Euskaldunok ez ditugu aski erabili gure esku diren tresnak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2016-02-24 12:47
2

garaigoikoa 1456314673024

Hizkuntzari bainoago hizlariari so dago Rodriguez, eta euskararekiko begirada aldarazteko zernahi tresnaren bila dabil tai gabe. Atzematen dituenak komunitatearen esku ezartzen ditu.

Sutondoko kontuak (2015) bere lehen liburua aurkezterat jinen da Txerra Rodriguez (Derio, Bizkaia, 1978), otsail ostegunen karietarat, Donapaleuko zerbitzugunerat, gaur zortzi, arratseko zortziak eta erdian. Soziolinguistika egitea aldarrikatzen du; euskal Robin Hood da, herri xehearen esku jartzen baitu zientzia.

Zer da xuxen soziolinguistika?

Zientzia gisa ez dago denek onartzen duten definizio bakar bat. Nik beti zabal bat erabiltzen dut: hizkuntza eta gizartea harremanetan ezartzen dituen zientzia da, arlo anitzetatik edaten duena. Nire partetik, hizkuntzen eboluzioa ez da interesatzen nauena, pentsatzen dut euskalduna izan ez banintz, segur aski, sekulan ez nintzatekeela hurbilduko soziolinguistikara. Zientziatik hurrandu egin nintzen hobeto ulertzeko euskaldun izateagatik egunerokoan gertatzen zaizkigun horiek. Beste gisaz, gauza harmoniatsuagoetara dedikatuko nintzatekeen! Kur-kur-kur.

Baina zuk soziolinguistika apalategietatik jausten duzu.

Bai. Soziolinguista, errealitatea aldatzeko balio duen neurrian, maiteago dut mikro-soziolinguistika edo domestikoa makro-soziolinguistika bainoago. Azken horrek datuak ematen ditu; Euskal Herri mailako hizkuntzaren eboluzioari begira dago orokorrean. Adibidez, Baionako euskaldun kopurua %8,7koa da, ados, baina ez dit esaten Baionara baldin banoa zenbateko parada dudan euskaraz egiteko. Horregatik, makro-soziolinguistika oso ongi dago, baina ez da aski egunerokoan baliagarriak izateko. Hala, mikro-soziolinguistikaren alde egiten dut, eguneroko harreman sarea eta lekuan lekukoa ikertzen duelako.

Preseski, soziolinguistikaren lan soziala egiten duzu.

Bai, harroputzegia izan gabe, nahi dut liburu horrekin tresna bat eman eta gogoeta eragin: zergatik egiten dugu egiten duguna, edo egiten ez duguna? Adibidez, bada pertsona bat Euskal Herrira jin dena eta euskara ikasi duena. Segurki, zailtasunak izanen ditu Zuberoan hari euskaraz egiteko eta legitimitatea emateko, irabazi egin behar baita. Liburuarekin nahi dut hori lortzen lagundu.

Legitimitatea nork du ematen?

Arau sozialek deliberatzen dute legitimoa noiz den eta noiz ez, tokiz aldatzean aldatzen dira. Oso zaila da esatea noiz den legitimoa eta noiz ez, ezin da hola irabazi, kolektibo batek ematen du eta pertsonatik abiatuta egin behar da lana legitimitate hori lortzeko.

2015-03-25, Bilbo. Txerra Rodriguez soziolinguista. Irudian, Txerra Rodriguez. 25-03-2015, Bilbao. Txerra Rodriguez, sociolingüista. En la imagen, Txerra Rodriguez.Psikosoziolinguistika ere lantzen duzua?

Mila lekutatik edaten du soziolinguistikak, baina batez ere hiru hauetatik: soziologia, antropologia eta, oroz gainetik, psikologia sozialetik. Funtsean, pertsonak gizartean bizi garen heinean, gizarteak eragiten digu, baina guk ere bai hari, gure heinean, baitugu ahalmen hori. Alta, euskaldunok ez ditugu behar beste erabili gure esku dauden tresnak, adibidez, ahalkea utzi eta harrotasun puntu batez lehen hitza euskaraz egitea. Horrekin bakarrik, mila ate zabal ditzakegu. Liskarrak ere ekarri ahal ditu, egia da, baina baikortasunez eta naturaltasunez kudeatzen ikasi beharko genuke. Hor dugu gabezia handi bat, ari gara, baina bada lan tresna horiek lortzeko, oraindik bada bide.

Lan tresna horien sortzea bilakatu da zure lana.

Tximitx Derioko euskara elkartea sortu genuelarik hasi nintzen euskalgintzarekin harremana izaten, ofizio bihurtu den arte; lehenik, Topagunean Bizkaiko sustatzaile gisa, eta gero Emun kooperatiban. Bertan, enpresetako euskara planak sustatzen laguntzen dut: enpresa batzuek deliberatzen dute euskarari presentzia bat ematea eta arautzea; hala, barne eta kanpora begira euskararen erabilera, motibazioa eta ezagutza bultzatu nahi dute. Adibidez, zuzendaritzatik heldu den komunikazio guzia euskara hutsean izatea. Orotarat, 300 bat enpresatan ari naiz.

Kontseiluak euskararen ziurtagiriarekin egiten duenarekin bateragarria dea?

Bai, erabat, gure kasuan intentsitate handiagoz egiten dugu. Hegoaldean Bai Euskarari ziurtagiria enpresa ttipiek dute; handiek, aldiz, euskara plana.

Liburua nori zuzentzen diozu?

Nire asmoa zen soziolinguistikarekin harreman berezirik ez duen jendearengana heltzea. Liburu honen hartzailea ez da espezialista, edozein euskaldun izan daiteke. Horregatik, nazionala izatea espero dut, Euskal Herriko edozein irakurleri begira idatzi baitut; horregatik, zazpi probintzietan dago salgai. Ez da bakarrik zer, nola ere bada garrantzitsua.

Zer ekartzen dizu idazteak?

Nire blogeko [Garaigoikoa] irakurle batzuek eskatu zidatelako idatzi dut paperean. Ekarri didana? Buruhauste franko, kur-kur-kur, lagunak bustitzea eta liburu salmentaren kostea. Funtsean, neure buruari zor bat kitatu diot; erditze luzea eduki du, baina aurrera jo du neure buruarekin konforme izan nahi nuelako, horregatik da autoedizioa.

Zer mezu ekarriko duzu Donapaleurat?

Sekulako ilusioa dut. Nahiko nuke eman bezainbeste jaso. Mikro-soziolinguistika aipatuko dut, aldarrikatuko dut, baina nahiko nuke bertaratu den jendearekin elkarrizketa ukan sutondoan egiten den moduan.


Utzi iruzkina: