Dibulgatzen
Soziolinguistikaren dibulgazioaren gaineko mahai-inguruan hartu nuen parte orain dela aste batzuk Soziolinguistika jardunaldian. Prestatu nuena eta han jaso nuena batu eta artikulu hau idatzi dut.
Bat aldizkariak 20 urte egin ditu. Bada marka ez pentsa. Eta horren gaineko azterketatxoa egitea eskatu zidaten, dibulgazioaren ikuspegitik. Ez dakit hori egiteko aproposena naizen. Azken batean, neu Bat aldizkariko irakurle xume bat baino ez naiz. Baina tira .... ezetz esaten ez dakidanez .....
Hasteko, esan behar dut nire iritzia ez dagoela oinarrituta datuetan, ez dagoela oinarrituta azterketa xehe batean. Intuizio eta pertzepzioen araberakoa da, eta baliteke astakeria galantak botatzea. Baina botako ditudanak sentitzen, barruntatzen ditudanak dira eta horiek balio dizkit.
Dibulgatiboa al da Bat aldizkaria? Ba nire ustez ez, argi eta garbi ez. Erantzuna kategorikoa da eta horrelakoetan gertatzen den modura seguraski ñabardurak galtzen dira bidean. Baina errealitatea hobeto ulertzeko horrelakoak egiten ditugu maiz eta nik ere egingo dut gaur.
Dibulgazio zientifikoaren definizio bila wikipediara jo dut. Eta han hauxe esaten da gutxi gorabehera: dibulgazioa ezagutza zientifikoa publiko orokorraren esku uztea da, ez da beraz ezagutza zientifikoa sortzea.
Bat aldizkariak nire ustez ezagutza zientifikoa sortzen du: aldizkari zientifikoa da, aditu, profesional eta unibertsitateari begirakoa. Webgunean honakoa esaten da: aldizkari espezialdua, zorrotza, maila zientifiko jasoa duena, artikuluen luzera 10 orrikoa, formatua bera (argazki barik, zuribeltzean, ...).
SL eskuliburuaz ere berba bi egin behar ditut. Hori ere dibulgatiboa al da? Ba, nire ustez ezta. Izan ere, 400 orri dituen liburu bat dibulgazioa dela esatea ez da nire buruan sartzen. Maila jasoko liburua da, unibertsitate mailakoa, ez dibulgatiboa.
Honekin guztiarekin ez dut esan gura ez direnik beharrezko. Bat aldizkaria beharrezkoa da, eskuliburua beharrezkoa den moduan. Baina horiekin batera, sortzen diren ezagutza soziolinguistikoak plazaratzeko euskarri dibulgatibo eta errazagoak behar ditugu. Imanol Esnaolak ere azken Bat aldizkarian horren gaineko hausnarketa egin du.
Dibulgazioaren bidez, zertan eta non eragin?
Nire ustez, lehentasunak bi esparru hauetan jarri beharko ziren:
Hor nonbait SL domestikoa deitzen duten horretan: egunero edozein euskaldunari sortzen zaizkion arazoen aurrean erantzunak izateko. Gainera, garaiekin bat etorriko ginateke: autolaguntza liburuak zein webguneak moda-modan daude, baliatu dezagun bolada olatua hartzeko.
Diskurtsoen arloan, iritzi publikoaren arloan: Iñaki Martinez de Lunak dioenez, "gizartea ez da konsziente hizkuntzaren berreskurapena zer den, zein nekeza den, zein inplikazio behar den ..." Euskalgintzakook komunikatu behar dugu zientifikoki, baina dibulgatuz. Diskurtsoak eraiki behar ditugu (hori nabil entzuten azken 10-15 urtetan), baina batez ere plazaratu (hizkuntza ekologiaren paradigma edo gura duguna). Eta hori guztia aurreiritziak apurtzeko: milaka daude. Gure mundutxotik irten eta aurreiritzien azoka itzela da, itzela.
Horrez gain, beste bi kontu hartu behar dira aintzat nire ustez: begi bat eduki behar dugu beti kanpokoari adi. Eta munduan zehar egiten dena gurera ekarri eta plazaratu behar dugu: lehenik ezagutza zientifikoaren bidez eta gero dibulgatuz. Eta aintzat hartu behar dugu honetan guztian diziplinartekotasuna.
Hartzaileak:
Hiru mota irudikatzen ditut nik (eta mahai-inguruko beste kideek ere antza):
Profesionalak: hauekin nire ustez ez da dibulgazioa egin behar, formazioa eman baizik. Klusterrak berak orain dela bi-hiru urte horren gaineko azterketa egin zuen eta emaitzak argigarriak izan ziren.
Euskaltzaleak: nire ustez, lehenetsi beharreko hartzaileak dira. Hauek izan behar dute dibulgazioaren oinarri.
Gizartea: azken batean, gizartea izan behar du helburu dibulgazioak. Baina ba al dugu indarrik? Ba al dugu kemenik? Ba al dugu biderik? Apalak izan gaitezen: has gaitezen euskaltzaleekin eta hortik lortuko dugu, lortzekotan, gizartean eragitea.
Argazkia: Barrutia
Bideak:
Nire ustez, hiru ideia nagusi:
Bide guztiak zilegiak dira
Bide guztiak beharrezkoak dira
Edukiak hainbat hizkuntzatan plazaratu behar dira.
Zer bide?
Internet: bai .... baina zertarako? Bidea ezin da izan helburu.
Ikus-entzunezkoak: nire ustez, etorkizuneko euskarria da (papera baita). Horretan ahalegina egin beharko litzateke.
Liburuak
Prentsa idatzia
Telebista
Irratia
Arte-lanak: biderik emankorrena izan daiteke. Zuzenean emozioei begirakoak direlako.
Ikastaro, hitzaldi, jardunaldi, ...
Adibideak (mahai-inguruan eta jardunaldian aipatu zirenak):
Garabide: euskararen berreskuratzea liburua eta DVDa, 4 hizkuntzatan, ikus-entzunezkoa.
Euskal Kulturgintzaren transmisioa: prentsa, irratia, bideoak, arte lana, blogak, ...
Xamarren liburuak
Iruzkinak
Utzi iruzkina: