Hilbera + Sua + Xiberoots Berriatua 2023-5-5

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-07-15 20:25

pyromanya@hotmail.com 1689453505565

Hiru estilo guztiz ezberdineko beste hainbeste taldek jo zuten barikuan Berriatuako festagunean. Azterketa soziologiko azkar bat aski da han gertatutakoa azaltzeko: Xiberootsekin 22:30tan hasi zen jaialdiak jende andana ekarri zuen lehen emanaldira. Plaza ikustea espektakulua izan zen han bildu zen jendetza zela eta. Ikuslego oso gaztea, parte hartzailea eta nesken nagusitasun osoa erakutsi zuenak gozatu ederra hartu baitzuen zuberotarren erakustaldiarekin. Reggae, dub eta batez ere raggamuffin sarkor eta pizgarriak aparteko giroa sortu zuen emanaldi osoan zehar. Gero, Sua taldearekin jende gutxiago egon zen (guk uste baino gutxiago, inondik ere) baina jarraitzaile sutsuak izan zituen, azkeneko zatian Hilbera Heavy Metaleroek (goizeko ordu txikietan eta hotz handia egiten bazuen ere lehen lerroan jarraitzaile oso fidelak izan zituena) goizeko ordubiak pasatxo arte egurra eman zutelarik.

Ikuslegoaren mugimenduak ikusiz gero, gau hartan behintzat gehiengo zabala Xiberoots ikustera joan zen. Bestalde, festa gunea ere bertan zegoen arren, txoznetan egoten den jendea sarritan ez da kontzertuetara animatzen, horretarako hamar pausu besterik eman behar ez baditu ere. Gainera, frontoian beste festagune bat ere egon izanak gaztediaren zati bat haraino eraman zuen. Xiberootsena garaipen totala izan zen, beraz: edonor suspertzeko moduko kantu andana, instrumentu joleen birtuosismoa eta soinu sarkor, zuzen eta boteretsua. Xabier Leteren “Ni naiz” kantuarekin egin zuten bertsioak (“Hi haiz”) euskal errepertorioarekin duten konpromisoa berretsi zuen.

“Ze lüze”n sonoritatea, bokalizazioa eta erritmoa izan ziren nagusi. “Honki jina” bere bi diskoetan grabatuak dituzten hit hilezkorren adibide bat dugu, talde atzerritarrei inolako enbidiarik eduki behar ez dien horietakoa. Bere erritmoak airean eramaten du entzulea, eta zuzenean eskaintzen duten erabateko soinuak efektu hori nabarmenki anplifikatzen du. “Agur Xiberua”n Iruriko Etxahuni rasta omenaldia egin zioten magiaz beteriko zazpi minutuetan. Taldearen kalitatea ere ahotsetan nabaritzen da eta oso bereziki koruetan. 2021eko Herri Urratsen kantua egin zuen Xiberootsek (“Baga, biga, boga”) eta gau honetan ezin falta zen erakustaldia egin zuten berriz ere.

“Maule muffin”en raggamufinak airean eraman zituen bertaratutako gazteak. Ikusgarria izan zen benetan han sortu zen giroa. Gitarra elektrikoak sua atera zuen oraingoan, eta sei sokako baxuaren (baxu joleak Remi Pouvrasseau izena duela uste dugu) frekuentzia lodi eta mozkorgarriekin guztiz txundituta geratu ginen. “Bizitza” itsaskor, sinkopatu eta martxosoa aukeratu zuten azken agurra goiaren goian emateko. Jon Etxekoparrek (Mixel Etxekoparren semea, uste dugu) zuzentzen duen taldeak, ahotsa eta sortzailea baita, garaipen totala erdietsi zuen, beraz, zentzu guztietan; soinuaren gardentasun eta kalitatea eta jende gehiena erakarri zuen taldea izan baitzen.

Tenperaturak behera egin zuen orduak aurrera zihoazen heinean. Ikuslegoaren zati batek alde egin zuen (batzuk etxera, beste batzuek beste festagunera eta beste batzuk berta-bertako txoznetara), eta horrek Sua taldeari berez (generazional eta estilistikoki, alegia) zegokion ikusle kopurua murriztu zuen. Maruri-Jatabeko laukoteak ez zuen hutsik egin, ordea. Azken diskoari errepasu zabala eman zioten (guztira zortzi kantu) eta era horretan aurkeztu zuten beren burua: “Hitzik gabe”, “Herria” (lan berriaren klabe leunetako batzuk erakusten dituztenak) eta “Geltokia”rekin alegia (honen bukaera gogorra ahaztu gabe, noski), tartean lehen diskoko “Reddish” guztiz magikoa sartu zutelarik.

Taldearen beste harribitxi horietako baten txanda, segidan: “Zapatu gaua” klasikoa, taldearen sua eta garra ezin hobeto azaleratzen dituena. Lan berrira bueltatuaz, “Zer izan ginen” leun hasi eta taldean hain ohikoak diren intentsitate igoeren adibidetako bat dugu. “Hormak apurtzea” azken diskoko arrakastatsuena dugu spotifyri kasu egiten badiogu (271.000 entzunaldi!), eta kantu ederra den arren, “Kotxe beltza” oraindik zirraragarriagoa da eta lehen diskoko kantu zoragarri horien melodiak ekartzen dizkigu gogora. Ane Barrenetxea abeslariaren eta Janire Lopez baxu jolearen karisma eta presentziak oholtza bete zuten kontzertu osoan. Janirek, bere boterea eta poseez gain, koruak ere egiten ditu eta azken aldiz ikusi genuenean baino lehergarritasun apalago bat erakutsi zuen arren, oso eroso, dotore eta irribarretsu ikusi genuen kontzertu osoan zehar. Anek berriz, sekulako ahotsaren jabe izateaz gain, lurrikara baten moduko energia erakusten du kantu guzietan.

Suaren lehen grabazioa izan zen E.P.ra jauzia “Let me enter” hiltzailearekin egin zuten. Kantuaren potentziak harridura sortzeko moduko dezibelio festa ekarri zuen. Fase berri batean sartu gintuzten, beraz, zeina kanturik heavy eta oldarkorrenez osatua egon baitzen. “Shame”, bere ahots tonu altuak zirela eta, zitala izan zen eta “You don’t care”, aldiz, oldarkortasun bereziki basati baten jabe. Benetan ikusgarria. Bisetarako abiadura biziko “Ez dira gai” eta nazioarteko hit bat dirudien “Ordu beltzak”, lehen diskoko beste klasiko bat, gorde zituzten. Kontzertu bizia eta kalitatez betetakoa izan zen dudarik gabe. Ez dugu uste bertaratutako inor damutu zenik.

Heavy Metalak talde eta jarraitzaile gazteak behar dituela argi dago, eta Markina-Xemeingo Hilbera boskotea hutsune hori betetzera dator bai beraien herrian zein Euskal Herrian ere. Iaz “Mundu galdua” lan borobila aurkeztu ziguten eta oraindik, zorionez, aurkezpen horrekin segitzen dute. Jarraitzaile sutsuak dauzkatela argi geratu zen introa eta hamaika kantu izan zituen kontzertu osoan. Diskoa oso osorik jotzeaz gain lehen singleko bi kantak eta Latzen taldearen bertsio bat ere jo zuten.

Azken aukera kantuarekin hasten den kontzertu bat beti egongo da garaipenetik gertu. Taldearen intentsuenetakoa, inguruetako heavy zalerik gogorrena ere kontent uzteko moduko pieza dugu. Endika Arizmendiarrietaren ahotsa da Hilberaren altxorretako bat, nota altuetara iristeko duen erraztasuna ez baita zoritxarrez oso ohikoa Euskal Heavy Metal taldeeran. “Mundu galdua” era zehatz eta profesionalean egin zuten, eta ahotsarekin kontraste egiteko, bi gitarren lan gogotsua eta atabalen kolpekada astunak azpimarratu behar ditugu. Gitarren arteko jokuak kantu guztietan izan zuen bere presentzia, eta soinua oso ona izan ez zela egia den arren, inork gutxik jarriko du zalantzan taldearen emana.

“Garrasi mutua” zapatila itzelarekin hasten da, geroago (berriz ere) garapen insrumental konplexua lantzeari ekiteko. Hala eta guztiz ere, abiadura da kantu honen ezaugarririk nagusiena. Konplexutasun horri jarraiki, Genesis kantuaren zirimolek bere baitan hartu gintuzten eta Endikaren ahots guturala izan genuen itsasargi. Lau urte atzera, diskoa baino lehen atera zuten singleak ere bere lekua izan zuen, taldea hasieratik jarraitzen dutenen zorionerako: “Loreak bide ertzean” poetikoa eta seminala eta “The darkest show” (inoiz ingelesez egin duten bakarra) ahots gutural gozagarriz betetakoa entzun baikenituen hurrenez hurren, tartean “Denboraren balioa” (bere diskografiako epikoenetakoa) sartu bazuten ere.

Gaueko sorpresa bertsio batek ekarri zuen, hain zuzen ere gure Heavyaren leienda handienetako baten eskutik: Oñatiko Latzen taldearen Bat gehiago. Ikuslegoa kabitu ezinik egon zen kantu osoan. Eta ikuslegoaz ari garela, nekez topatuko dugu arima eta gorputza era kartsuagoan utziko duen jarraitzailerik. Egia esan, lehen kantatik dena eman zuten, eta laster hasi ziren oholtzaren beheko partean zeuden hesiak altxatzen eta taldeari maitasunez eginezko probokazioak oihukatzen: “poperoak!” “heavy metala!”, “egurre!”... e.a.

Sarrera instrumental luzea dauka “Oroitzapen ahaztuak” dotoreak. Kantuaren garapenak dezibel festa, abiadura eta errepika borobila dakartza. Berriz ere zati instrumentalen aberastasuna azpimarratu behar dugu, baita gitarraren punteoak edota ahots guturalaren momentu motz eta kalkulatuak ere. Eta lehergarritasunaz hitz egin behar badugu, Zu zeu kantuarekin sortu zen giroa aipatu behar dugu derrigor. Oihuka aritu ziren lehen lerroetako zaleak kantu osoan: “Nor haiz? Egintzak hire bidea!”. Gitarren lana berriz ere aparta izan zen, Asier Zugadi (baxua) eta Imanol Arizmendiarrietak (atabalak) osatzen duten erritmo basearen indarraren garrantzia behar-beharrezkoa den bezala.

Inork alde egin nahi ez zuen arren, Infernuko ilargi izan zen gaueko azkena. Ahotsen jokuak sortzen dituen melodiak kontraste egiten du musikaren biolentzia eta tarteka egiten dituzten guturalekin. Horrela amaitu zen kontzertua, jarraitzaileak gorenean zeudela, goizeko ordubietan egiten zuen hotzagatik akaso ikuslegoa jada murritza izan arren. Giro metalero honen izpirituaz kutsatu gabe inork gutxik iraun dezakeela uste dugu, baita horrelako emanaldiek afizioa sortzen dutela ere.


Utzi iruzkina: