Azkena Rock 2016, 2.zatia
Kronika hau argitaratu gabe egon da orain arte. Lehenengo zatia duela pare bat argitaratu nuen hemen.
Larunbata, ekainaren 18a
Bezperako euri-jasaren ondoren, larunbatean jende guztia askoz ere prestatuagoa etorri zen, mozkorren bat edo beste ezik. Hara non, ordea, Thor gutaz apur bat errukitu eta ostiralean baino askoz ere zigor gutxiago eragin zigun. Eguraldi askoz ere atseginago horrekin, lehen ordutik Mendizabalan zen Entzun ekipoa.
Arratsaldeko 17:15etan Sumisión City Blues gasteiztarrek oholtzara jauzi egin zuten. Banuen garaia haiekin estreinaldia egiteko, eta ARF gertatu izanak hunkitu ninduen. Pela abeslari moduan daukan edozein taldek interesa du niretzako. Egia esan, gaur egun bera bezalako beste frontmanik. Obligaciones taldean ipurdiak ostikatzen zituen garaietatik, ez dut inor era horretan oholtzan mugitzen denik ezagutu: probokatzen saiatzen diren gehienak txiki geratzen dira bere alboan. Beste tipoek ere eskarmentu handia dute musika munduan: Anti (gitarra), Penike (baxua) eta David (atabalak), eta guztietatik ezagunena: Joseba B. Lenoir (gitarra).
Sailkatzeko hain zaila, eta era berean hain sinestezina den musika hau deabruaren musika bezala definituko nuke. Mingainik zorrotzenen gaiztakeria, bluesaren eskema mozkorgarriak, geldialdi eta isiltasunen boterea, eta dezibelioak. Dezibelio asko. Oker ez banago, El efecto demacración, Amoniaco impuro eta amaitzeko, Mentira jo zituzten, besteak beste. Azken horretan Pelak ikuslegoarekin jolastu zuen beti bezala, eta zirikatu esatea gutxi iruditzen zait: probokazio hutsa izan zen. Asko entzuten da “soinu zikina” duten taldeez. Bale, hori zer den jakin nahi baduzu, ahaztu talde gehienak: HAU DA soinu zikina. Country & western zitalena, bluesaren izpiritua eta punkaren gaiztakeriarekin, bai horixe. Beste abesti bat ere oroitzen dut, Pelak etengabe “fuego” esaten duena, tartean The Who-ren Nightrain ahaztezinari lekua egin ziona.
Ez, ez dira USAkoak, ez dituzte milioika dolar kobratzen: hauek gureak dira eta hemen dauzkagu, edozein areto txikitan. Ia etxe ondoan. Azkenik, aipatu bai Pelak baita Antik ere bigarren aldia dutela Azkenan, biek Obligaciones taldearekin parte hartu baitzuten duela 12 urte. Eta Joseba B. Lenoirrek ere bigarren aldia du, 2007an Sexty Sexersekin egindako kontzertu historiko hartatik (karpako barraren gainera igo eta gitarra solo gogoangarri hura egin zuen hartan, hain zuzen).
Cobra ikusteko jende multzo handia bildu zen David Bowie eszenatokian. Hauek ere gureak dira, eta aukera ezin hobeto aprobetxatu zuten, dudarik gabe. Dena ematera irten ziren, ohi bezala, eta ikuslegoak bueltan parte hartze handia erakutsi zuen. Talde honen musikarekiko oso kritikoa naiz, haatik. Kaña gehiegi ematen dutela uste dut, deskantsurako ia betarik gabe. Musika oldarkorra, testosterona topera eta inor baino ozenago eta gogorrago jotzen dute. Beraien estiloan, oso onak dira, eta ikuslego fidela biltzea lortu dute, Ground zero, Come on now eta batez ere Miyagi-rekin zerua ukitzen duena. Gainera, taldeak, ematen duen pausu bakoitzean, ni argudiorik gabe uzteko emaitzak lortzen ditu. Hain da ona eta osatua beraien lana… gero eta zailagoa zait ezkorra izatea.
Agian abestiei arnasa pixka bat ematea besterik ez zaie falta gailurra jotzeko… Haritz Lete frontman aparta da, ahotsean ñabardura gutxi bilatzen ditu talde honetan, eta botere sentsazioa eman beharraren beharrez, Cobraren izpiritua %100ean ordezkatzen du. Lau musikarien irudia benetan boteretsua da: Ekainen atabal kolpe latzak, Josuren gitarra nota amaiezinak, jarraikakoak eta grabeak, eta Daviden baxu jolearen posturak eta oinarri sendoa osatzen duten nota irudimentsuak. Jo zuten azken abestia bera (orain ez dut izena oroitzen) orgasmo hutsa izan zen: zenbat ñabardura Daviden partetik, zer-nolako soltura eta gustu ona! Davidek berak ere bigarren emanaldia du jada Azkenan, duela 10 urte Berri Txarrakekin eskainitako kontzertuaren ondoren.
The Vintage Caravan hirukoteak eskainiko ziguna handia izango zela banekien arren, han ikusitakoak nire aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Oholtza “txikian” (aurten inoiz baino handiagoa eta erakargarriagoa bihurtu den horretan) beste bi eszenatoki handietan ikusitako talde gehienak gainditu zituzten. Soinu sakona, astuna, lisergikoa eta birtuosoa bai, baina guztiz pasioduna deskargatu zuen Islandiako hirukoteak. Alexander baxu jolea espektakulu hutsa izan zen, eta kontzertuko erakarpenik handiena, gora eta behera gelditu gabe egon baitzen, bere instrumentuari soinu benetan lodia eta harrigarria ateratzen zion bitartean, nahiz eta guitar hero eta abeslariaren papera (Óskar Logi) berebizikoa izan. Cocaine sally edo Expand your mind harrigarriek zur eta lur utzi gintuzten. Jaialdi osoko emanaldirik onenetakoa.
Radio Birdman alde batera utzi genuen goian aipatu islandiarrez gozatzeko. Bide batez, eta haiek ikusi ondoren, australiarren emanalditik ikusi genuenak ez gintuen bereziki konbentzitu. Laster irtengo zen Imelda May beste oholtza nagusian, eta ahalik eta lekurik onena hartu eta gero, gozatzea besterik ez zen geratzen! Irlandarrak, bere itxura aldaketa deigarria izanagatik (ile luze askea, soineko dotorea…), irudi polita izaten jarraitzen du. Musikaren inpaktuak bere horretan darrai (Tribal, Wild woman, Big bad handsome man, Love tattoo… zer-nolako hasiera!), nahiz eta ahul antzean, agian pixka bat hauskorra nabaritu nuen.
Bere rockabillyak beti bezain liluragarri izaten jarraitzen du, abestiek sekulako indarra daukate, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Azkenan bertan duela urte gutxi jo zuenetik hona fan gehiago dauzka, batez ere emakumezkoak. Willie Dixon-en Spoonful-en sakonetik ateratzen zaion indar basati hori agerian geratu zen. Atabal kolpe zehatz bezain sinpleek, musikarien jakituriak eta musa irlandarraren berezko estiloak legenda bihurtzen dute artista hau. Edo horren bidean doa behintzat.
Ikuslegoa aurrez prestaturik dator, argi dago badakiela zertara datorren. Honela, azken txanpa ere apartekoa izan zen: It’s good to be alive, Roadrunner (Inside out-ekin lotu zutena), Round the bend, Psycho, Mayhem (arrakasta totala!) eta amaitzeko, Johnny got a Boom Bomm. Benetan gogoangarria, erakutsi zuen itxura apur bat hauskorra eta ahul-antzekoa izan ez balitz, baina hala ere bikaina.
091 andaluziarren itzulera ikusgarria izaten ari da: Banandu zirenetik bi hamarkada pasa eta gero, itzulera honetan jaialdi garrantzitsuetan sartzen ari dira, aparteko soinua eta muntaia zabaldu dute eta hori gutxi balitz, inoiz baino jende gehiago joaten da haien kontzertuetara. Hamaika ikusteko jaioak gara! Bertaratu ginenerako Nada es real klasikoarekin ari ziren. Zer-nolako soinua, potentzia!! Hori da hori karisma, Lapidorena! Eszenatoki “txikira” hurbildu ginen milaka pertsonetatik asko andaluziarrak sekula ikusi gabekoak ginen. Haatik, beterano asko zegoen han, ziur noizbait ikusiak zituztenak, eta denak paradisuan zeuden. Gozatzen ari ziren, begiak itxi eta kantatu orain, salto eta dantza gero… Zaila da hitzekin giro hura azaltzea.
Abesti guztiek halako erabatekotasuna transmititzen zuten: gitarra eta baxuaren zehaztasuna, atabalen indarra eta segurtasuna, haizezko instrumentuen sentimendua… 091 ia talde madarikatu izatetik ia-ia (eta han egondakook ulertuko didazue) mainstream izatera pasa dira. Esan nahi dut, inoiz baino ikusle gehiago, jaialdi handi eta ezagunetan jotzen aritu, eta dena hain zehatz eta ondo jotzen duten heinean bihurtu direla halakoak. Zer esan En el laberinto eta La noche que la luna salió tarde ahaztezinei buruz? Haien ondoren jo zituzten beste batzuk: Qué fue del siglo XX (jendea zoratzear), Esta noche eta La vida qué mala es… Sigue estando Dios de nuestro lado ere adierazgarria izan zen. Denborak legenda bihurtu ditu, eta nork daki? Agian jainkoa ere beraien alde jarriko da…
Eta iritsi zen azkenik, askorentzat aurtengo edizioaren momentua. Gaur egun oholtza gainean gelditzen den talderik mitikoenetakoa: The Who. Edo Pete Townshend eta Roger Daltrey, noski. Ikusmina sekulakoa zen eta lehen lerroetara hurbiltzen saiatze hutsa erokeria. Horregatik dezente atzetik ikusi behar izan genuen, horrek dakartzan deserosotasun guztiekin. Soinua ez da behar bezalakoa, ezta irudia ere, pantaila handiak hor dauden arren. Baina, zer nahi duzue esatea ordea, bozgorailuetatik I can’t explain entzuten ari den ni bezalako fan batek?
Hasiera horrekin, dena alde jarri zuen Ingalaterrako legenda pareak. Substitute bikainak baino arrakasta gehiago izan zuen, nola ez, Who are you telebistako himnoak. The kids are alright eta I can see for miles. Roger Daltrey mikroari bueltak eta bueltak ematen ikustea, Pete besoarekin errotarena egiten, eta atzeko pantailetan 60.hamarkadako irudi gogoangarri haiek… Izugarria. My Generation, hasierako hitz-totel famatu haiekin (ba al dakizue bere garaian hainbat jenderi gaizki iruditu zitzaiola?), eztanda kolektiborako giltza izan zen, baina gero nahita erritmoa asko geldotu zuten eta pertsonalki ez nuen gustuko izan.
Duela 10 urte atera zuten diskotik (Endless wire) abesti bakar bat ere ez. Behind blue eyes sentikorra, Join together eta bere koru zoragarriak, You better you bet, Keith Moon hil ondorengo etapako altxorra… eta hemen, argi eta garbi, Rogerrek (eta agian baita Townshendek ere) atseden pixka bat har zezan, beste fase batean sartu ginen, Quadrophenia eta Tommy disko kontzeptualetako pasarte lasaietan. Hala nola, Quadrophenia-ko I’m one, 5:15 eta Love, reign O’er me, eta jarraian, Tommy-ko Amazing journey, Sparks eta Pinball wizard, zeinekin berriz ere kañara itzuli ziren. Dena den, pasarte eder, lasai eta aberats hauek kontzertuaren erritmoa guztiz moztu zuten, eta gero kosta egin zitzaien emanaldia altxatzea.
Lehen aipatu Pinball wizard-ekin, ordea, Tommy protagonista itsuaren eraldaketa dator, izar handia bihurtzen da, pinballean txapelduna da eta esnatze horretan jainkotua izatera pasa da. Kantak hori guztia ospatzen du, eta gure buruan, eta oso oker ez banago, pantaila erraldoietan ere, Elton Johnen irudia, pianoa eta pinballari, bieri batera (!!!) eragiten (piano-pinball famatua). Hitzik gabe geratzen ari naiz, benetan. Eta Tommy diskotik atera gabe, See me, feel me adierazgarria, azken azkenerako Baba O’Riley eta Won’t get fooled again-ekin, gorenean amaitzeko. Eta ahal bezain gorenean.
Emozioa izugarrizkoa da. Hau da gaur egungo The Who, eta ez dago beste The Who posiblerik. Haietatik bi hilda daude, eta geratzen diren bi maisuek dignitate osoz eta harro eusten diote, espektakulua ematen dute eta oholtzan ondo mugitzen dira. Urruti egon nintzelako edo, aurtengoa 2007an B.E.C.en eskainitako emanaldia baino apalxeagoa izan dela esango nuke. Noski, orain 9 urte zaharragoak dira eta ezin zaie gehiago eskatu: Rogerren ahotsa ez da lehengoa eta Townshend-ek ez du zipitzik entzuten. Atabaletan Zack Starkey (bai, Ringoren semea!!) ikusi ahal izateak era hunkitu ninduen. Hainbeste urtetan pilatutako sentimenduek eztanda egin zuten. Ez, ezin dut aldatu: fan bat naiz. Ah! Eta bai… Errenteriako Gabierrota auzoko gasolindegian urteetan egon zen The Who-ren pintada nirea zen.
Maila honetako showa ikusi ondoren, ahal bezain azkar eztarria busti eta berriz ere 3.eszenatokira, Scott Weilandera, goaz. Iritsi ginenerako Sheena is a punk rocker jotzen ari zen Marky Ramone’s Blitzkrieg. Giroa sekulakoa zen, eta hain justu espero genuena eman ziguten: abiada bizian, ia gelditu gabe, I wanna be your boyfriend, Beat on the brat, 53rd & 3rd, Now I wanna sniff some glue, Gimme gimme shock treatment, Oh oh I love her so, Tomorrow she goes away edota aparteko arrakasta izan zuten Rock’N’Roll high school eta The Thrashmen taldearen Surfin’ Bird mitikoa (bikaina!). Markyk egiten duenaren inguruan debate oso interesgarria dago. Alde batetik, kazetarien gehiengoak berbena hutsa dela dio, baina bestetik… bere show batera hurbildu besterik ez dago haien arrakasta ulertzeko: jendeak rock and rolla nahi du, one, two, three four! oihukatu eta jauzi egin. Ez dut ezer txarrik ikusten horretan. Abestiak zaharrak izateak eta arrakasta hura behin eta berriz gogorarazteak arrazoia ematen die, haatik, mespretxu pixka batekin kritika egiten dutenei.
Dena den, hori argi edukita, ez diot buelta askorik ematen auziari, eta kontxo, tipoa taldeko bigarren bateria izan zen, 1978tik amaieraraino, hau da, 18 bat urtetan zehar! Berbena punk edo ez, kutsakorra da oso Marky eta bere mertzenarioen ikuskizuna. Hunkigarria, benetan, jendeak nola hainbat abestien hitzak dakizkien ikustea: Judy is a punk, I beleve in miracles xarmangarria eta erromantikoa, The KKK took my baby away (letra irakurri behar duzue!! Joeyren maitasunezko abestia Johnny-ri, kar-kar), Pet sematary, I wanna be sedated, I don’t wanna walk around with you eta agurtzeko, Pinhead. Hauen aurretik, Johnny Thunders-en The Heartbreakers-i omenaldia (Chinese rocks). Bisean, nola ez, Do you remember rock’n’roll radio?, I just want to have something to do, Glad to see you go, Cretin Hop, eta R.A.M.O.N.E.S., hots, Lemmyk New Yorkekoei egin zien omenaldia. Berriz ere itzuli ziren beste bertsio pare batekin (Joe Jonesen California sun eta Louis Armstrongen What a wonderful world, borobila benetan), eta, orain bai, azken agurra Blitzkrieg bop-ekin, jendea gorenean zelarik.
Oraintxe aipatu dudan Lemmy Kilmister eszenatokira erromesaldi –ez hain- masiboa etorri zen jarraian, aurtengo ARF jaialdiari azken agurra emateko. Supersuckers berriro ikusteko gogo itzela neukan, eta bigarren lerrotik izan nintzen hango nondik norakoen lekuko. Emaitza etsigarria izan zen niretzat: bagenekien Eddie Spaghettik iaz diagnostikatu zioten eztarriko minbizia gainditua zuela, baina zalantza batzuk bagenituen. Dena den, hainbat kritikari pozez zoratzen ikusi ditut Supersuckersen showarekin. Ni, ordea, ez nago haien artean. Duela urte gutxi erakusten zuen maila hartako tipo karismatikoaren ordez, betaurreko beltzen atzean zegoen mamu antzeko bat ikusi nuen. Eddie ez zen ia mugitu ere egiten, aurpegiko espresio galdu hori ez zen kontzertu guztian aldatu ere egin, eta are gutxiago ikusi genituen taldearen nortasuna markatzen duten pose eta gitarra mugitzeko modu haiek.
Country diskoa aurkeztera zetozela ahaztu behar ez badugu ere, karisma gabeko emanaldi antzua izan zen. Beraz, Doublewide, Roadworn and weary, Let’s bounce, Must’ve been high edota Eddie Spaghettiren bakarkako Empty eta Waste of time abesti bikainen interpretazioari jarrera falta bazaie, ezer gutxi geratzen zaigu. Amaierako Pretty fucked up eta Born with a tail ezagunek ere ez zuten giroa altxatzerik lortu. Gainera, jendea nekatua zegoen jada, eta egin zuten kantu aukeraketa eta hauei eman zieten forma ez ziren egokienak goizeko 2:00etan jotzeko. Honela joan zaigu 2016ko ARF jaialdia, historiako hamabosgarrena. Despedida moduan, jaialdi honetan bi aldiz jo duten musikari euskaldun batzuen zerrenda egingo dut. Baliteke baten bat ahaztu izana.
Pela (Obligaciones-ekin 2004an eta aurten Sumisión City Blues-ekin)
Anti (Obligaciones 2004 eta aurten Sumisión City Blues)
Joseba B. Lenoir (Sexty Sexers-ekin 2007an eta aurten Sumisión City Blues-ekin)
David (Berri Txarrakekin 2006an eta aurten Cobra-rekin)
Iñigo Cabezafuego (2011n, urte berean! Atom Rhumba eta hurrengo egunean Bizardunak-ekin!)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: