarturiko lagunak, eta etorkizuneko komunikabideek zer-nolako aukerak dituzten aztertu ziren mahai.-inguru interesgarrian. Mahai horretan izan ziren “Berria/ Hitza" eta "Argia" hedabideetako ordezkariak Kazeta.info, Ipar Euskal Herriko kazeta digitalarekin batera.

Informazio gehiago:


IKERKETAK ETA ARGITALPENAK

EUSKARAREN EGOERA NAFARROAN 2008 AZTERLAN SOZIOLINGUISTIKOA AURKEZTU DU NAFARROAKO EUSKARAREN INSTITUTU EUSKARABIDEAK

Ia 3.600 laguni egindako telefono bidezko inkesta bat baliatuz 15 urtetik gorako biztanleen hizkuntza-gaitasuna ezagutzeko aukera izan da hizkuntza-eremuen arabera sailkatuta. Ikerketan aztertu dira euskararen erabilera hezkuntzan eta gizartean duen trataera, besteren artean. Aldi berean hizkuntzarekiko hainbat jarrera eta hizkuntza-eremuen sailkapenaren inguruko iritziak ere jaso dira.

Informazio gehiago:

KATALANAREN EGOERARI BURUZKO TXOSTENA (20005-2007) AURKEZTU DA

Txostena Observatori de la Llengua Catalana-k eta Xarxa CRUSCAT – IEC-ek egina da, eta kontuan hartu ditu 2005-2007ko datuak.
Txostenak dionez katalanaren egoera Valentzian eta Ipar Katalunian oso kezkagarria da, ezagutzaren aldetik eta egiten den erabilera gero eta murritzagoa delako. Katalunian eta Andorran, aldiz, hiztun kopurua haziz doa, Xavier Vilaren ustez 60 eta 70. hamarkadetako immigrazioko ondorengoek ikasten ari baitira. Bere ustez, baina, joera hori alda daiteke immigrazio berriarekin.

Informazio gehiago:

KATALUNIAKO DBHKO 4. MAILAKO IKASLEEN IKERKETA SOZIO-DEMOGRAFIAKOA ETA LINGUISTIKOA AURKEZTU DUTE BARTZELONAN

Ekainaren 5ean elkartu ziren Bartzelonako Parke Zientifikoan esparru desberdinetako adituak (hezkuntzakoak, soziologiakoak, filologiakoak, psikologiakoak eta hizkuntza politikakoak, besteak beste), derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-gaitasunaren inguruan hausnartu eta eginbeharrak definitzeko helburuarekin, bereziki antolatutako jardunaldi batean.

Jardunaldia Bartzelonako Unibertsitateak, Hezkuntza Saileko Ebaluazio Kontseiluak eta Gobernuko Hizkuntza Politikako Departamentuak antolatu zuten.

Bertan, 51 ikastetxek parte hartu duten ikerketa aztertu zen. Ikerketa horretan kontuan hartu dira ikasle bakoitzaren ezaugarri sozio-demografiakoak, ikasleen ikaste-ohiturak, kultura-kontsumoa eta ezaugarri soziolinguistikoak. Hortik abiatuta, jokabideari eta hizkuntza-ezagutza eta hizkuntza-irudikapenari buruzko datuak ere jaso dira.

Informazio gehiago:

MERCATOR-EN DATU-BASEA ESKURA INTERNETEN

Kataluniako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza eta CIEMEN (Centre Internacional Escarré per a les Minories Étniques i les Nacions) artean sinaturiko hitzarmenari esker eskura jarri da interneten Mercator-en hizkuntzen datu-basea. Bertan aurki daiteke -21.000 mila sarreren artean- hizkuntza eta legeen inguruko jurisprudentzia nagusia eta hizkuntza eskubideen inguruko bibliografia, batez ere, Kataluniako eta Europako Batasuneko hizkuntza gehienen inguruan.

Informazio gehiago:

ALBISTEAK

HIZKUNTZA PLANGINTZA GRADUONDOKOAK, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO BEREZKO TITULU DENAK, HIZKUNTZA POLITIKA SAILBURUORDETZAREN BERMEA DAUKA

Euskal Herriko Unibertsitateak Hizkuntza Plangintza Berezko Titulua eskainiko du datorren 2009/2010 ikasturtean. Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza eskaintzeaz gain, Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoak honako hiru helburu nagusi hauek ditu: euskararen normalizazioaren plangintzarako metodologia eta lanabesak irakastea, euskararen egoeraren berri zehatza eskaintzea, eta Euskal Herriko gizarteak hizkuntzekiko eskaintzen dituen baldintzak ezagutaraztea. Ikastaroak metodologia malgua darabil, irakaskuntza birtuala eta aurrez aurreko lau saio tartekatzen dituelarik.

Bertako irakasleak unibertsitate desberdinetako irakasleak dira, baita hainbat enpresa eta euskalgintzako profesionalak eta Eusko Jaurlaritza eta Herri administrazioko teknikariak ere. Zuzendari lanetan, Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba EHU-ko irakaslea aritzen da.

Graduondokoa euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arlotan hizkuntza normalkuntzean erantzukizun publikoa dutenei,... zuzenduta dago.

Bederatzigarren edizio honetan ere Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, internet bidezko formakuntzan duen esperientziagatik, bere baliabideak eskainiko ditu ikastaroa aurrera ateratzeko. Graduondokoa datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztailean amaituko da eta ikastaroaren izen emate epea zabalik dago

Informazio gehiago:

HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDETZAKO ZUZENDARITZA-KARGUAK OSATU DIRA

Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Ramon Etxezarretaren taldean arituko diren zuzendariak izendatu dira jada. Euskara sustatzeko zuzendaria Lourdes Auzmendi Eyerbe, EHUko irakasle eta itzultzailea izango da aurrerantzean, Koordinazio zuzendaria Igor Calzada soziologoa, eta Eugenio Mujikak hartuko du HABEren zuzendaritza.

Informazio gehiago:

EUSKARA IRAKAS HIZKUNTZA NAGUSITZAT ZUEN DEKRETUA BALIOGABETU DU EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIAK

Pasa den legealdiko aipatu dekretuan euskara irakas hizkuntza nagusi modura zehazten zen baina helegitea aurkeztu zuen Hizkuntza Aukeratzeko Askatasuna plataformak. Orain Auzitegiak helegite hori onartu du hizkuntza ereduei buruzko legedia ez zuela errespetatzen argudiatuz.

Informazio gehiago:

ESPAINIAKO AUZITEGI GORENAK NAFARROAKO EUSKARAREN DEKRETUAREN KONTRAKO ERABAKIA BERRETSI DU

Nafarroako Auzitegi Nagusiak administrazioan euskararen erabilera arautzen zuen 29/2003 Foru Dekretuaren lau artikuluren gaineko erabakia Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du. Erabaki horien ondorioz administrazioak gaztelaniaz eta euskaraz helarazi beharko ditu bere mezuak eremu euskaldunean dauden herritarrei, nahiz eta administrazioa eremu mistoan kokatuta egon.

Informazio gehiago:

AGENDA

UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN (UEU) IKASTAROAK JANTZI! LELOPEAN BURUTUKO DIRA BAIONA, EIBARREN ETA IRUÑEAN

Aurtengo egitarauan 38 ikastaro izango dira ekainetik 29tik uztailaren 24a bitartean. Bertan aurki daitezke, besteak beste, ekonomia, soziologia, psikologia, hizkuntzalaritza, soziolinguistika eta musika gaietako ikastaroak. Izen-emate epea zabalik da oraindik, eta informazio gehigarria aurki daiteke UEUren web gunean.

Informazio gehiago:

IRITZIAK – ELKARRIZKETAK - ARTIKULUAK

]
Gipuzkoako Foru Aldundia
Soziolinguistikaz Berripapera Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako egitasmoa da


Utzi iruzkina: