KYUSS ETA AZKENA ROCK

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2007-04-10 21:26

             Kyuss taldea existituko balitz, Azkena Rock Festibalean joko luke. Izan ere, Festibal horretarako egina dirudi taldeak, nahiz eta Festibala hasi zenean, urte mordo bat pasa ziren jada taldea banandu zenetik. Bai, beste talde batzuk ere jaialdi honetarako jaioak dirudite: The Black Crowes, New York Dolls, MC5 edo zeresanik ez, Stoogesak (adibide bakan batzuk aipatzearren), baina Kyussek badu halako erlazio berezi bat, esango dizuet zergatik: Taldeko partaide gehienak Gasteiztik pasa direlako, beren proiektuekin.

   2005ean Brant Bjork bateriajole handia izan genuen larunbateko lehen kontzertua eskaintzen, bere Brant Bjork & The Bjorkekin, arratsaldeko 16:30tan eta eguzki zital baten pean...Iritzi onak eta txarrak jaso banituen ere, niretzat emanaldi bikaina izan zen.

   Baina 2005ean bertan beste bi zita genituen desertuko taldearen jarraitzileok: Batetik Nick Oliverik The Dwarves talde punkiarekin eskandalua bilatu zuen, maskaraz mozorrotuta agertu ziren denak, baina azkenean aspergarria ere izan zen, hain zital jo nahi izatean monotonoa ere bihurtu bait zen. Bestetik, hitz potoloak: Josh Homme bere super taldearekin: Queens Of The Stone Age! Itzela, zapaltzailea eta gaindiezina, hiru hitzetan esateko. Diskan baino, zuzenean askoz ere hobeto moldatzen diren talde horietakoa dugu, baina hori gutxi esatea da: Askoz gogorrago, dibertigarriago eta antzemanezinagoak dira. Inprobisatzen dute, bapatean gelditu eta jendeari buila eskatzen hasten dira, jarraian bolumena 11n jarriaz eta jarraitzaileen eromena sortuaz. Konpara ezazue “First it giveth” diskan ala zuzenean, eta kontuak atera. “No one knows” entzun eta haien oinetara jartzea besterik ez da geratzen. Eta, bai, Kyussen kantak jo zituztenean, momentu horietan, ez zen posible munduan ezer hoberik egotea! Monster Magnetekin batera, urte hartako festibaleko kontzerturik onenak, eta inoiz ikusi dudan 5 onenen artean jartzen dut, dudarik gabe. Are gehiago Nick Oliveri (taldea ibilia zena) haiekin kanta batzuk jotzera irten zenean.

   2006an Nick Oliveri ikusi ahal izan genuen Mondo Generatorekin, azken eguneko azken emanaldian. Oso berandu zen, eta jendea oso nekatua egon arren (Pearl Jamen ondoren jo zuten), hasiera behintzat oso potentea izan zen, eta perila luzeko frontmana fin ibili zen. Eta Eagles Of Death Metalekin, Josh Homme izan behar bagenuen ere, hau ez zen etorri, zoritxarrez (hala ere taldeak jo zuen).

   Kyuss, gaur egun dagoen kultu taldeetatik desiratuena da ia. Okerrena da, oso zaila dagoela hauen itzulera, taldea bere garaian fama handirik ez zuelako desagertu bait zen. Eta Queens Of The Stone Ageren arrakasta hain handia izanda, are zailago, noski.

   Desertuan musika asmatzen zuten artista haien lanak hor daude, eta Stoner izpiritu hura bizitzeko aukera badago, beraien diskak entzuten, noski, eta oraindik aipatu ez dudan John Garcíaren Hermano talde bikainean, QOTSA baino fidelago bait da Stoner esentziarekin. Gora Stoner Rocka! Gora Dessert Songa!


Utzi iruzkina: