Arnasa lasai hartzeko guneak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-09-09 18:57

Ni ere gero zalbidezaleagoa naiz, Martin Rezola bezala. Eta horregatik berak egin duen entresaka bera egingo dut nik hemen nire blogean.

Hori da beraz euskalgintzaren zinezko oinarria. Ingurumen hori da, izan, adar-adaska biziak eman ditzakeen enbor naturala. Hizkuntza ahula indarberritu nahi duen erakunde, elkarte edo mugimendu orok berariaz ahalegindu behar du, beste hitzetan esanik, bere jendearentzako arnasgune horiek mantentzen edo sortzen. Mantentzea ez da aski: sortu ere egin behar da halakorik, gure hiztun-elkartearen pareko ahuldade-mailara iritsitako kasuan. Hor ere argi izan behar da, ordea, egingarritasunaren aldetik etekin hoberena (eta, beraz, horri dagokion lehentasuna) zerk duen: ondotxoz errazagoa da dagoenari bizirik eustea, ez dagoena sortzea baino. Indar guztiak edo gehienak sortzen jartzea ez da beraz arrazoizkoa, zer mantendu (eta, hartatik abiatuz, zer garatu eta zer zabaldu) egon badagoen kasuetan.

Erdaldunentzat (eta are euskaldun edo euskaltzale kaletartu askorentzat) "gauza arraroak" dira, hala izan litezke behintzat, arnasgune horiek. Anormalak edo atipikoak gerta litezke, kabian bertan ez daudenentzat. Bertakoentzat ordea, eta euskaldungo osoari begira, leku-eremu horiek euskarazko bizibide jatorraren gotorleku eta babesgune bihur litezke, kulturazko autorregulazio-ahalmen ohargarriko guneak. Gurea bezalako hizkuntza ahulek hain sarri sufritu behar izaten duten dislokazio fisikoari aurre egiteko bide bat dira, dudarik gabe, breathing space edo arnasgune horiek. Lehentasuna dute, horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez.

(...) Hemen esan dena besterik da: beren txikian eta mugatuan, ahulean eta apalean, ongi antolatzen eta behar duten babes-neurriz hornitzen badira, arnasgune horiek direla euskarak gaur-gaurkoz dituen zurkaitz-gune eta bizitasun-pizgarri sendoenak. Horiek gabe mila bider zailagoa dela euskalgintzaren bestelako planteamendu arrakastatsurik egitea: bai oro har eta bai Gasteizen, Barakaldon, Algortan edo Errenterian bertan ere. Transformazio ekonotekniko, demografiko, soziokultural eta politiko-operatiboaren eszenario nagusi diren beste hiriburu eta herriburu horietako euskalgintza bera ez ote da, akaso, arnasguneetan hazi eta (partez) hezi izandako gizajendez elikatu joan den berrogeita hamar urtean?: nondik atera dira, xehe-xehe kontatzen hasita, gure arteko irakasle eta kultura-eragile gehienak? Nondik espero da, gero ere, hiztun trebeenak eta elebidun osatuenak eskuratzea? Ez al dakigu kontuak nola diren? Hain zaila egiten al zaigu, gauza bakoitzari bere lekua aitortzea?

Kontua ez da euskalgintza arnasguneetara erretiratzea, arnasguneei dagokien garrantzia eta, zenbait alorretan, lehentasuna aitortzea baizik. Arnasguneei bere hartantxe eusten saiatzea nostalgiazko ekimen "pollit" bezain alfer gertatuko da, beste osagairik eransten ez bazaio ekimen-bide hori. Nostalgia, berriz, ez da etorkizunaren atari zuhur eta egiantzekoena. Baina hori ez da kontua. Kontua ez da orain, Campion-ek behiala (beste perspektibaz halere) esan zuen moduan, azken mendi-tontorrera igo eta, irrintzi artean "eutsi goiari" dei eginez, gero eta etorkizun ilun-etsigarriagoaren zain paratzea. Hori ez da kontua. Oker dabil arnasguneen aldeko argudioa ikuspegi faltsu horretara lerratu nahi duena. Arnasguneen formulazioa ez da numantziarra, ez da "azken mohikano"arena. Aitzitik, first things first irizpideaz diharduen larrialdiko osagile zuhurraren pareko jokabidea da hori. Lehentasuna lehentasun da, ez erretorika merkea, egoera larrian dagoen gaixoen kasuan bereziki. Lehentasun hori arras kontuan hartu behar du, gurera etorriz, ahuldutako hiztun-elkartearen buru-jasotze soziokultural eta etnolinguistikoa gogoan duenak.

Ghettorik ez. Kontzentrazio demografikoa eta ghettoa ez dira, urrundik ere, sinonimoak. Bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza guztiak (begiratu ezker-eskuin, ea salbuespenik ikusten duzuen) demographic concentration eta institutional reinforcement horretan oinarriturik daude. Hots, hiztun-elkarte horietako hiztunak elkarren pegante bizi dira eta beren talde-izaeraren indargarri instituzionalik badute. Hizkuntza txikiek ere, bizi garen mendean ezinezkoa eta gogoz kontrakoa den ghetto-eredua alde batera utziaz, beren demographic concentrationeko arnasguneei eutsi behar diete beraz, ahal duten neurrian, hiztun-herri gisa bizirik jarraitu nahi badute. Zenbat eta euskaldunak elkarren peganteago bizi, hainbat eta anparo handiagoa emango diote batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak (ele-erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten "social norms" eta "interactive situations" direlakoak (hots, gizarte-arauak eta elkar-eraginezko situazioak) ugarituz.

Teoriak konbentzitzen ez duenarentzat, hor dago eguneroko esperientzia: arnasgunea ez da ghettoa. Hala nahi izanik ere, ez leukake izaterik. Arnasguneetako hiztunen bizimodua erdal eraginaren pean dago egungo egunean, goizean goiz hasi eta oheratu arte. Uste al du inork, akaso, erdarazko telebistarik, irratirik, internetik, periodikorik, bisitaririk eta lan-harremanik gabe bizi direla arnasgune horietako gaurko biztanleak, beren herri-zokotik kanpora atera ere gabe? Uste al du inork, gaur ez baina (hartan saiatuz gero) hala bizi izango direla arnasguneetako biztanleak, hemendik hogei edo berrogei urtera? Horrek ez du ez buru eta ez hanka. Aski da arnasguneen gaur eguneko giroan murgil egitea, eta perspektiba sozio-historiko minimo bat eskueran izatea, ghettoak ez direla eta, aitzitik, gauzak oso bestela direla konturatzeko. Beren bizi-parte handi batean erdaldunekin harremanetan bizi dira gaur bertan arnasguneetako biztanle asko: gazteen artean, gehienak. Arnasguneetako gazteen artean asko dira unibertsitatean ikasten dutenak: Donostiako edo Bilboko gazteen artean bezalatsuko proportzioan, seguruenik. Etxe askotan bi auto dituzte, neguan eskiatzera joaten dira hainbat eta udako bakazioak beste herritarrok bezain urrun egiten dituzte sarri. Bigarren edo hirugarren sektorean lan egiten dute, guztiek ez bada ia guztiek. Baserrian bizi diren asko ere ez dira baserritik bizi, industriatik edo zerbitzu-sektoretik baizik. Hots, modernizazio ekonoteknikoaren zurrunbiloan sarturik daude arnasguneetako bizilagunak: kaletarrok bezain sartuak, hor nonbait. Erdaraz ondo dakite guztiek eta, euskarazko jarduna zentrala bada ere beren eguneroko bizian, askotan egiten dute erdaraz. Hala segituko dute gero ere arnasguneetako bizilagun gehienek, bizi diren artean. Erdal hizkuntzak (gaztelania edo frantsesa, eta beste neurri batean ingelesa) presente izango dituzte aurrerantzean ere beren artean: hainbat kontutan presente eta zenbaitetan, ekonomian eta luze-zabaleko hedabideetan bereziki, nagusi. Planteamendu horretan ez dago, beraz, ghetto-arriskurik.

Hori da Fishman-en planteamenduaren muina, ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko lehentasunei dagokienez. Buruan duena (bere hainbat liburu eta artikulu irakurri dudalarik, eta berarekin puntu honetaz berariaz hitz egin ondoan, buruan duela iruditzen zaidana) honako hau da: "ondo da Arabako Errioxan euskara indarberritzen saiatzea. Ikasi nahi duenak ikas dezala: horrek ez dio euskarari kalterik egingo. Mesederik ere ez asko, ordea. Euskararen egungo auzia besterik da: benetako erronka belaunez belauneko transmisioa berrezartzen (edo, indarrean dagoen kasuetan, indarrean mantentzen) daukazue. Hor jokatzen duzue euskaldunok bizia: Astigarragan eta Gernikan, ez Labastidan edo Santurtzin. Ez ezazue beraz begien bistatik galdu, gurasoen bidez eta eskolaren laguntzaz eskuartean daukazuen altxor nagusia zein den: gazte-jende euskalduna, lagunartean eta kalean euskaraz egiteko benetako aukerabidea izan dezakeen belaunaldia, hori duzue euskaltzaleok zuen altxor preziatuena. Aurrerantzean ere euskaldun-jendea demografikoki nagusi, edota gutxienez masa batetik gorako kopuruan, izango den herri-herrixkak, auzoak eta biziguneak saia zaitezte euskaldun mantentzen. Horri eskerrak (italiarrei Italian, portugesei Portugalen eta daniarrei Danimarkan... bezalatsu) normala gertatuko zaie belaunaldi gazte horiei euskaraz bizi izatea. Eta, jakina: helduak izatera iristen direnean ondotxoz probableago izango da gazte horiek pareko lagun euskaldun batekin ezkondu eta euskal familia (n+1 belaunaldiko euskal familia) osatzea. Beste mende-laurdeneko arnasa emana izango diozue horrekin euskarari; epe horretan hau eta beste egin dezakezue, euskal hiztun-herriaren osasuna hobetzeko".

Beste albo-efekturik ere badu arnasguneak: erdaldunen edo euskaldun hizmotelen euskal pizgarri da. Zenbat eta euskarazko arnasguneak ugariago eta aktiboago izan, orduan eta errazago izango da euskaraz erdipurdika moldatzen diren hiztunek ere beren hizkuntza-gaitasuna (ahozkoa oraingoz, idatzizkoa gero ere lor liteke) indartu eta zabaltzea. Igeri eginez ikasten da igeri egiten, gainean jarri eta pedalei emanaz ikasten da bizikletan ibiltzen... ingurukoekin honetaz eta hartaz hitz eginaz ikasten da erraz eta lasai hitz egiten. Ez da oraindik horrelako euskaltegirik asmatu, eta ez asmatuko ere. Hainbat arnasgunetara etortzen diren immigranteen seme-alabek euskaraz egiten dute gaur ere. Eskolako euskara batuaren eredua gora-behera, eskolan eta plazan jolas eta solas ari direlarik beren laguntxoen mintzajardun jatorra eransten zaie, aparteko "hizkuntza-plangintza"-rik gabe. Beren gurasoek ere ondo entenditzen dute bertako euskara, eta gauza errazak esateko gai dira hainbatean. Eta hori zergatik?: the informal daily life of a speech community-k, (euskara nagusi den ingurumenetako hiztun-elkartearen eguneroko mintzajardun arruntak, planifikatzen hain zaila den etengabeko mintzajardun horrek), bizimolde moderno honetan ere aparteko indarra eta erakarmena duelako. "Horretan saia zaitezte zuen indarrak xahutzen, beste mila gauzatan baino lehen": hori da Fishman-en aholku nagusia, mila sinplifikaziorekin esaten ari banaiz ere. Inportantea da muina entenditzea: ñabardurak eta matizak, garapenak eta salbuespenak gero etorriko dira.


Utzi iruzkina: