Skakeitan "Nola galdu denbora" (Mauka, 2019)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2019-11-24 13:32
1

 Datorren astean argitaratuko da, azkenik, Donostiarren laugarren diskoa. Beti bezala, Maukak argitaratuko du. Gero, oso oker ez banago, Durangoko Azokan (ahotsenean) joko dute abenduaren 7an, arratsaldeko 4retan. Hona hemen 7 kantu horiei buruzko xehetasun eta nondik norakoak.

 Sakona, iradokitzailea eta sutsua da donostiarren laugarren lana. Landua eta modernoa, bere 7 kanten indarra eta kemena kontuan hartuta, dantzalekuan edo tabernan bolumen altuan entzuteko bereziki gomendagarriak dira. Baita, bestalde, etxean kaskoak jantzita detailerik txikiena harrapatzeko ere, noski. Konplexutasun handiko soinua lortu dute berriz ere, hamaika xehetasun eta sorpresak nonahi dauzkaten zazpi kantuetan.

 Skakeitaten soinuak eboluzioari eusten dio, baita aurreko lanarekiko ere (“Galera”, Mauka 2016). Ska musika apur bat alboratu duten arren, fraseatze rapeatuek indarra hartu dute, hain zuzen ere “Cicatrices” edota “Me voy” kantuetan. Lehenengoan bistakoa da hori, eta bigarrengoan Tremenda Jauría-ren kolaborazioa eta erritmo dantzagarriak dira nagusi.

 Euskara eta erdara nahastu dituzte berriz ere, nahiz eta -eskerrak- euskarak nagusi izaten jarraitzen duen. Atmosfera mozkorgarri eta inguratzaileak taldearen soinuaren nortasun agiri bihurtzen ari diren honetan, Olatz Salvadorren ahotsa eta teklatuek “Eklipse” flotatzera daramate lehenengo pistan. Aurrerapen kantu eta bideoklipa ere izan den “Ezpainetan odola” giro eta hots horien adibide garbia da. Skakeitan entzutean harridura sortuko zaiola badaki entzuleak, hura nondik etorriko den antzematerik ez daukan arren. Hori da onena.

 “2 minutu (nola galdu denbora)”, diskoko animatu eta martxosoenean ere, produkzio lan handia antzematen da; bata bestearen osagarri. Hemen ere xehetasunen garrantzia begi bistakoa da: kantua bera ona bada eternoa izango da noski, baina bilgarriak edo azken ukituak haren efektua biderkatu dezakete, pista honetan ikusten den bezala.

 Halaxe gertatzen baita diskoaren azken bi piezetan ere: “Zurekin azkena” kantaren nahasketak bilatze sakon baten emaitza dirudi, hala-nola ahots efektuak, grabazio pisten metaketa edota instrumentu guztien soinuarekin esperimentatzea (intuizioak hala esaten digu, bederen). Orain arte esandako guztia laburbiltzen du “Apatia”, diskoa amaitzen duen piezak: Donostiako zortzikotearen gailurra, bateria eta hots konprimituak, hainbat soinu efektu eta kapa, teklatuak, haizezko instrumentuak eta beste hainbat ezusteko bere baitan biltzen dituena. Kanta honekin orain arteko goia jo dutela esan liteke, nahiz eta entzule bakoitzak bere kuttunenak aukeratuko dituen.

 Taldeko partaide ere badiren Borja Anton, Pello Armendariz eta Julen Idigoras, aurreko lanaren ekoizleek, laugarren bat ere hartu dute lan honetarako: Rubén Caballero hain zuzen. Haritz Harreguyen estudioan grabatu dute, eta Haritz bera teknikari lanetan ere bidelagun izan dute. Nahasketak, aldiz (“Ezpainetan odola” izan ezik, zeina Santos Berrocalek Bartzelonako Blind Records estudioan nahastu duen), Eliot Jamesek egin ditu Londreseko Eastcote estudioan.

 Skakeitanek zaplastekoa eman digu, mugiarazi egin gaitu gure aulkitik berriro ere. Orain, gaztetxe, lokal, kontzertu areto, jaialdi eta herriko plazen asaldatzera eginen dute jauzi, diskoa argitaratu eta berehala.


Utzi iruzkina: