Eralan: elkarrizketa Inazio Markorekin
Gaurko Berrian elkarrizketa egin diote Inazio Markori Eralan dela-eta. Hona ekarri dut:
Inazio Marko - Eralan proiektuaren zuzendaria
Eralan aurkeztu dute, enpresetan euskara sustatzeko proiektua. Zuzendariak ezinbesteko jo du langileen parte-hartzea.
«Euskara egoera berrietara ari da egokitzen, baina gehiago behar da»
Garikoitz Goikoetxea
ZamudioEralan, 2005ean hasitako proiektua, atzo
aurkeztu zuen Inazio Marko zuzendariak, Zamudioko teknologia parkean
(Bizkaia). Enpresetan euskara erabiltzea zein faktorek eragiten duten
eta horietan nola eragin aztertu dute. Epesa metodologia sortu dute
(Euskara planetan esku-hartze analitikoa egiteko metodologia).
Nondik sortu zen proiektua?
Soziolinguistika Klusterrean sortu zen. Hainbat kide arlo
horretan lanean ari gara, aholkularitzan eta. Klusterraren barruan
kezka bat jarri zen mahai gainean, eta horrela hasi ginen.
Bi hitzetan, zer egin duzue?
Ikerketa proiektua izan da. Euskara planak dituzten erakunde
publiko eta pribatuetan erabilerari eragiten dioten faktoreak aztertu
nahi izan ditugu, eta gero horien gainean eragiteko metodologia bat
sortu. Metodologia hori probatu egin dugu egin diren zazpi
esku-hartzeetan.
Euskara planak edukirik, zertarako era horretako ikerketa?
Euskara planek ikuspegi oso bat izaten dute, eta hainbat
alderdi dituzte: erabilera, organoen funtzionamendua, ezagutza lantzeko
eskolak eta bestelako trebakuntzak... Guk gehienbat pertsonen arteko
harremanetan erabilerari eragiten dioten faktoreak aztertu nahi
genituen, eta horietan eragiteko, metodologia berri gehiago behar
ditugu. Emaitzak eman dituzten ekintza asko egiten dira -bestela, ez
ginateke egongo gauden tokian-, baina gehiago behar dira.
Erabilera sustatzeko metodologia sortu duzue; Eusko
Jaurlaritzak eta Kontseiluak ere hori nahi dute. Orain arte ez zaio
behar adinako garrantzia eman erabilerari?
Uste dut urteetako prozesu batean ari garela ikasten. Garai
bakoitzak gauza bati ematen dio garrantzia. 1960ko hamarkadan zen
eskolak sortu behar zirela; gero, euskaltegiak-eta behar zirela; gero
etorri ziren hizkuntz eskakizunak eta horrelakoak... Horrek guztiak
ekarri du azke-nean ari garela pixkanaka ezagutza eta esperientzia
hartzen eta egoera berrietara egokitzen. Baina gehiago behar da.
Erabilerarena azken hamarkadako gaia da.
Esku-hartzeak proposatu dituzue.
Hainbat esku-hartze mota egon dira, baina parte-hartzea
azpimarratu nahi nuke. Tokian tokiko direnekin, bertako langileekin
batera bideratutako prozesuak izan behar dute. Beraiek izan behar dute
protagonista. Ez du izan behar teknikari batek esaten duena. Esparru
orokor bat egon behar du, erakundearen erabaki orokor bat egon behar
du, arautegi orokor bat, balio orokor bat. Baina, ezinbestean, tokian
tokiko langileek egin behar dute.
Arauekin ezin da bermatu erabilera?
Enpresaren arauen bitartez gauza asko jartzen dira. Enpresetan
arautua egoten da langileen artean zer gauza egin behar dituzten eta
nolako harremanak izan behar dituzten orokorrean. Hori oso markatua
dago. Azken batean, horrek markatzen du enpresak zer nahi duen, nolakoa
izan behar duen eta zer lortu nahi duen. Beraz, hizkuntzaren alorrean
ere egon behar dute gauza horiek. Baina, aldi berean, aldaketa
prozesuak gertatuko dira baldin eta langileak bertan ari badira eta
beraiek horretan protagonista bihurtu eta bideratzen badute. Bestalde,
orain arte gizarteko eta enpresako arloetan erabili diren metodologia
batzuk erabili behar dira, hizkuntzaren alorrean emaitza onak ematen
dituzte eta.
Etorkizunari begira, zein asmo dituzue?
Eralan 2 bideratzen ari gara, eta lidergoaren analisian jarriko
du horrek arreta. Guk aztertutako faktoreen artean agertu da
lidergoarena. Horrez gain, metodologia ea aplikatzen den eta zer ematen
duen. Proiektuan aritu diren erakundeek jasotzeko, egokitzeko eta
aplikatzeko asmoa izango dutela uste dut.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: