Portfolioa (VI)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-05-14 19:34

Berriako hemerotekan saia eta saia ibili naiz, baina ezin loturarik sortu. Ea konpontzen duten .......


“Lesakako Udalaren kontrako helegitea jarri du Behatokiak”, Edurne Elizondo Berria 2005eko maiatzaren 19

Beste artikulu informatibo bat dakart hona. Aurrekoan egin bezala, artikulutik abiatuz gogoeta orokorrago bat egin gura dut. Beste behin ere, aipatuko ditut hezkuntza eta gizartearen arteko harremanak (edo tirabirak). Artikulu honek Behatokiak udal baten kontrako jarritako helegitearen berri ematen digu. Izan ere, euskal hiztunon eskubideak urratu direlakoan salaketa jarri du Behatokiak, administrazio horren lanpostu deialdiaren aurrean.

Gizarteak tira egiten ez badu, hezkuntza elebidunaren fruituak mugatuak izango dira. Hori da behin eta berriro azpimarratu nahi dudan ideia portfolio honetan. Kasu honetan ikusten dugu gizartetik hurren dagoen administrazio batek ez duela tira egin euskararen aldera (berdin zait helegitea zertan geratzen den, argi dagoena da Lesakako udalak ez duela bere etxea konpontzetik hasi). Eta hori larria da.

Euskararen gizarte indarra hein handi batean administrazioan jokatzen da eta administrazioen artean gertukoenetan. Irakaskuntzan euskara aurrera doa, gizarte mugimenduek lan handia egiten dute, baita norbanakoek ere. Baina beharrezkoa da administrazioaren babesa eta geriza. Bultzada denok batera eta norabide berean egin behar dugu. Hori da behin eta berriro errepikatu dudana portfolio honetan.

Euskarazko hezkuntzak berez ezin du gizarte euskaldunik eraiki. Hezkuntza elebidunik gabe, ezinezkoa da, baina hezkuntzatik haratago jo behar dugu. Beraz, hezkuntzari horrenbeste exijitu beharrean, hobe litzateke hezkuntzaren zereginak zehatz-mehatz finkatzea eta hortik aurreragokoak gizartearen esku utzi.

Euskaldunon kontzientziari ere egin gura diot jaramon. Izan ere, euskaldun askok uste du (gero eta gutxiago, Hezkuntza sailaren txostenaren ondoren) eskolak salbatuko duela hizkuntza. Eta hori ez da egia. Eskolak ezin du hizkuntza biziberritu. Gainera, bere eragina gaur egun gero eta murritzagoa da. Horrelako aurreiritziak zokoratu behar ditugu eta beste bide batzuk urratzen hasi.

 


Utzi iruzkina: