Queens Of The Stone Age "In Times New Roman" (Matador Records)
STONERRETIK HARATAGO, HOMME-REN MUNDUA
Haserre dago Josh Homme, oso haserre. Bikotekidearekin eduki dituen liskar publiko guztiek (elkarri egindako indarkeria salaketak, haurren zaintza lortzeko epaiketak eta beste hamaika auzi) eta duela ez asko pasa duen minbiziak grabaketa garratza egitera eraman dute, hitzei dagokionez bederen. Amerikar Estatu Batuetako prentsa arrosa zein rockzaleak entretenimendua soberan izan du, beraz, azken garaietan. Times New Roman Word programaren idazteko formatu bat da, hain zuzen ere prozesu legaletan erabiltzen den berbera. Beraz, argi dago izenburua nondik datorren.
Bikotekide ohiari emandako ziztada guztien artean kulebroi moduko segida bat topatu genezakeen arren, musika aztertzea tokatzen zaigu hemen. Haserre dago Homme? Bai, oso. Disko berrian islatzen da hori? Bai, baina ñabardurak egin beharrean gaude: musika aztertzen badugu, bere ibilbideko klabe asko topatuko ditugu, baina ez da inondik ere bere diskorik gogorrena. Hortik aurrera, gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Lehen diskoetako boterea apur bat baretu dela esan genezake, bere eboluzioan nabaritu dezakegun moduan, baina “Rated R”, “Songs for the deaf” edota “Lullabies to paralyze” bezalako diskoen indarra izan gabe ere, badauzka lan berri honek bere bultzada erasokorrak.
Gainera, azken diskoetan erakutsitako jakituriak bere bidea egiten jarraitu du. Beraz, zale berrienen gustukoen izango dira azken hiru diskoak, eta hasiera-hasierako jarraitzaileetako batzuek (Kyuss mitikoen fanatikoak) gehienez ere “Era Vulgaris” (2007) diskoraino mirestuko dute QOTSA. Baina... nola ez dugu gozatuko ba “Obscenery” bezalako rara avis itsaskorrekin? Erritmoa, soinua eta gitarren segidak aldrebestea ofiziotzat daukan Josh-ek ez digu hutsik egin. Berriz ere.
“Paper machete” koru konprimitu/psikodeliko harrigarri haien adibidea dugu, gitarra soinu arraroa eta gitarra soloa ere falta ez dituena. “Negative space” gozamen hutsa da. Erritmo astuna, atabalen kolpekadak, baxuaren pedala... badauka gatza eta piperra kantu honek ere, baina batez ere, ederra da. Konplexutasunean haratago joatea gustuko dutenentzat, “Time & place” harrigarria. Bi erritmo ezberdin bata bestearen gainean, edo hobeto esanda, gurutzaketa jostagarrian dabiltzan bitartean, Homme-k gitarra zorrozteari ekiten dio, errepikan QOTSA-ren ohiko maisutasuna erdietsi arte.
“Made to parade”-n ere gitarren gurutzaketak nagusi badira, “Carnavoyeur”-en entzuten dugun erabat tonu baxuko soinu limurtzaileari buruz zalantzak dauzkagu berriz ere, gitarra edo baxua ote den. Abiadura gustuko dutenentzat, ezingo genuke “What the peeople say” kementsua alde batera utzi. “Sicily” exotikoa da, ia definizioz musika esperimentaltzat jo genezakeen estiloaren barruan ere esperimentala. Horregatik guztiagatik maite dugu QOTSAren estudioko zortzigarren lana.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: