Portfolioa (II)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-04-16 18:53
5

Bertendonan hizkuntza eskakizunik gabeko irakasleak egiten ari ziren itxialdiaren inguruko bi artikulu:

1. “Niri ez zitzaidan zaila egin”, Iñigo Bilbao Berria 2005eko martxoaren 24a (kronika)

2. “Nagikeriaren aldarrikapena”, Andoni Seijo Berria 2005eko martxoaren 30a (iritzi artikulua

Hasiera batean lan afera zelakoan nengoen. Izan ere, irakasle batzuek galdu dute eurei zegokien lanpostua behar bezalako prestakuntza ez zutelako. Dena den, euskara tarteko egonik, afera hau guztiz politizatu dute irakasleek eurek eta eurak babesten dutenek. Horregatik, ekarri dut hona, gogoeta interesgarriak jaurti dituztelako han-hemenka hezkuntza elebidunari buruz.

Lehenik eta behin, gogoeta orokorra egin nahi dut honen inguruan eta geroxeago artikuluak iruzkinduko ditut. Has gaitezen, bada.

Euskal Herrian hezkuntza elebidunak erro politikoak dituela ezin uka. Erro horiek behin eta berriro agertu dira auzi honetan. Euskal hiztun komunitateak ez du jakin izan hezkuntza horren aurkakoen argudioak deuseztatzen. Betiko topikoak erabili ditugu: euskara da gure hizkuntza, denok jakin behar dugu, eskolak euskaldundu behar du, … Horrekin guztiarekin ados egonda ere, aurrerapausoak ere egin genitzake. Zergatik euskaldundu behar du eskolak? Espainiatik etorritako etorkinentzat euskara ez da euren hizkuntza, ezta? Oso diskurtso pobrea darabilgu, errepikatzearen poderioz higatua dagoena.

Sektore politiko jakin batzuetatik etorri den iritzi-oldeari gure “inteligentsiak” nola edo hala eman dio erantzun, eskubideak, legeak eta abar aipatuz. Hori berez ez da makulu txarra, baina legeak-eta horren eskuzabal interpreta daitezkeenez, eurek ere legeetan bila dezakete geriza. Diskurtso potoloagoa behar dugu, jantziagoa, gure praktika babestuko duena, hizkuntza aniztasuna eta ekologia oinarri harturik. Bestela, hankamotz ibiliko gara, umezurtz, iritzi-oldearen aurrean erantzun ezinik.

Lehenengo artikulua kronika bat da, Iñigo Bilbao kazetariak Berrian argitaratutakoa. Kronika horretan IRALE programaren bidez euskaldundu diren lau irakasleen bizipenak kontatzen ditu. Artikulu hau oso interesgarria da bizipen pertsonalen bidez IRALE eta azken bi hamarkadetan irakasleek euskalduntzeko egin duten ahalegina ulertzeko.

Artikulu honetan irakasleak euskalduntzeko sistemak izan dituen akatsak eta bertuteak azaltzen dizkigute irakasle hauek. Izan ere, denek aitortzen dute oraindik trebatu beharra daukatela, nahiz eta hizkuntza eskakizuna izan.

Honek ondorio batera narama: IRALEk bere fruituak eman ditu, baina ez da nahikoa izan. Irakasle askok trebatu beharra dauka, hizkuntza eskakizuna gorabehera. Hortaz, agian IRALE programa berritu beharko litzateke. Gaur egun, hizkuntza eskakizunik gabeko irakasle gutxi geratzen da. Agian, hizkuntza eskakizuna duten irakasleei begira lan egiteko ordua heldu da. Hauek dituzten hutsuneak detektatu eta horiek betetzen joateko.

Kronika honetan Txani Gomez sukaldariak botatakoa nabarmendu nahi dut. Berak dioenez, sukaldean lan egiten duten askok ez dute euskaraz jarduteko gaitasunik. Nire ustez, zerbitzuko langile guztiak euskaldunak izan behar dira ikastetxea B edo D eredukoa bada. Bestela, alferrik gabiltza. Bestela, ikasleek euskara akademikotzat hartuko dute, batez ere zonalde erdaldunetan. Ikastetxe hauek euskaraz biziko diren uharteak izan behar dira gutxienez, gero beste uharte batzuk eraikitze aldera

Bigarren artikulua iritzi artikulua da, Andoni Seijok Berrian argitaratutakoa, Analisia sailean. Gai asko ukitzen ditu egileak honako artikulu honetan, beti ere Bertendonako irakasleen aferatik abiatuta. Nik horietatik batzuk aipatu eta komentatuko ditut eta beste batzuk, berriz, ez ditut jorratuko. Batez ere, borondate eta legeen gainean egiten dituen aipamenei ekingo diet.

Legeak lege, euskal hiztunon eskubideak egunero urratzen dira non-nahi. Hori argi frogatu dute Behatokikoek euren txostenetan. Nire ustez, EAEn dauden legeak ez dira nahikoak, baina horiek beteko balira, gaitz erdi. Izan ere, legeak dioena borondatearekin uztartu behar da, bestela jai dugu legearekin. Legea betetzeko borondatea erakutsi behar dute arduradun politikoek, Andoni Seijok dioen modura. Baina maiz ez da horrela. Administrazioak etxetik hasi behar du; etxetik hasi ezean, ez dauka legitimitaterik ezer eskatzeko.

Dena den, askotan euskaldunok berba potoloekin itsutu egiten gara: legea, eskubidea, ofizialtasuna, … Hauen eragina gutxietsi gabe, bada garaia egunez egunekoari garrantzi handiagoa eskaintzeko denbora alferrik galtzen egon baino. Izan ere, orain dela urte batzuk eskolak euskara salbatuko zuela uste zuten askok, baina ez da horrela izan. Benetako ofizialtasuna omen da oraingoan salbatzaile. Nago, hala ere, hori baino gehiago behar dugula. Ofizialtasunak lagunduko luke, jakina, baina ez dirudi bera bakarrik gure hizkuntza normaltzeko kapaza denik. Bestela, hortxe daukagu Irlandaren ikasgaia.

Benito

Benito 2007-04-18 19:10 #1

Gustatu zait diskurtsoarena, eta egia esanda gutxitan entzun-irakurri dut horralako kritikarik. Neuri euskararen inguruko diskurtso publikoak fosilizatuta begitantzen zaizkit sarritan. Badirudi euskaltzale asko halako lubaki berbal batean daudela gotortuta.

mikel

mikel 2007-04-19 16:17 #2

Nik diskurtsoaren kritikarekin ados nago, gutxi gorabehera. Kritikak bai, baina irtenbideak? Herri honetan maiz kritika egiten da, baina konponbiderik aurkeztu ez.

txerra

txerra 2007-04-20 10:01 #3

Aupa Mikel:

Labur-labur aipatzen dut artikuluan bertan hizkuntza ekologiaren ikuspuntuak erabili beharko genituzkeela diskurtso horri aurre egiteko. Kritika luzeagoa da, horretan arrazoia duzu.
Orain bi urte hori uste nuen. Gaur egun, ez nago horren ziur. Hizkuntza ekologiaren ikuspuntua sinpatikoagoa da, hori ezin uka. Eta zenbait kasutan eraginkorragoa. Baina lubakietatik atera behar garela uste dut, eta denon artean adostu zein izan beharko litzateke diskurtsoa. Aurreko post batean honen gaineko iritzia ere eman nuen.

mikel

mikel 2007-04-20 10:43 #4

Eta zertan datza hizkuntza ekologia hori? azalduko al didazu, mesedez.

txerra

txerra 2007-04-20 14:36 #5

Hizkuntza ekologia zer den? Saiatuko naiz azaltzen, baina agian erantzun batean baino, post batean. Erronkari eusten diot, baina datorren astean izan beharko. Konforme?

Utzi iruzkina: