SKAKEITAN 2021-2-26 Kirolegia (Hernani) NAIZ kontzertuak

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2021-03-12 22:43

pyromanya@hotmail.com 1615587386653

NAIZ komunikabideak otsaileko azken asteburuan antolatutako kontzertuetatik lehenengoa izan zen Skakeitan taldearena. Emanaldi osoa kamera profesionalekin grabatua izan zen, eta muntaia zein eszenografia ikusgarriak izan ziren, inondik ere. Bestalde, egurrik gehien ematen duen zortzikoteak askatutako energia bereziki aipagarria suertatu zen. Kontzertu motza, bai, baina oholtza gainean dena eman zutela ezingo dugu zalantzan jarri.

Pello Armendariz abeslariak berea egiten du eszenatokia. Bazter guztietan ikus dezakegu, eskuinetik ezkerrera, edo lurrean etzanda. Gorputzari sartzen dion egurra nahikoa izango litzake edonor ahitzeko; ordea, horrez gain kantatu ere egin behar du, era dezente oldarkorrean gainera. Erakuste horren aurrean, estatikoago ikusten dira Ruben Caballero eta Borja Antón (baxua eta gitarra). Aldiz, zehaztasun handiko egiturak osatzen dituzte, Julen Idigorasek atabalekin egiten duen bezala. Bateriaren segurtasunak zutik mantentzen du taldearen soinua.

Bi tronboi eta tronpeta joleak (Aitor Valcarlos, Ander Zabala, Gorka Valcarlos) atzean daude, plataforma batera igota, baina ikuskizuna ematen dute, izan ere kontzertuan buru-belarri sartuta antzematen baitira instrumentuak jo gabe egon behar duten momentuetan ere. Eta teklatua eta koruetan, Olatz Salvador, bakarka jotzen duenean ez bezala, hemen partaide bat gehiago dena. Beti bere lekuan, aske nabaritzen dugu ordea. Bere teklatuen eta koruen presentzia handia da kontzertuetan, zortzikote baten barruan bada ere.

Esan beharra daukat Skakeitan zuzenean ikusten genuen lehen aldia zela, eta ondorioz aho bete hortz gelditu gineela oholtzan askatu zen energia guztiarekin. Ez dugu gezurrik esango: berandu iritsi ginen, eta sarreran egin beharreko tramiteak egiten ari ginela entzun genituen “Apatia” eta “Ezpainetan odola”, "Nola galdu denbora" azken diskoko bi harribitxi. Batez ere “Apatia”, berau aipatu baikenuen 2019ko kanturik onenen artean. Hauen aurretik, ordea, beste lau kantu egon ziren. Haiek ere kontuan hartuz gero, azken lana oso-osorik jo zuten, disko horretan duten konfidantza argi uzten duena.

Jendearen parte hartzea aipatzekoa izan zen, eserita egonda ere dantza asko egin baitzuen jendeak. Animoak emateko oihuak ere egon ziren, eta nesken presentzia oso markatua izan zen, mutil baino emakumezko dezente gehiago ikusi baikenituen, baita antolatzaileen artean ere. Ospakizun atmosfera somatu genuen heldu ginenetik, aulki gutxi batzuk hutsik bazeuden ere. “Koreografia zaharrak”, "Galera" diskotik jo zuten lauretatik bat izan zen. Taldearen zuzenekoak lehergarriak direla esan dugu. Ondorioz, diskoetan erakusten duten soinu sofistikatua ez da oholtzan %100ean nabaritzen; "Galera" eta, batez ere, "Nola galdu denbora" diskoen soinua ikusgarria eta ia pefektua baita.

Taldeak eraso zuzenak egiten jarraitu zuen, hala nola “Cicatrices” eta “Zurekin azkena”, oldarkortasun horren erdian kalitatezko pasajeak eskaini zituztenak. Ska osagaia azken emaitzan nabaritzen bada ere, aspaldi ekin zieten bide berriei. Zati rapeatuak dauzkaten piezak ere mordoxka bat dituzte dagoeneko, baita erdaraz kantatutako eskukada bat ere. Elementu horiek guztiek (erdaraz kantatutakoak erdaldunentzat, suposatzen dugu) publiko zabalarentzat klabe asko eskaintzen dituzte. Ez ditugu ahaztu behar Espainian ere egin dituzten txangoak (adibidez, Viña Rock jaialdian).

Erdarazko osagaiez ari garenez, horra hor “Zerua lurrera” eta “Lerro hutsen artean” (azken honek Manu Chaoren parte hartzea izan zuen bere momentuan) kiroldegiko giroa asaldatzeko. Poupourri lehergarri bati ekin zioten gero, baita haren baitan El Columpio Asesinoren “Toro” sartu ere, beste hainbatetan egin duten moduan. Kanta honek zutik jarri zuen ikuslegoaren zati handi bat. Olatz Salvadorrek honetan zein beste batzuetan bere alde basatiena erakutsi zigun. Zati batzuetan oihu egin zuen kantatu baino gehiago, Pellok bezalaxe. Momentu horiek izan ziren gaueko onentsuenak.

"Orekariak" diskoko izen bereko kantua jo zuten ondoren, borobila, eta berriz ere Olatzen koruak protagonista, betiere Pelloren baimenarekin. Disko horretatik jo zuten beste kantua “Iraganeko” izan zen, gu iritsi baino lehen ordea. Aldiz, lehen diskotik alerik jo ez zutela uste dugu. “Me voy” aukeratu zuten azken agurra emateko, eta berriz ere taularatuko zirela uste bagenuen ere, hor amaitu zen emanaldia. Jendea mugitu ere ez zen egin, kontzertuan gustura egon zenaren seinale, baina egoera horrela dagoen bitartean ordu beteko emanaldiak ikusten jarraitu beharko dugu sarri. Dena den, ez dezala inork esan eserita gozatu ezin denik!


Utzi iruzkina: