Euskara gazte jendea Lasarten
Lasarteko faktoriak indartsu jarraitzen du. Hirugarrenez 20 urtetan, gazteak eta euskara aztertu dituzte han. Eta liburu ederra ondu (eta guztion eskuetan paratu interneten). Liburua irakurrita, handik ateratako kontu batzuk (Lasarterako zein kanporako balio dezaketenak):
1. Ama euskalduna dutenek eta ama erdalduna dutenek, nahiz batzuek eta besteek 0-3 urte bitartean jasoa izan, guztiz bestela jokatzen dute euskarari dagokionez.
2. Gazteek euskararekiko oso sentimendu bizi eta aldekoa dutenean, haietako oso proportzio handi batek euskaraz egiteko oso gaitasun ona izaten du, eta proportzio handi batek ere beti egiten du euskaraz lagun euskaldunekin. Nolabait, maitasunaren, gaitasunaren eta erabileraren artean dagoen harreman estu-estua garbi erakusten du horrek.
3. Helduak dira gizartearen sektore aktibo eta erabakitzailea. Haiek dira gizartearen erdigune, enbor eta ardatza. Helduen jokaeren antzera egingo dute haurrek eta gazteek, heldu izan nahi dutenez gero.
4. Haur eta gazteen euskalduntzearen itxaropena helduengan dago, eta oso bereziki haur eta gazteekin harreman zuzen eta ugaria duten helduengan. Euskalduntzeaz aritzea, ordea, ez da hizkuntza-gaitasunaz aritzea, hizkuntza jokaera euskalduntzea baizik. Hau da, euskaraz egiteko baldintza egokiak daudenean, euskaraz egiteko joera eta ohitura hartzea.
5. Irakaskuntzak eman dezakeena dagoeneko oso gertu dago bere punturik gorenetik. Ahozko erabileraren auzia gehiago jokatzen da etxeetan eskoletan baino. Eskola ari da etxearen egitekoa ordezkatzen, egiteko hori esparru formal batek partzialki baino ordezkatu ezin duenean. Familia euskaldunak ugaltzetik etorriko zaigu euskararen erabilera naturala areagotzea.
6. Noiz izan daiteke familien hizkuntza-portaeretan eragiteko une egokia? Bikote baten euskararen oinarriak finkatzeko une egokia da bikoteak osatzen diren garaietan eragitea. Energia-gastu txikiagoa dakar harreman berria sortzerakoan hizkuntza-norabide jakin bat emateak, harreman zahar eta finkatuaren hizkuntza-ohitura iraultzeak baino.
7. Lasarte-Orian gazte eremuan baldintza objektiboak daude harreman asimetrikoen estrategia era zabal eta sistematikoan erabiltzeko (harreman asimetrikoak: elkarrizketa batean kide batek hizkuntza bat eta besteak beste bat erabiltzen dutenean). Belaunaldi kementsu bat behar du euskalgintzak. Elebitasun pasiboak ematen duen komunikatzeko aukeraz baliatuta, euskaraz egiteko gogoa eguneroko jardunean gauzatuko duena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: