Jakin, jabetu, ahaldundu, boteretu
Bat aldizkariaren 98. zenbakian Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek “Euskalgintza eta feminismoa” izeneko artikulua idatzi dute. Handik lerrokada hau kopiatu dut, nire ustez, jakin, jabetu, ahaldundu eta boteretu aditzak ederto batean azaldu dituztelako. Eta ez langintza erraza, batez ere kontuan hartuta lau berba hauen inguruan dagoen txolopotea. Ea zer deritzozue:
“Feminismoak subordinaziotik eragile edo agente eraldatzaile izateko lau urrats markatzen ditu: jakin, jabetu, ahaldundu eta boteretu. Jakin, emakumea -edota euskal hiztuna- menpeko egoeran dagoela; jabetu zu zarela menpeko egoeran dagoen emakume hori -edo hiztun hori-, edo zure ondoan dagoena, eta zure gorputzean bizi duzula sentitzea, eta zurekiko eguneroko menperakuntza praktika horiei izena jartzea, eta non eta noiz eta nola gertatzen diren kontzientzia hartzea; ahaldundu, tresna teoriko-praktikoak landuz menderakuntza egoerei aurre egin ahal izateko. Eta boteretzeak, kolektibo edota gizarte gisa boterearen kudeaketa eta botere harreman justuago eta berdinzaleagoen posibilitatea eta beharra dakar berarekin. Kontzientziazioaren ohiko definiziotik harago doa. Parte hartze politiko formala aberastu eta gainditu egiten du, eta eskubide urraketak eta testuinguru politiko eta kultural orokorra aztertu, eta norbanakoarengan eta taldearengan eraldaketan zerikusia duten eta aldaketa bera oztopatzen duten prozesu psikologiko, politiko, kognitibo eta ekonomikoak hartzen ditu aintzat. Legeak aldatzetik harago doa boteretzea. Proposamen politiko eraldatzaile integral bat da dakar berarekin”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: