Bizkaiera Batua
Estandarizatutako edozein hizkuntza (hizkera?) asmatua da berez. Beste kontu bat da erabileraren poderioz “naturalizatu” den ala ez. Baina, berez, “laborategiko” hizkerak izan dira noizbait estandar guztiak.
Gurean ere hala da. Euskara batua asmatu eta oraindik eraikitzen ari gara hala nola. Mugak muga eta zailtasunak zailtasun, batua ia inork ez du zalantzan jartzen.
Bizkai aldean ahozko hizkeretatik batuara aldea dago (baina ez amildegia batzuek sinetsarazi nahi diguten bezala). Hori dela eta, batzuek “dakigunetik ez dakigunera” leloa bere eginez, tarteko helmuga jarri dute: Bizkaiera Batua izenekoa (ez nahastu, ez da batuan ari garela berba egin, osterantzean, domeka eta tankerakoak erabiltzea, beste zerbait baizik).
Komunikabideetan erabiltzen da (Bizkaia irratia edo Bizkaie agerkaria, toki komunikabideetan, …), literaturan ere (Labayrukoen liburuak adibidez), irakatsi egiten da (helduei eta zenbait ikastolatan, Begoñazpi kasurako), erakunde batzuek erabiltzen dute (Mungia edo Galdakaoko udalak adibidez), erlijio kultuan ere erabiltzen da, hiztegiak daude eta abar.
Baina … benetan merezi du? Dakigunetik ez dakigunera egin behar badugu bidaia, zergatik Derion erabiltzen den “deure” forma “dabe” dela ikasi behar dugu “dute” formara heltzeko? Hori da erdibidea?
Eta gure hizkeren artean dauden ezberdintasunak kontuan hartuta, zergatik ez pasa Derioko berbakeratik Txorierri batuara, handik bizkaiera batuara azkenean euskara batuara heltzeko?
Eta, azkenik, zertan nabil ni honetaz berbaz? Lagun batek behin esan zuen moduan, hauen gainean eztabaidatzen jardutea etxea bonbardatzen ari direnean hormen koloreaz eztabaidatzea bezalakoa da. Alfer-lana, alegia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: