Bat 67: Erramun Baxok-en omenez

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-09-24 16:32

Gaur heldu zait azken Bat aldizkaria. Oraindik ez dut izan betarik irakurtzeko, baina tira irakurriko dugu goitik behera, betiko legez. Oraingo honetan Iparraldeko Erramun Baxok-i egiten zaio omen. Klusterrekoek euren webgunean jarri dituzte artikuluen laburpenak eta copypaste eginda hor doaz.

I. Erramun Baxoken BIOGRAFIA

II. Erramun Baxoken omenezko aitortzak

III. Erramun Baxoki eskainitako lanak (LABURPENAK)

Ipar Euskal Herrian, euskararen irakaskuntza eskaintzaren egituraketa.

Jean-Claude Hiriart

2004an Euskararen Erakunde Publikoaren sortzeak euskarazko irakaskuntza arloan esku hartze zabalago batera eraman ditu tokiko hautetsiak, ordura arte osoki Estatuaren eskumenetan zelarik gai hori. Esku hartzearen banaketa berri hori modu honetan gauzatu da: lurralde osoko irakaskuntza-eskaintzaren garapena eta ikasgela berrien irekitzeko prozedurak Euskararen Erakunde Publikoak animatzen ditu, haren baitan biltzen baitira Hezkuntza Nazionalaren Ministerioa eta tokiko hautetsiak. Hiru urte iragan ondoren, dispositibo berriaren bilduma egin nahi dugu artikulu honetan, obratze-lanak deskribatuz eta politika horren ebaluaketa iraunkor baten oinarriak pausatuz.

Hizkuntza antolaketaren bideetan.

E. Baxok

Azken 30 urte hauetan, hizkuntza antolaketaren bideetan ibili direnek, testu nagusi batzuk idatzi eta erabili dituzte. Quebeceko 101. legeak (1977) tokiko hizkuntza-egoera osoki aldatu du eta zeharkako eragina izan du herri askotan. Euskararen legeak (1982) euskara indartu du, ez bakarrik Euskal Autonomi Erkidegoan, bai eta ere beste herrialdetan, molde askotako laguntzen bidez. Adibidez, Euskara biziberritzeko plan nagusia (1999) tresna eraginkorra eta bateratzailea gertatu da. Ipar Euskal Herrian euskalgintza mugimenduak Europako hizkuntza zuzenbidea erreferentziatzat hartzen du, eta, bereziki, Kuijpers ebazpena (1987), eta Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako gutuna (1992). Gaur egun, hitzarmen bitartez (EKE 2003, EEP 2007) mugaz gaineko hizkuntza antolaketak Euskal Herri osoa estaltzen du.

Hizkuntza-politika Ipar Euskal Herrian: nondik nora? ibilbidearen azterketa.

Jean-Baptiste Battitu Coyos

Azken hamar-hamabost urteetan Ipar Euskal Herrian soziolinguisitikaren inguruan eginiko zenbait bilakaera ekartzen ditu artikulu honetan Jean-Baptiste Battitu Coyos-ek, beti ere, Erramun Baxok eginiko ekarpena kontuan hartuz ipar aldeko sozilinguisten aitzindari gisa. Bertan, J.W. Berryren Integrazio modeloari, Txepetxen triptikoari eta Fishmanen Reversing Language Shift-tari gainbegirada emanez, iparraldeko euskalgintzari begiratzen dio, legeria, eta hura aldatzeko eginiko ekimenak kontuan hartuz. Aldi berean, irakaskuntzaren betebeharrez eta Euskararen Erakunde Publikoaren eginbeharrez ikuspegi orokorra eskaintzen du artikulu honetan. Azkenik, hizkuntza-politikaren partaide diren elkarte eta erakundeek, botere publikoek eta gizarteak elkarren artean izan beharko luketen engaiamenduaren beharraz deia plazaratzen du.

EAEko euskararen belaunez belauneko familia bidezko transmisioa.

Pablo Sagardoy Lizuain

Euskararen etorkizuna bermatzeko, belaunez belauneko familia bidezko transmisioa oinarrizko urratsa da. Hori horrela, artikulu honetan, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAEn) guraso biekin bizi diren 2 eta 29 urte bitarteko seme-alabek gurasoengandik jasotako hizkuntzari edo hizkuntzei buruzko azterketa egiten saiatu da egilea. Beraz, analisiaren oinarrizko unitateak seme-alabak dira.

Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak nola bermatu.

Xabier Mendiguren Bereziartu

Kontseiluak EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretua aztertu du; hain zuzen ere, Dekretuaren alde positiboak azaltzeaz gainera, zuzendu beharrekoak ere aipatu ditu. Hiru ekarpen nagusi nabarmendu dituzte bozeramaileek beren ohar, prentsaurreko eta jardunetan: hizkuntza-eskubideak bermatzeko xedez sorturiko arauak udalerri guztietan aplikatu behar direla, enpresen tamaina-irizpideak ez duela muga izan behar, jardun ekonomiko guztiei eragin behar diela eta ez zaiela lehentasun berezia eskaintzen gai arriskutsuei eta botikei, eta hori bermatzea ezinbestekoa dela, erabilera desegokiak ondorio larriak izan baititzake erabiltzailearentzat.

Nafarroa Oinez 2007ko jai egunaren azterketa soziologikoa.

Euskara Kultur Elkargoa eta Nafarroako Ikastolen Elkartea

NUPko eta Ikastolen Elkarteko adituek egindako Nafarroa Oinez 2007ko jai egunean parte hartu dutenen profila aztertu dute zenbait alderdi kontuan hartuz: sexua, adina, ikasketa-maila, jatorria, euskaraz jakitea, adiskide arteko edo familiarteko parte-hartzea, motibazioa, balorazioa eta hurrengo deialdira joateko asmoa. Emaitza modura lortzen den argazkia positiboa dela dirudi, gehienbat aukerako aldagaiak kontuan hartzen baditugu, aukerakoak direlako hain zuzen ere. Adibidez, parte-hartzea nahiko kolektiboa da, adiskide artekoa edo familiartekoa, eta motibazioaren aldagaia kontuan hartuz, azpimarratzekoa da euskara eta ikastolak dibertsioarekin lotzen direla. Azkenik, gehiengoak egunean zehar izan duen parte-hartze luzeari buruzko datuak eskaintzen dira, eta hurrengo deialdian gehiengo handiaren parte-hartzeko asmoa edo fideltasun-neurriari buruzkoak ere bai.

Identitate Etnolinguistikoa (IELa) Euskal Autonomi Erkidegoan (EAEan).

Maria-Jose Azurmendi

Identitate Etnolinguistikoaz (IELa) eta euskal identitateaz mintzatzen da Mari-Jose Azurmendi artikulu honetan; EAEko populazio unibertsitarioan, 2004. urtean, eginiko ikerketa baten zenbait emaitza ekartzen ditu. Ikuspegi psikologikoari eta psikosozialari jarraituz, IELaren tipologia proposatzen du, hor kokatuz aztergai diren prototipoak (euskalduna, espainiarra+euskalduna eta espainiarra, identitate globalari lotuak), eta tipoak (euskalduna+gaztelania, eta espainiarra +euskal kultura, hizkuntza eta kultura osagarriei loturikoak). Lan-ildo kognitiboa eta afektiboa aztertuz, IELaren prozesuan eragile nagusien inguruko hipotesiak proposatzen ditu, eta emaitzen inguruko eztabaidagaiak ekartzen.

Hizkuntza-gutxiengoen talde-bizindarra, kultura-autonomia eta ongizatea.

Richard Y. Bourhis, Rodrigue Landry

Hizkuntzaren talde-bizindarrari buruzko ikuspegia eta teoria azaltzen dute egileek artikulu honetan: bizindar objektiboa eta subjektiboa uztartuz, eta Landryren kultura autonomiaren eredua aztertuz, non osagai nagusiak kontrol instituzionala, hurbiltasun soziala eta legitimitate ideologikoa kokatzen diren. Bide horretatik zehazten saiatzen dira zer esku-hartze diren garrantzitsuak hizkuntza-gutxiengoek kultura-autonomia eta babes instituzional handiagoa lortzeko. Amaitzeko, Europako eta Kanadako zenbait hizkuntza-gutxiengoen ongizatea aztertzen dute, arreta berezia jarriz Montreal eta Qebeceko eskualdeetan kokatutako komunitate anglofonoen kasuari.

 

GUREAN

HAUSNARTU: Euskal soziolinguistika sarietarako deialdia

Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) laguntzarekin. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. 5 sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an.



Utzi iruzkina: