Medeak
Genero-ariketak liburua irakurtzen ari naiz. Mamitsu dator eta niretzat berritzaile. Irakurtzen ari nintzela Medeak taldeak idatzitako testu honekin egin dut topo. Eta euskalgintzarekin oroitu egin naiz (eta ez dakit zergatik!):
(...) Mugimendu Feminista, 80. hamarkadan sortutako talde eta eragileen baturatzat hartzen da. Oro har, talde horiek asanblada-egitura batekin funtzionatzen dute. Uste da, edo pentsatzen da, mugimendu hori instituzioetako feminismotik at dagoela, eta izaera ematen dien lan ildo batzuk dituela; hala nola, abortua, indarkeria sexista, parte-hartze politikoa, … Baina, ordea, bada instituzioetako feminismoaren eta Mugimendu Feministaren arteko harremana. Kasu batzuetan, gainera, urteekin ahuldutako mugimendu feministak instituzioetako feminismoari utzi dio mugimenduaren ardura.
Eduki eta gai batzuek instituzioetan haien lekua izan dezaten lortu du Mugimendu Feminista Klasikoak (oro har, legeen bidez). Ez dugu ukatzen lan egiteko esparru bat izan daitekeenik, baina argi dago ia ezinezkoa dela ahalegin horiek mugimenduan eraginik izatea, edo mugimendua aberastea. Era berean, ia ezinezkoa da instituzioetan aritzeak mugimenduan eztabaida eta eduki berriak sorraraztea, kontrara, gure ustez; ikusezintasuna dakar, eta taldeak erretzea eta nekatzea, edukiak agortzeaz eta indargabetzeaz gain.
Badakigu instituzioetako feminismotik ezer gutxi espero dezakegula, nahiz ez dugun bere funtzioa ukatzen eta estrategikoa izan ez daitekeenik uste. (...)
Uste dugu “instituzioak bai ala ez” afera oso konplexua dela. Gauza interesgarriak egin daitezke instituzioekin. Gainera, justizia eta etika feministari dagokion zerbait da errekurtso publikoak banatzea. Ez dugu arazorik halakoetan parte hartzeko. Baina hori ezin liteke izan dena, ezin liteke izan azken helburua. Gure instituzioekiko parte-hartzea puntuala da, eta betiere gure taldeko interesak kontuan hartuz eta aliantza feministetatik lan eginez. Arriskutsua iruditzen zaigu talde feminista baten praktika politikoak instituzioetan sistematizatzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: