Azken aldi honetan, aipuei hartu diet kariñoa-edo. Gaur beste bat, gaurkoan IV. Inkesta Soziolinguistikoaren gainean. Egun hauetan horri buruz irakurri dudan analisirik sakonenak. Xabier Isasi, Iñaki Martinez de Luna eta Paula Kasaresenak.
IV Inkesta
Soziolinguistikoa aztertuta, euskararen berreskuratze prozesuan aurrera
egin dela, baina datu kezkagarriak ere badirela uste dute Xabier
Isasik, Iñaki Martinez de Lunak eta Paula Kasaresek.
Lokartzeko motiborik ez
Ainhoa Sarasola Andoain
Euskara dakiten eta egunerokoan erabiltzen duten herritarren
kopurua gora doa urtetik urtera. Ondorio hori utzi du Eusko
Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak asteon aurkeztutako IV.
Inkesta Soziolinguistikoak, besteren artean. Baina ez da izan
azterlanak utzitako ondorio bakarra. Datuen azterketan sakontze aldera,
Xabier Isasi Gaindegiko lehendakari eta EHUko irakaslearekin, Iñaki
Martinez de Luna soziologo eta EHUko irakaslearekin, eta Paula Kasares
NUPeko irakaslearekin mintzatu da BERRIA. Pozteko moduko datuak, bai,
baina aldi berean, euskararen berreskuratze prozesuan lokartzeko batere
motiborik ez dagoela uste dute hiru adituek.
xabier isasi
EHUko irakaslea
«Moteltze prozesu batean gaude ezagueran eta nabarmenago, erabileran»
«Nire ustez, inkestatik orokorrean eratortzen dena da euskararen
berreskuratze prozesua aurrera doala, baina espero baino mantsoago.
Urteotan bildutako datuak norabide berean doaz. Ez bakarrik erabileran,
baita ere ezagutzan, berreskuratze prozesua moteltzen ari da. 1991eko
lehen inkestatik funtzioa marrazten bada, ikusten da mantsoago hazten
ari dela euskaldun kopurua, eta erabilera are mantsoago.
Gazteen aldetik, Euskal Herri osoan, badirudi euskararen
aldeko joera orokorra dela. Datu oso on moduan ikusten dut euskaldun
kopurua gero eta handiagoa izatea gazteen artean. Erabilera eremuak
pixkanaka ari dira zabaltzen, baina ez behar beste. Gazten artean bada
proportzio esanguratsu bat, erdia baino gehiago, ama hizkuntza erdara
duena. Horrek esplika lezake erabilerarena, baina neurri batean
bakarrik.
Lurraldeen arteko ezberdintasunak ere hor daude. Argi dago
euskara berreskuratzeko politika aktiboa dagoenean prozesua bizkortu,
sendotu egiten dela. Iparraldean euskararen egoera biziki zaila da. Eta
Euskal Herri osoan euskaldunak biztanleen laurdena garela berriro ere
ikustea oso datu kezkagarria da.
Iragarpenei dagokionez, egun ekonomiaz esaten da motelaldia
dagoela, eta, hitz bera erabilita, esango nuke gauzak ez badira
aldatzen, datozen urteetan moteladia areago egingo dela.
Hizkuntza guztietan gertatzen den gisan, erabilera maila
jakina ez bazaio ematen, galtzen da. Hiztun aktiboak lortzeko,
bizitzaren bestelako eremuetan zabaldu behar da, eta, batez ere,
euskararen hizkuntza komunitatea trinkotu. Niretzat, hizkuntzaren
definizio onena da hizkuntza inorena izan gabe, guztiona den zerbait
dela. Euskara gaur arte iritsi bada, giza taldeen ekarpenagatik da.
Esan behar dut euskararen berreskurapenaren parekorik ez dela
Europan XXI. mendean, hori aitortu behar da. Baina horrek ez du kentzen
oraindik UNESCOk euskara desagertzeko arriskuan den hizkuntzatzat
hartzea. Lautik bat gara. Talde mailako indarrak aktibatzeko gauza
bagina, askoz hobeto bizi gintezkeen euskaraz».
iñaki martinez de luna
EHUko irakaslea
«Tentsio puntua mantentzea beharrezkoa zaio egoera gutxituan den hizkuntza bati»
«Nabarmentzekoa da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldea.
Hegoaldeko joera lehendik antzematen zen bera da, eta ezagutzan gora
egitea ona da. Kezkagarria da Iparraldean oraindik joera beherakorra
izatea.
Absolutuki gazteek gehiago erabiltzen dute euskara, baina
gazte euskaldunek, proportzioan, gutxiago. Gazte asko etxetik ez dira
euskaldunak eta, eskolan euskaraz murgilduta egon arren, eskola orduez
kanpoko bizi ia osoa erdaraz egiten dute. Gaitasuna dimentsio
indibiduala da, baina erabilerak dimentsio soziala du; ez da bakarrik
jakitea, baizik eta elebidun horrek, dagoen egoeran, hizkuntza erabili
ahal izateko hainbat baldintza agertzea.
Datu onena norabidea da; euskararen ezagutza areagotzea ez da
halabeharra, herri batek bere hizkuntza berreskuratzeko gogoa duelako
da. Kezgakarriena, aldiz, erabilerak behar dituen gizarte baldintzez
jakitun ez izatea. Ezagutzatik erabilerara dago jauzi handia, eta
jauzia ondo egiteko, behar dira gizarte baldintza egokiak. Hori aldatu
ezean, erdal baldintzetan funtzionatzen duen gizartean murgiltzen ari
dira euskaraz ikasten duten gazte asko.
Iragarpena ez da erraza. Egungo baldintzak bere horretan
mantenduta, bilakaera antzekoa litzateke. Kontuz ibili behar dugu
hamarkadetan izan dugun euskararekiko tentsio puntua asperduraz edo
inertziaz ez galtzeko. Tentsio puntua beharrezko zaio egoera gutxituan
den hizkuntza bati; galduz gero, hedatuena, normalizatuena guztiaz
jabetzen da, erdara. Lokartuz gero, gureak egin du».
paula kasares
NUPeko irakaslea
«Datuak ditugunetik, lehen aldia da Iparraldeko gazteen artean irabaziak neurtu direla»
«Nabarmen dira Euskal Herriko dinamika ezberdinak lurralde
administratiboen arabera. Datu onena da, Iparraldeko gazteen artean
atzeman den ezagutzaren igoera. Datuak ditugunetik, lehen aldia da
gazteen artean irabaziak neurtu direla. Ezagutzak behera etengabe egin
badu ere, datu horrek argi-izpia ematen du.
Daturik kezkagarriena, berriz, EAEn gazteen artean ezagutza
handitu bada ere, elebidunen tipologia kezkatzeko elementua da
hizkuntzaren bizitasunari, hau da, erabilerari begira -horietako bosten
bat baino ez da moldatzen euskaraz erdaraz baino hobe-.
Azken 15 urteotako balorazioan, Euskal Herrian diren hizkuntza
politika ezberdinen eraginak gero eta nabarmenagoak direla esango nuke:
EAEn ikusten den euskaldungoaren sendotze demografikoa ez da Nafarroan
eta Iparraldean ikusten. Aurreikuspena zaila da. Aldaketa demografikoak
gertatzen ari dira, eta elementu oso desorekatzaileak izan litezke
politika egokiak ezarri ezean. Baditugu datu itxaropentsuak; Nafarroan
%51,8tik %34,2ra pasatzea euskararen aurkako jarrera, adibidez.
Iparraldean bereziki, euskararen egoera larria da oso; Nafarroan ahul
dago».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: