Barreiatzen 2: Lander Solozabal

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2013-02-11 16:58

Barreiatzen egitasmoko bigarren gonbidatua Lander Solozabal dugu: Lander Solozabal Egizuko kidea, getxoztarra.



Galderari erantzuten hasi aurretik ohar txiki bat: ni ez naiz inondik inora aditua soziolinguistika kontuetan; izatekotan, apur bat aritua, eta zalea, eguneroko lanek eta kezkek behartuta, neurri handi batean.

Oso modu sinplistan esanda, eta soziolinguistikaren ezagutza zabaltzeaz ari garela (dibulgazioa), bi maila ikusten ditut hemen ere: goi maila edo akademikoa (edo makroa, nahiago baduzue), eta etxean / auzoan / herrian ibiltzeko moduko maila edo maila domestikoa (edo mikroa).

Lehen maila handiegi geratzen zait, eta ez dut behar bezain ondo ezagutzen; horregatik ez naiz ur handi horietan sartuko, eta gehiago dakien beste norbaitek helduko dio horri. Maila honen barruan honako hauek sartzen ditut: administrazioetako goiko mailetan hartzen diren erabaki politikoak (erabaki estrategikoak), unibertsitatea (ikertzaileak, irakasleak, Hiznet edo Linguanet moduko graduondokoak, hitzaldiak, bibliografia…), Soziolinguistika Klusterraren inguruko material, informazio eta dokumentazio guztia (TB, Bat aldizkaria, web gunea...), eta han eta hemen topatzen ditugun zenbat web gune (hauxe bera, Karrajua) eta liburu (SL eskuliburua, SL hiztegia, Odriozola), besteak beste.

Bigarren maila zabal horretan ikusten dut nik egunero behar handia dagoela, eta lan handia egin behar dela: berbalagunekin; euskara ikasleekin; gazteekin; euskaltegi, ikastetxe eta institutuetako irakasleekin; guraso gazteekin; administrazioetako teknikari eta politikariekin; begirale eta hezitzaileekin, oraindik euskaraz ez dakiten bertokoekin eta etorri berriekin; eta abarrekin. Gordin esanda: euskaldun gehienok, tabernetako eztabaida azaleko eta amaiezinen zaleak garen arren, oso gutxi dakigu soziolinguistikaz, eta hedabideetako diskurtso maltzurrak barru-barruraino ditugu sartuta. Horrek distortsionatzen du geure buruari buruz dugun irudia, eta beldurrak, kezkak eta aurreiritziak sortzen dizkigu etengabe. Hau da, jende gehienak ez du ezagutzen gure hizkuntzaren historia, egoera, ez daki zer egin behar den (eta zer ez den egin behar) hizkuntza gutxitua berreskuratzeko eta normalizatzeko, nola egiten den (eta nola ez den egiten), horren inguruko teoria nagusiak eta autoreak zeintzuk diren, eta abar.



Eta hori, nola hasi aldatzen?

- Soziolinguistika irakaskuntza formalean txertatu: agian euskara asignaturaren barruan, agian aparteko asignatura bezala ikasturte pare batean, baina ikasle guztiek gutxienekoak ezagutu beharko lituzkete institutua utzi eta gero. Eta unibertsitatean ere, jakina: magisteritza eskoletan eta euskal filologian gai honek pisu handiagoa izan beharko luke. Ez ditugu ahaztuko irakasle direnak (Irale) eta gurasoak (Guraso elkarteak): prestakuntza tailerrak-ikastaroak-hitzaldiak urtero, jantzita egon daitezen.


- Diskurtsoak zabaldu: TELP edo Zergatik ez? moduko tailer-ikastaro-hitzaldiak han eta hemen antolatu (euskaltegietan, ikastetxeetan, udaletan, berbalagun/gurasolagun proiektuak dauden herrietan, gaztetxe eta gaztelekuetan…). Diskurtsoak egon badaude, falta dena da iritzi publikoa mezu horiekin bustitzea.


- Ikus-entzunezkoak: zorionez gero eta material gehiago eta hobea dugu, eredu modura erabili ahal duguna (Gartxot, Garabideren materialak, Euskara jendea, Bidaia intimoak, Euskararen jatorria: enigma europar bat, Estres linguistikoa, Esperientzia arrakastatsuak euskaraz, Euskararen misterioa, Izan, egin, eragin, Beranduegi bezalako magazine arin interesgarri bat on-line, Badubada erakusketa, eta abar). Gaiari buruzkoak egin beharko genituzke eta zabalkundean asmatu (Internet? Telebistak? Zineak?). Zergatik ez Simiokrazia estiloko zerbait edo Érase una vez el hombreren modukoa? Zergatik ez serie bat (uste dut Irlandan egin zutela: gazte motxilero batek herri osoa zeharkatu behar zuen Irlandako gaelikoa besterik ezin zuela erabili, dauden trabak agerian uzteko) edo reallity bat ("Euskalkiak": etxe batean euskalki guztietako hiztunak batu hilabetez; Bermeoko arrantzalea, Sohütako artzaina, Balmasedako euskaldun berria eta Elgoibarko gaztea tarteko)? Zergatik ez material didaktikoa (tribial moduko jolasak) on-line eta kutxetan?


Baikorra naiz. Uste dut aspalditik dugula denok antzeko kezka (dibulgazioaren ingurukoa), eta hori da garrantzitsuena, kezkek ezinegona eta mugimendua sortzen dutelako. Apurka-apurka bagoaz bidea egiten, eta moduak eta baliabideak aurkituko ditugu goiko ideia horiek eta beste asko (eta hobeak) egiteko. Ziur nago.


Utzi iruzkina: