Portfolioa ondorioak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-05-30 14:37

 

  • Euskaldunon hizkuntza komunitatea ahula da, konplexuz beteta, herabea, uzkurra, bere buruarengan konfiantza gutxi duena. Hori behin eta berriz agertu da portfolioan, baita Txepetx-en teorietan ere. Gainera, edozein euskaldunak milaka adibide jarri ahal ditu honen inguruan. Ahulezia hauek hezkuntza elebidunean eragina dute eta ez nolanahikoa. Nik esango nuke ahulezia hauek baldintzatzen dutela goitik behera hezkuntza elebiduna. 
  • Gure hizkuntza komunitateak ere bere burua antolatzeko gaitasun paregabea erakutsi du. Hala ere, gaitasun horrek berak frogatzen du gure ahuldadea. Hizkuntza komunitate normalizatuek ez dute guk behar ditugun bitartekoak aurrera egiteko. Auto-antolaketa bitarteko hauek ere hezkuntza elebidunean eragina izan dute. Izan ere, ez zaigu ahaztu behar hezkuntza elebiduna herri mugimenduak sortu zuela orain dela hamarkada batzuk.
  • Hizkuntzaren biziberritzearen gidaritza ez du eskolak eraman behar. Eskolak ezin du hizkuntza baten biziberritzea bere kabuz gauzatu. Eskolarik gabe ezinezkoa da, baina gizartean gauzatu behar dira aldaketak. Normalizazioaren zama eskolak ezin du jasan, gizarteak ere hartu behar du berari dagokiona. 
  • Eskolaren mugak eta komunitatearen ahuleziak nabarmenago azaltzen dira etorkinen aferarekin. Etorkinek ez dute beharrezkoa ikusten euskara ikastea, salbuespenak salbuespen. Zergatik, baina? Zer egin dugu txarto? Gizarte honetan euskara jakitea ez da ezinbestekoa, inondik inora. Hortaz, identitateari loturiko motibazioa ez duen batek zertarako helduko dio hizkuntza ikasteari? Zerk bultzatua? Gainera, kontuan hartu behar dugu etorkinen lehentasunen artean azken aurrekoa izan daitekeela gure hizkuntza ikastea.
  • Hizkuntzak ikasten dira erabiltzearen poderioz. Erabili barik, zure hizkuntza gaitasuna kamutsa izango da beti. Zeregin batzuetan moldatuko zara, baina ez duzu lortuko behar besteko gaitasunik. Erabiltzeak zehazten du ezagutza eta hori ahazten zaie sarritan hezkuntzako profesionalei. Erabili da, beraz, hitz magikoa, erabiltzea izan behar du, honenbestez, edozein irakasleren jarduna gidatuko duen printzipioa. Jardun didaktikoa erabilerara bultzatua izan behar du, erabilera izan behar du jomuga. 


Utzi iruzkina: