Mari Jose Azurmendirenak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-03-04 18:54

Aurrekoan Mari Jose Azurmendiri elkarrizketa egin zioten Argian . Banuen gogoa hona igotzeko hango zenbait pasarte, baina oso lanpetua ibili naiz eta blogari ezin izan diot eman behar zuen denbora. Baina inoiz ez da berandu, ezta? Hona hemen pasarte batzuk:

Horregatik da aski hamar laguneko talde batean erdaldun bakarra egotea erdaraz aritzeko?

Hori oso gogorra da. Nola egin horri aurre? Psikolinguistikoki, gure ikerketa enpiriko gehienetan euskaraz jarduteko hautua egiteko, ezagutza maila altua behar dela ondorioztatzen da. Horrek bi norabideetan balio du. Alegia, euskara erabili gabe ezin daiteke ezagutza osorik lortu. Gurean ere, nahiz eta askotan kontrakoa esaten diguten, ez dira aparteko bi mundu ezagutza eta erabilpena. Uste duguna baino askoz lotuagoak daude. Bestetik, soziolinguistikoki, sare sozialaren garrantzia dago. Sare sozial horretan gailentzen den hizkuntza erabiltzeko joera dugu guztiok. Gertatzen dena da geroz eta nekezagoa dela sare sinple eta unibokoak aurkitzea. Globalizazioak interes ezberdinen arabera ehundutako sare anitz eta aldakorrak ekarri dizkigu. Bakoitzak ukan ditzakeen lagun talde eta inguru ezberdinez gain, garrantzi handia hartzen ari diren bilgune zibernetikoak daude. Horrek zer esan nahi du? Orain arte, bakoitzak kontrolatzen zuela bere sarea, baina orain kontrolpetik kanpo doakiola. Apenas erabakitzen den barrutik kanpora, kanpotik barrura baizik. Kontuan hartuz gero hori dela gailenduko den harreman sare mota, eta sare horretan euskararen presentzia ñimiñoa dela, ederra panorama! Oso epe motzean datorrenari aurre egiteko bere menpekotasunetatik askatu behar du euskarak, bestela...
 

Hizkuntza politikak diseinatzerako orduan, aintzat hartzen dira orain arte esandakoak?

Neurri batean bai, baina ez aski. Hala ere, egiten dutenaren alde nago. Oraingoz behintzat, instituzioek egiten ez dutena besteek bakarrik eginez euskara salbatuko dela pentsatzea mirarietan sinestea dela iruditzen zait. Instituzioetatik proposatzen dena eta bestelako erakundeetatik lantzen dena, adostutako ildoen araberakoa izatea litzateke ideala, baina hori arrantzura larrera joatea dela dirudi. Esan behar da instituzioetan daudenek ez dutela beti nahi dutena egiten, ahal dutena baizik. Erabakiak indar politikoen menpe daude. Horregatik da beharrezkoa, gizarte erakundeak disgustura eta kritiko agertzea instituzioetatik planteatzen denarekiko, asko eskatuz lortzen delako zer edo zer. Euskarak iraun baldin badu gizarte erakundeen lan eta presioari esker da, baina gaur egun, horrekin bakarrik ez daukagu zereginik. Geroz eta argiago ikusten dut instituzioen eragina ezinbestekoa dela, instituzioen eta gizarte erakundeen arteko sinergia sortzea premiazkoa litzatekeela. Neurri batean, sinergia hori existitzen da, baina betiko gatazkatxoak euskararen kaltetan direla uste dut. Badakit eskatzen dudana zaila dela, baina...
 

Euskararen aldeko kanpainek eragina dute gugan?

Komunikazioa lantzen dutenek badakite komunikazioaren indarra zenbaterainokoa den, eta eragina ukaezina da. Baina eragina positiboa ala negatiboa da? Hor ere denetik dago. Euskararen alde ez daudenek, erdara nagusi dela jakinik, euskaldunak isilik egotea nahi dute, dominatzailearen indarraren arabera, berez lortuko dutelako erdararen indartzea. Jakina, ez dira ez itsuak, ez gorrak, eta ez tontoak, eta euskararen aldeko kanpainak ikusten dituztenean, eragin negatiboa sortzen da eurengan, eta kontra-erasoa prestatzen hasten dira. Dominatzailea izatea pribilegio handia da, beti zaude eskutik. Dena den, jende bat kontra edukitzea konstante bat izan da euskararen historian, eta dominatzaile ez bagara ere hala bagina legez jokatu behar genuke, autonomia gehiagorekin, hainbesteko menpekotasunik gabe. Hori bai, gure egoeran dena da erlatiboa eta ezin dugu erlatibotasun hori gabe jokatu.
Identitatea

“Euskararen erabilera esplikatzeko, identitatea da aldagai psikosozial edo soziopsikologiko indartsuena. Hortaz kontziente garen? Identitatea oso sakona denean nekezak diren kontuak nahiko errazak balira legez egin daitezke. Zenbat eta asimilatuago eduki, orduan eta modu inkontzienteagoan edo automatikoagoan egiten da dena”.


Utzi iruzkina: