Hiztun oro normalizatzaile bihurtu

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2012-09-14 16:54

Argia aldizkarian idatzi dudan artikulua. Eskerrik asko Onintza!

Gurean ez da oso ohikoa esaldi berean hizkuntza normalizazioa eta justizia soziala berbak aurkitzea. Gurean ez da oso ohikoa honen moduko galderak egitea: izan al zaitezke feminista gaztelaniaz biziz? Hori dela eta, Galizia aldera jotzea erabaki nuen uztailean, hango udako ikastaro batera.



Hizkuntza teknikarien koordinadorak eta A Coruñako (Galizia) unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetan uztailean.
Hizkuntza teknikarien koordinadorak eta A Coruñako (Galizia) unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetan uztailean.

Ikastaroa Carballo herrian izan zen, A Coruñan. CTNLk (Coordinadora de Traballadores/as de Normalización da Lingua, hango hizkuntza teknikarien elkarteak) eta A Coruñako unibertsitateak antolatu zuten, hiru egunetan. Hizkuntza normalizazioa eta justizia soziala jarri nahi izan zituzten harremanetan. Horretarako, ekologistak, etorkinak, ekintzaileak, feministak, lesbianen eskubideen aldekoak, gazteak eta abar gonbidatu zituzten jende aurrera.

Galizieraren alde egitea zuzena da, bidezkoa da. Eta zuzenak diren beste aldarrikapenekin bat egin behar du galizierak. Horixe da jardunaldietan antolatzaileek ateratako ondorio nagusia. Beste ondorio batzuk atera ditut nik bederen. Agian, horiek gure hizkuntza egoerara egokitzeko bide ez oso malkartsua izan dezakete.

Behin baino gehiagotan aipatu zuten autokonfiantza hitza hizlariek eta jardunaldietako partehartzaileek, modu horretan zein bestelakoetan (harrotasuna, boteretzea…). Galizieraren alde jardun dutenak orain arte goi mailako funtzioei begira aritu dira: unibertsitatea, komunikabideak, irakaskuntza, administrazioa, justizia… Goi mailako funtzioei begira eta maiz administrazioari eskean.

Baina gauzak aldatzen ari dira, apurka bada ere. Hor daude azken urtean sortu diren partaidetza herritarreko komunikabideak (Sermos, Praza, Dioivo), partaidetza herritarreko eskolak (Semente, Galiza co galego ekimena), interbentzio eredu berriak (Burela eredua) eta abar.

Eta agian, ziaboga hartzeko unea heldu dela adierazi zuten jardunaldian. Agian, estrategia aldatzeko unea heldu dela. Horrek ez du esan nahi goi mailako funtzioen aldeko lana bertan behera utzi behar denik, ez du esan nahi administrazioari eskatu behar ez zaionik. Inola ere ez. Baina lan ildo berriak lantzeko momentua heldu da akaso.

Hiztuna mimatu

Orain arte, galizieraz egiten duenari ez zaio behar besteko jaramonik egin. Ez dira hiztunen jarrerak sakon landu, ez da leialtasuna modu zuzenean jorratu. Eta bada garaia galizieraz egiten dutenak zaintzeko, bada garaia horiek babesteko, horiek baitira normalizazioaren benetako protagonistak, benetako akuiluak.

Eguneroko praktika ohikoei garrantzia eman behar zaie, leialtasunaren hauspoa puztu. Ezinbestekoa da konfiantzaz eta harrotasunez lepo dauden hiztunak izatea. Komunitate bakoitzak bere burua jagon egin behar duelako, bere burua gobernatu. Baina horretarako komunitatean sinisten duten hiztunak behar-beharrezkoak dira.

Komenigarria da oso, beste mugimenduek –bidezkoak diren beste aldarriak dituzten mugimenduek– erabili dituzten tresnak aztertu eta, ahal den neurrian, hizkuntza normalizazioari egokitzea: adibidez, feministek erabilitako boteretze-estrategiak, aurreiritziak zapuzteko teknikak, administrazioarekin negoziatzeko eta borrokatzeko moldeak...

Helburua: eredu izango diren hiztunak sortzea eta babestea. Galizieraz egiten duen oro, hein batean bada ere, normalizatzailea da, hizkuntza aldaketaren (edo aldaketa ezaren) bultzatzailea. Galizieradunek barneratu behar dute normalizatzaile direla eta euren hizkuntza jarrerak aldatzeko bideak hartu. Horretarako, beharrezkoa da hiztun horiek mimatzea.

Bestelakoez ere aritu ziren han: jasangarritasunari buruz, hizkuntza transmisioaz, arnasguneei buruz, gertutasunari buruz, inperialismo linguistikoaz, sare horizontalei buruz, Interneti buruz…

Aldeak alde, eta hizkuntzak hizkuntza, jardunaldietan bizitakoa ez da gurean bizi dugunaren oso ezberdina. Kontu batzuetan, ia-ia Galizia jartzen den lekuan Euskal Herria jarri eta emaitza berdintsua izan daiteke. Hala ere, aberastu egiten da bat bestelako errealitateak eta kezkak jasotakoan.


Utzi iruzkina: