Marte Lasarte "Abestiak berak eskatzen zuen horretan zentratzen saiatu gara"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-12-11 13:24

pyromanya@hotmail.com 1733920692674

Skakeitan taldearen errautsetatik sortu diren eta sortuko diren hainbat loreetako bat dugu Marte Lasarte. Pello Armendariz abeslaria eta front-mana eta Borja Antón gitarra jole eta hein batean ekoizlea dira taldearen sortzaileak eta kantuen egileak. Hitz denak, berriz, Pellorenak dira. Norabide anitzeko soinua eta konposizioak dakarzkigute lehen disko honetan: soinu modernoa, freskoa, dantzagarria... baina baita zuzenekoetan egurra emateko modukoa ere. Gainera, Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia (baxua eta ahotsa) eta Alex Alonso bateria jolea (ETS, Tierra Santa, La Oreja De Van Gogh, Gari) proiektura batu zirenean sortu zen laukotea maila oso altukoa dela esan beharrik ez dago. Zuekin, hasi berria den baina bidea ondo baino hobeto markatua daukan proiektu berria: Marte Lasarte!

Diskoa labetik atera berria dago. Urriaren 18an atera zen, oker ez banago. Momentuz, entzunaldi askorekin hasi du bere ibilbidea diskoak.

Pello: Oraingoz harrera ona izan duela ematen du, bai.

Borja: Bai, momentuz jaso ditugun mezuak oso politak izan dira, eta hori seinale ona da.

Noiz sortu zenuten Borjak eta Pellok taldea? Badira pare bat urte Skakeitan desegin zenetik. Musika munduan ibili zarete denbora honetan?

Pello: 2022an erabaki genuen Skakeitan taldea desegitea eta 2023an eman genuen azken kontzertua. Tarte hartan, jada, hasiak ginen borradore batzuk elkarbanatzen eta lehen ideiaren bat lantzen. Oro har, nahiko poliki joan gara, presarik gabe. Bitartean, nire kasuan, talde batzuekin kolaboratu dut estudioan eta zuzenekoren batean. Eta, amaitzeko, azken urte honetan La Txamarekin pare bat abestitan parte hartu dut.

Borja: Hori da, aurreko urtean eman genuen Skakeitanekin azken kontzertua. Hori baino pixka bat lehenago, Pellok zituen lehenengo ideiak nirekin konpartitzen hasi zen, eta poliki poliki lanean hasi ginen. Denbora horretan beste proiektutan sartzeko aukera izan dut, baina eszenatokitik kanpo. Horrela, aurreko urtean Zinemaldian aurkeztu zen dokumental baterako soinu banda egin nuen, Olatz Salvadorrekin batera. Zirkuss zirko konpainiarentzako abestiak konposatzen aritu naiz, eta zenbait produkzio lan egin ditut.

Disko honen soinua definitzeko hainbat termino erabili dituzue: post-punk, drum ́n ́bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave, elektronika... Gaur egungo talde askok estilo gurutzaketak eta elementu ezberdinak erraz uztartzen dituzue. Lan martxosoa da, dantzarako aproposa baina ñabarduretan ere aberatsa. Rockzaleei ere gustatuko zaiela uste duzue?

Pello: Hori aipatu badugu, besteek guri jarri dizkiguten etiketengatik izan da. Egia esan, abestiz abesti joan gara gustatzen zitzaigun onda bilatzen, horrek sekulako askatasuna eman digu eta, estiloetara itzulita, ez zaigu asko axola hainbat estilo jorratzea, gure aurreko esperientzia eta gustatzen zaizkigun musikak ikusita asko erabili ohi dugulako eklektikoa izatearen baliabide hori.

Borja: Pellok esan duen bezala, estiloetan pentsatu baino, abestiak berak eskatzen zuen horretan zentratzen saiatu gara. Horregatik, zaila egiten zaigu etiketa bakar batetaz hitz egitea disko honen kasuan.

Skakeitanen jarraitzaileek, adibidez, Pelloren ahotsean zein melodia batzuetan nolabaiteko jarraikortasuna antzeman dezakete. Noski, egia da Marte Lasarte beste gauza bat dela, askoz ere... nola esan? Modernoagoa.

Pello: Izan daiteke, azken finean, Skakeitanen ginen hiru musikagiletik bi gaudelako proiektu honetan. Gainera, ahots melodia estilo jakin batzuk gustatzen zaizkit eta oso zaila da jada norbaitekin lotua edo identifikatua izan den ahotsa bere melodietatik bereiztea. Dena den, esango nuke abesti gehienen kasuan melodiak ilunagoak direla.

Diskoak klabe dantzagarri asko dauzka. Akaso, eta “Ez da besterik” zentzu horretan borobila den arren, “Zaldiak” kantuaren erritmo sakonak (drum’n’bass-as, suposatzen dut) diferentzia markatzen du.

Pello: Aspalditik gustatzen zaidan erritmoa da, britainiar beat-a, drum'n'bassa, UK garagea... Aipatutako bi kasuetan estilo finko batera ere ez sailkatzen saiatu nintzen, eta gustuko estiloen arteko nahasketa interesgarri bat atera zitzaigun.

Taldeari izena ematen dion abestian (“Marte Lasarte”) euskara eta gaztelera uztartzen dituzue, batzuetan Skakeitan egiten zenuten bezala. Dena den, Marte Lasarte euskal talde bat da, argi eta garbi.

Pello: Bai, horretan, adibidez, aurreko esperientzietan gehienbat euskaraz idazten nuen eta oraingoan ia ehuneko ehuna euskarazkoa da. Egia da askotan, kalean, hizkuntza batetik bestera ibiltzen garela eta asko naturalizatu dela modu hori: “Marte Lasarte” abestiaren kasua litzateke. Hala ere, euskararen posizioa ikusita, garrantzitsua iruditzen zait euskal hiztunok euskaraz musika egitea, gure ama hizkuntzaren normalizaziorako.

Errepiken garrantzia bereziki nabaria da “Grabitaterik gabe” eta batez ere “Anek ezagutzen zaitu” kantuan. Ia abesti guztiak entzulegoak ozen kantatzeko modukoak dira. Zuzenekoei begira, interesgarria noski zuentzat.

Pello: Ez genuen konzienteki egin. Lehen, agian nire kontua zen, baina asko jotzen nuen, batzuetan obsesiboki, zer edo zer berria esatera edo melodiak beste mezu batzuekin betetzera, eta kantu hauekin hobeto konturatu naiz errepikapenean badagoela edertasuna.

Borja: Abestiak sortzerako orduan ez dugu publikoarengan gehiegi pentsatu, uste dut hori positiboa dela edozein sorkuntza prozesuan. Hori bai, lana behin amaituta, publikoak kanta bat entzun eta errepika ezin badu burutik kendu, hori guretzat oso berri ona izango da.

Bi kantu benetan delikatu daude diskoan: “Hileta” fina, bere koru erakargarri eta Sara Zozayaren kolaborazioarekin, eta “Basamortua” dotorea, erritmo konstante gozagarria eta kalitatezko errepikaduna. Bi kantu hauek diferentzia markatu dezakete hainbeste konpetentzia dagoen mundu honetan.

Pello: Eskertzen da laudorioa. Hileta abestiaren kasuarekin oso pozik geratu gara eta badirudi jendeari ondo sartzen ari zaiola. Niretzat guztiz terapeutikoa izan da, heriotzaren inguruan hausnarketa egiteko erabili bainuen.

Borja: Bai, oso pozik gaude bi kantuekin. “Basamortua”-rekin aurkeztu genuen proiektua eta harrera ona izan zuen. Orain “Hileta” abestiarengatik asko zoriondu gaituzte, eta ilusio berezia egiten digu, bertan lagun askok hartu duelako parte.

Diskoari agurra emateko beste kanta martxoso bat aukeratu duzue: “Business punk”, bizkorragoa eta oldarkorragoa, diskoko laburrena. Makinen erabilera inteligentea egin zenuten Skakeitan taldean, eta orain erabilera hori urrunago eraman baduzue ere, funtzionalitate handia eman diozue. Esango nuke, gainera, zuzenekoetan gai izango zaretela elementu horietatik asko erabiltzeko.

Pello: “Business punk” abestiak, gezurra badirudi ere, oso oinarri organikoa izan zuen: punk rocka eta fuzza nahastuta. Egia da gero Borjak elektronizatu zuela dexente, eta oso emaitza freskoa geratu zaigu. Gainera, zuzenekoan bonba bat da!

Borja: “Business punk” abestia definitzeko erabiliko nukeen hitza “visceral” (erraietakoa) da. Horregatik, garrantzitsua zen guretzat izaera hori mantentzea. Diskoko beste kantuetan egiturak, testurak eta abar garatuagoak daude. Hemen, berriz, dena zuzenagoa da. Hori bai, soinu aldetik argi geneukan ohiko punk rocketik aldendu nahi genuela, eta hor emaitza. Eta zuk esan bezala, uste dut zuzenekoei begira lortu dugula diskoan agertzen diren elementu horiek erabiltzea.

Zein momentutan erabaki zenuten taldea sortzea eta noiz deitu zenieten beste partaideei? Krak hutsak dira, noski! Lore Nekane Billelabeitia, Belako taldeko baxua eta ahotsa, eta Alex Alonso, bateria (ETS, Tierra Santa, La Oreja De Van Gogh, Gari...). Galderatxo bat: momenturen batean Alex Skakeitan taldeko partaidea izan zen? Diskoen kredituetan ez da ageri bederen...

Pello: Alexek ordezko rola hartu zuen Skakeitanen, Julenek Merina Gris-ekin bere bidea hasita zuelako, eta hainbat kontzertuetan ezin zuelako gurekin egon. Orduantxe oso harreman ona egin genuen, eta esan beharra dago berean makina bat dela. Bestalde, Lore Nekane lagunen laguna da, eta hauen bitartez iritsi zitzaigun gomendioa. Belako taldeagatik ezagutzen genuen eta jotzeko era eta estilo aldetik asko gustatu zitzaigun. Horrela, sorpresa ikaragarria izan zen animatuko zela jakin genuenean.

Aurreko galderari eutsiz, nola moldatu dira eta zer ekarri dute taldera Lore ta Alexek?

Borja: Nabariena aipatzeagatik, beraien esperientzia eta gaitasunak. Gozada bat izan da Lore Nekane eta Alex grabatzen eta entseatzen ikustea.

Pello: Elkarrekin denbora gutxi daramagun arren, talde izaera ikusten dut. Laukote formatua asko gustatzen zait, eta musikari onak izateaz gain, eremu pertsonalean harreman polita eraikitzen hasi garela ikusten dut. Horrek, nire ustez, berebiziko garrantzia du.

Izan dituzuen eraginak nahiko zabalak direla dirudi. Artista batzuen izena emango zenigukete?

Pello: Fontaines DC, Cage the Elephant, MGMT, Yard Act, Nia Archives, 80ko hamarkadako punka eta popa, Gorillaz…

Haritz Harreguyrekin grabatu duzue diskoa, bere estudioan eta bere gidaritzapean. Dena den, uste dut zuek biok (Pello eta Borja) eskuartze handia izan duzuela soinuan. Skakeitanen diskoak bere Higain estudioan, lehenengo, eta Haritz Harreguy Studion, gero, grabatu zenituzten. Zuek buruan zenuten soinua islatzeko hautagairik onena da Haritz?

Pello: Batez ere Borja izan da soinuaren ekoizpenean aritu dena, baina gurekin batera Badi (Northwavesound) aritu da hirugarren ekoizle modura, eta asko lagundu digu kanpoko ahots kritiko moduan, gure abestietara hainbat soinu berri ekartzeaz gain. Bestalde, Haritzekin izan behar zuen, berarekin dugun lagun harremanaz gain, bere estudiotik pasatutakoan emaitza gehienekin oso gustura geratu izan garelako.

Azala Jabier Rodriguezena da. Zer islatu nahi izandu portadan? Kurrikulum polita dauka Jabierrek. Noiz ezagutu zenuten?

Pello: Peyerose raperoarekin harremana egin nuen bere abesti batean kolaboratzen eta beranduago La Txama taldea muntatzen. Logoa egiteko eskaini zuen bere burua. Logoa egin ondoren Jabierrekin ere harreman ona egin genuen eta portadaren diseinua egitea proposatu genion. Asko gustatzen zaigu, ez diolako jaramonik egiten unean uneko “trendy”ari eta, gainera, proposamen originalak ekartzen dituelako. Nik uste dut portada gonbidapen bat dela “ez da besterik” horretan milaka modu daudela murgiltzeko. Zer egin horrelaxe datorkigun horrekin?

Kolaborazio ugari izan dituzue, batez ere “Hileta” kantuan. Haize sekzio bat izan duzue bertan, haien artean Skakeitan taldean zuekin aritu zen Aitor Valcarlos. Oker ez banago, Skakeitanen tronboia jotzen zuen, baina hemen tronpeta jo du.

Pello: Bai, laguna dugu, koadrilakoa, eta beti egon da prest Marte Lasarterekin edozer gauza egiteko. Besteak beste, “Marte Lasarte” bideoklipean agertzen da, abestiaren abiapuntua bere etxea zelako. Berez, tronpeta jolea zen txikitatik, tronboia beranduago ikasi zuen, bere anaia Skakeitanen sartu zenean bestelako testurak izateko, eta rol horretan egin zen ezaguna.

Borja: Bai, lehenago esan dudan bezala “Hileta”-n gertuko jende asko izan dugu inguruan. Valcarlosekin batera, Jonatan Quiñones etorri zen tronboia grabatzera. Soketan Enekoitz Martínez eta Maria Bustosen laguntza eduki genuen. Eta Sararen kolaborazioak ilusio handia egin zigun, gertukoa izateaz gain, asko miresten dugun artista delako.

Gainera, Skakeitaneko partaideekin jarraituz, Olatz Salvadorrek koruak egin ditu “Basamortuan” kantuan. Taldea desegin den arren, harremana mantentzen duzuela dirudi...

Pello: Oraindik ere bazkariak eta afariak egiten ditugu bi edo hiru hilean behin. Olatz ere “beti prest” horietako bat izan da eta guretzat benetako luxua da. Gertutik jarraitzen dugu egiten ari dena eta egia esan plazera da berarekin lan egitea.

Borja: Bai. Zorionez, Skakeitanen ibilbide artistikoa bukatu den arren, gure arteko erlazioa ez da amaitu.

Eta Sara Zozaya lehen aipatu dugu “Hileta” kantuan ahotsa sartu duelako. Berarekin ere lan-erlazioa izan zenuten iraganean, ezta?

Pello: Pandemian “Ezpainetan odola” abestiaren bertsio kolaboratibo bat atera genuen euskal eszenako zenbait artistekin, haien artean bera. Bestalde, aurreko proiektuaren azken kontzertuan egon zen eta asko miresten dugu. Abestiari izugarri eman diola esan behar dut.


Utzi iruzkina: