Galizia eta galiziera: brotxa lodiko eta meheko zertzelada batzuk

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2016-01-04 09:12

Galiziako soziolinguistikari buruzko zertzelada batzuk, haietako batzuk brotxa lodikoak eta beste batzuk brotxa finekoak, baina zertzeladak guztiak:

Diglosia eredua apurtzen:

Orain dela 50 urte arte, diglosia zegoen Galizian. Baina gaur egun (oraindik badirauen arren) apurtzen ari da, bi indar nagusiren eraginez:

  • Landa eremuan gaztelaniak gero eta presentzia handiagoa du. Gaztelaniak jarraitzen du izaten aszensore soziala. Funtzio intimoenetan gaztelaniak gero eta leku handiagoa du.

  • Hiri eremuan neofalanteak ageri dira. Eta horiek funtzio ez intimo batzuetan galiziera ari dira sartzen: administrazioan, unibertsitatean eta eskolan, komunikabideetan, ...

Hala ere, ezagutza ia %100ekoa da, eta horrek ahalbidetzen du (hemen ez bezala) galizieraz bizi ahal izatea, zonalde erdaldunduetan ere.

 

Egoera zenbait arlotan:

- Irakaskuntza:

- Ez dago galiziera hutsezko ikastetxerik. Eta ez dago galizieraz irakasten ez den ikastetxerik. Baina gutxienekotik urrun, batez ere hiri eremu gaztelaniazkoetan. Umeak etxera etorri gaztelaniaz (gurasoek galizieraz egin arren).

- Kimu berriak: Semente-ak (Compostela, Vigo eta Ferrolterran). Galiziera hutsezko ikastolak, autogestionatuak eta autonomoak. Iraultza txiki bat ekarri du galizieraren aldeko mugimendura.

- Galizieraren aldeko mugimendua: indar bizia izan du mobilizazioetan azken urteotan. Hala ere, hortik kanpo, eragin gutxikoa: herri/auzo mailako erakunderik ez (gure euskara elkarteen modukoak), … Nahiko alderdikoia (oso lotuta BNGrekin).

- Corpusaren inguruko eztabaida (eta zatiketa): reintegratak etorkizunari begira dabiltza: gazte jendea, diskurtso pragmatikoa … Hala ere, setakeriak oraindik dirau eta eztabaida lasai eta sakona egiteko oinarririk ez (oraindik).

- Komunikabideak: toki mailako gutxi (baten bat), telebista eta irrati publikoa (galiziera hutsezkoak)    eta internet bidezkoak (generalistak Praza, Sermos; gaikakoak dezente). Ekimena handia, baina egoera hala ere oso prekarioa da. Izan ere, ez dago egunkaririk, paperezko astekari bakarra dago (Sermos, BNGri lotua), ...

- Administrazioa: galizieraren aldeko diskurtsoa, baina praktika ez (salbuespenak salbuespen). Galiziera teknikarien egoera prekarioa, daudenetan. Gainera, Gobernuak dinamizazio sarea osatu du eta ematen du normalizazio teknikariak murrizteko ahalegina baino ez dela. Gobernuaren partetik, plangintza orokorrik ez. Aipatzekoa Burela herriko eredua: behetik gorako plangintza.

- Kulturgintza: hainbestean alderdi askotan: literaturan, komikigintzan, ikus-entzunezkoetan, musikan, … Hemen baino orekatuago (eta, oro har, motelago). Adibideak: culturgal, disquecool (tendentzien inguruko webgune moderno eta profesionala), komikigintzan Demo editorial eta O garaxe hermetico komiki eskola, Xiana Ariasek egiten duen “Onda vital” irratsaioa, udako festibalak (Salvaterra, As Rebenidas, Festigal, …), Vigoko regueifa eskola, Chévere antzerki taldea, haur munduko literatura eta musika (liburu-CDen eztanda azken urteotan), arkeologia partehartzailearen inguruan dagoen mugimendua (Manuel Gago), María Lado eta Lucía Aldao komikoak, Os da Ría musika-umore taldea, ipuin kontalarien inguruko mugimendua, Leandro Lamas pintorea, ...


Etorkizuneko gakoak, nire ustez:

 

- Corpusaren inguruko eztabaida gainditu

- Inori ezer eskatu barik, egin: autogestioa eta autonomia oinarri, Semente, Praza edo horien tankerako proiektuak biderkatu: herri/auzo mailan, kulturgintzan, eskualde komunikabideetan, …

- Galizieraren inguruko aurreiritzi, topiko eta abarrak suntsitu: behetik gorako lanetan eta goitik beherakoetan.

- Belaunaldien arteko transmisioa/sozializazioa helburu.


Utzi iruzkina: