Azatzak 12: Euskal Herria Zuzenean

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2011-06-13 20:30

12. azatzak Heletara joan behar zuen. Eta gutxi asko zer esan ere banuen buruan. Baina Asier Basurto aurreratu egin zait Aisia blogean. Eta nik hobeto egingo ez nuenez, ba kopiatuko dut berak han esandakoak.

Urtero bezala, garai hauetan girotxo berezia sumatzen da jendartean. Ingurura begiratzea nahikoa da zerbaitetaz ohartzeko: udara badator. Uste dut ez direla gutxi izango ekaineko lehen egun hauetan, ikasten edo lanean dauden bitartean, hurrengo hilabeteetako planekin amesten jartzen direnak. Batzuk, amets horietan, lurralde ezezagunetan deskubrituko dutena imajinatzen hasiko dira. Beste batzuk une batez begiak itxi eta hondartza batean irudikatuko dute beren burua, itsasoaren soinuarekin eta eguzkiaren goxoarekin erlaxatzen. Egongo da herrietako jaien zirkuituari ekiteko zain urduri dagoenik ere. Bere herrira etorriko diren turistei harrera beroa egiteko prest daudenak ere oporrak noiz hasiko zain daude ziur.

Eta musikazaleak? Argi dago, udara festibalen garaia da. Eta une hauetan, musikazalea ere hor dabil festibal bakoitzaren kartelaz informazioa eskuratzen, zurrumurruen itsasoan murgiltzen, sarrerak erosten, bidaiak antolatzen…

Nik aurten gai horri ez diot denbora gehiegi emango. Duela hiru hilabete erosi nuen
EHZko sarrera. Badira pare bat urte lehen aldiz Heletara joan nintzela. Bertan aurkitutakoa gustatu, eta gaur egun nire konfiantza osoa duen zita da. Egitaraua osatuko duten musikari eta artisten izenak ezagutu aurretik sarrera erostea ez da arriskatzea izan. Izenak ezagutu ostean ere gehiengoak ez zaizkit ezagunak egin, baina badakit beste urteetan gertatu zaidan bezala, sorpresa positiboak ugariak izango direla eta aurrerantzean jarraitu beharreko fitxaje batzuk egingo ditugula.

Eta beste gauza batzuk ere badakizkit. Bi bandera arrotzez apaindutako muga pasa ostean, etxean sentituko naizela dakit. Eta oraindik ezagutzen ez ditudan lagunekin egongo naizela. Badakit ere zerbait gaizki atera daitekeela (iaz ekaitzak kakaztu zizkigun kontzertuak bezala). Baina badakit ere borondate onez eta elkarlanaz erantzungo zaiela oztopoei.

Eta nola liteke guzti hau hala izango dela argi edukitzea?
Festibalaren filosofiak berekin dakar goragoko lerroetan aipatutako guztia. Filosofia utopikoa da, eta aldi berean guztiz errealista. Kalitatezko kultur eskaintza du festibalak, naturarekin errespetuz jokatzen du, antolakuntza herrikoiaren erakustaldia da, interes komertzialetatik aske mantentzen da, munduko kulturekiko errespetua eta elkar ezagutzea sustatzen du… eta guzti hau euskaratik eta euskaraz.



Eta nola da posible horrelako proiektu bat hamaseigarren ediziora iristea? Ba ez da beharrezkoa festibala banku bati saltzea ezta ingelesezko izena jartzea. Filosofia horrekin, urtez urte, gero eta gazte gehiago erakarri, nahi dutena eman eta konbentzituz egiten da.


Utzi iruzkina: