Quilombo (Sutondoko kontuak 4)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-12-01 08:09

Sutondoko kontuak liburuko beste kontu bat.

Brasilen ihes egiten zituzten esklabo beltzek oihanera jo ohi zuten. Oihanean bizirauteko elkartu egiten ziren ihes egindako beste esklabo batzuekin eta komunitateak sortu. Horiek dira, hain zuzen ere, izenburuko quilomboak. Komunitateak. Komunitate autoeratuak.

Ubuntu ere jatorri afrikarreko berba da, quilombo bezala. Esangura bat baino gehiago ei ditu. Baina hedatuena, antza, “ni naiz gu garelako” da. Honi lotuta pasadizoa kontatzen da. Antropologo (?) batek ume batzuei jokoa proposatu zien: zuhaitz baten ondoan fruituez betetako saskia jarri zuen. Umeei esan zien heltzen zen lehenari saski osoa emango ziola. Umeek elkarri begiratu, besoetatik elkar oratu eta batera egin zuten korrika, eta batera gozatu sariaz.

Antropologoak, orduan, harriturik galdetu egin zien zergatik: eta umeek ubuntu erantzun. Ni naiz gu garelako, alegia. Ubuntu da etxeko ordenagailua piztu eta ikusten dudan lehen berba. Izan ere, software libreko sistema eragile nagusiak Ubuntu du izen eta filosofia.

Gure etorkizuneko euskarak ere quilombo-ak eta ubuntu-ak beharko ditu.


Utzi iruzkina: