Hilbera + Anker Akerbeltz Gaztetxea (Markina-Xemein) 2022-4-2

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-06-22 14:26

pyromanya@hotmail.com 1655907575851

Larunbata gau euritsua eta zitala izan zen apirilaren biko hura. Barnean, euririk ez baina garagardo hegalari bat baino gehiago izan genituen, eta zitalkeriaz hitz egin behar badugu, bi taldeek erakutsitako boterea eta gogoa aski dira bigarren auzi honi erantzuna emateko. Aste bete lehenago izan zen bertsio gauarekin, badirudi gaztetxea berriz ere indartsu datorrela, eta planu orokorrago batean, metalzale gazteak falta ez direla ere laster ohartu ginen.

Gaueko hamarretan taularatu zen Legazpiko Anker laukotea: Eneko Altzelai (gitarra), Joanes Legarda-Ereño (gitarra, ahotsa), Jon Unzurrunzaga (bateria) eta Urko Ventureira (baxua). 50 minutuko zaplastada eman ziguten eta guztira hamar kantu eskaini gupidarik gabeko emanaldi eroan. Taldeak bere “Gizagaitza” (2021) diskoari errepasu zabala egin zion, eta sorpresa ere hartu genuen, diskoko azken kanta den bost minutuko “Anker” instrumentalarekin ekin ziotenean. Kantu honek laburbiltzen du Heavy Metalaren mezu unibertsal eta zabala, hitzik gabe kodigo propioa eta norabide konkretu bateko manifestapena lortzen baitu. Hitz bakar bat esan gabe, beraz, definitua geratu zen estiloa, forma eta xedea.

Aukeraketa horren atzean ausardia ere aipatu beharko genuelakoan gaude, baina kantuaren epikotasunak, gitarra soloak, pasarte eta fase ezberdinek modu oso egokian plazaratu zuten taldearen proposamena. Kantua “Nire infernua”rekin lotu zuten, eta aurrekoaren amaiera azken honen berdina dela kontuan hartuta, kantatzen hasi ziren arte ez ginen aldaketaz konturatu. Kantu honek taldearen forma brutalak nabarmenki markatu zituen, aurretik geneukanaren erakusgarri. Joanesek kantatu baino gehiago oihu egiten du, taldearen helburu guztiak beteaz eta emanaldiari sekulako indarra emanez.

“Arimen merkatua”ren hasierako gitarra notak, gero sartzen den baxuak eta atabalen sostenguak ondoren datorren kaña guztiari sarrera musikal bereziki interesgarria egiten dio. Horrez gain, kantuen eskema kañeroek ez die erritmo trabatuei muzin egiten, horrek dantzarako edo headbanginga egiteko dakarren paradarekin. Honez gero Urko baxu jolearen koruez ohartuta geunden, aspaldi. Jartzen dion pasioa eta bere koruen basakeriak gutxitan ikusi dugun indarra ematen baitiete. “Direnak eta ez direnak” beste hasiera original baten jabe da, aurrekoaren bertute berdinak edukitzeaz gain.

Gitarren erabilera oso indartsua den arren, zati melodikoak antzeman daitezke azken kantu honen soloetan, baita beste pieza batzuetan ere. Gitarrek kantu egiten dutela ikusiko baitugu, eta hori soilik musikazale bokazio sakon batekin lortu daitekeela. Besterik gabe egurra eta egurra eman beharrean, gitarra horiek beste dimentsio bat ematen diete, beraz, kantuoi. “Azken hatsa”n Anker taldearen errepikarik ezaguterrezanetakoa zabaldu zuten. Belarriak lehertu beharrean baina plazer handiz eutsi genion emanaldiaren bigarren zatiari, “Eskifai galdua” eta bere azpimunduko koru guturalek lagunduta.

Ikuslegoa, bigarren taldearekin baino apur bat urriagoa izanik ere, gozatzen ari zela nabaritu genuen. Bestalde, gaztetxe batetaz ari garenez, ikuslegoa sailkatzea zailagoa egiten zaigu: gazteak ziren gehienbat, noski, baina etiketak jartzea (heavya, punka) oso zaila da 90.hamarkadan gertatu ziren hibridazioengatik eta lekuagatik beragatik. Lekuotan ez da inor baztertzen, eta bestalde gustu musikalen dibertsifikazioa oso markatua da gaur egun. Beraz, metalzaleak faltatu ez ziren arren, ikuslego anitza izan genuen gau honetan ere.

Hurrengoa gau honetako bertsioa bakarra izan zen: oker ez bagaude Trivium taldearen “Ember to inferno” boteretsua. “Eromenaren senide” lelo ezagungarri eta dotore baten jabe den arren, Urkoren koru guturalek autoritatez markatzen dute taldearen izaera estilistikoa. XXI.mendeko metala dugu beraz hizpide, euskal eraginak (Su Ta Gar, Latzen) alde batera utzi gabe noski. Beste kantu-hasiera erakargarri bat: “Garai berri baten hasiera”. Minutu bateko sarrera instrumentala elegantea da, eta gainera diskoan (oso oker ez bagaude) biolin batek borobiltzen du. Gero, zalantzarik bazenuten, zapatilakada dator, noski. Lau partaideak dena ematen ari ziren, eta koruak eraikitzeko moduak harrapatu gintuen: Joanesen agudoak Urkoren guturalen kontra. Garaipena, bolumenez behintzat, guturalena izan zen, baina besteek jartzen duten melodiarik gabe kantuak asko galduko luke.

Azken kantuetan (are gehiago hurrengo “Ekaitza”n) gazteak dagoeneko, buru-astintze (headbanging) eta jauzi (pogo) egiteaz gain, circle-pit delakoetan antolatzen hasi ziren. Circle-pit estiloan, ikuslegoak zirkuluan mugimendu zentrifugatuak egiten ditu. Horrexegatik dira mugimendu hauek guztietan ikusgarrienak. Hala ere, moshinga (zaleen gainean igeri egitea, hauek eutsita eta eramanda) ikusteko hurrengo emanaldira arte itxaron behar izan genuen. “Ekaitza” amaiera apoteosikoa izan zen, eta Ankerrek lantzen duen estiloaren zaletuentzat guztiz gustagarria.

Ordu erditik gertu ibili zen itxaronaldiaren ondoren taularatu zen Markinako Hilbera boskotea. Lehen lan zulea aurten bertan argitaratu dute (“Mundu galdua”, Blackstorm) irakurri hemen kritika https://www.berria.eus/paperekoa/1949/031/005/2022-02-13/askatu-burua-libratu-amorrua.htm eta aurkezpen lanak hasi dituzte dagoeneko. Ikuslego kopuruaren igoera apurtxo bat nabaritu zen, eta herrikoak bertakoak izateak ere lagundu zietelakoan gaude, baina Hilberaren deskarga ikusi eta gero, hegaldi oparoa eta estimulagarria aurrikusi diezaiekegu beste lekuetan ere.

Diskoa hasten duen “Intro” berbera erabili zuten kontzertuari hasiera emateko, baita, noski, “Azken aukera”rekin lotu ere. Kantu honek abiadura eta melodiaren bidez markatzen du bidea. Tonu altuak gustuko dituzte, eta hori Endika Arizmendiarrieta bereziki ondo moldatzen den eremua dugu. “Infernuko ilargi” atabalen erakustaldi bizkor eta indartsua izateaz gain, tonu agudoen garaipena dugu, baita gitarra solo erakargarri baten erakustaldia ere. Guturalak ez dira falta kantu honetan gainera, baina Hilberarentzat menuaren beste osagai bat diren bitartean, Anker taldearen konposizioetan kantuen egituran beran askoz ere gehiago sartzen dira.

Heavy Metala eta Thrash Metalaren boterea osagai guztiekin agertzen diren errepertorioan (metal garaikideari muzinik egin gabe), musikaltasun handia ere antzeman dezakegu “Mundu galdua” bezalako kantu boteretsu/melodikoetan. Melodia errepikan etorri ohi da; koruen papera oso garrantzitsua izan zen emanaldi osoan, eta hor Julen Mandiola eta Gotzon Mandiola gitarra joleek sekulako lana egin zuten. Eta ikuslegoaren partetik parte hartzea aski intentsua izan zen nahiko hasieratik. Pogoa, Headbanginga eta circle pita nagusi izan ziren momentu askotan, baita oraingoan moshing delakoa ere. Ikuslegoaren gainetik igeri egitea da moshinga, eta sarritan artistek egiten duten arren, publikoak ere egin dezake, gau honetan egiaztatu genuen moduan.

Momentu goxoez (edo lasaiez) ere disfrutatu ahal izan genuen, “Oroitzapen ahaztuak” kantuko hasierarekin kasu, baita honi jarraitzen dion sarrera eta planteamendu legendarioarekin ere. Su Ta Gar eta Urtz burura etorri zaizkigun momentu batzuetan, eta gero... gupidarik gabeko egurra eta lelo oldarkorrenetakoa: “Ez al dituzu entzuten? Gure bila datoz!”. Erritmo trabatuak, estrofa aberatsak, eta koruak... beti koru agudo eta dotore horiek. Errepertorioko momentu zenbaitetan, abiadura mota batzuek Power Metala ere gogora ekarri lezakete, baina hori taldeari berari galdetu behar genioke, nahita egina dagoen ala ez, alegia.

Ahots gutural gehiago nahi zituzten horientzat egur gehiago “Genesis” sinple baina eraginkorrarekin. Emanaldian zehar, kantu honetan bezalako intentsitate jeitsiera bilatuak sortzen zuen efektua begi bistakoa zen sutsuki jarraitzen zieten jarraitzaileengan: musikariei mano cornuta erakutsi, animoak edo bostekoa eman, moshinga egin... Gitarra bikoiztuen jarduna ere ez genuen faltan izan, ezta “Galtzen ari naiz!” oihukatzen zuen errepika eraginkorra ere. Baina inpaktu handiko kanten zain bageunden, “Zu zeu” iritsi zen emanaldiari epikotasun handiagoa emateko. Berriz ere sarrera instrumentala, progresiboki sartzen diren instrumentuen aurkezpena, eta gero bonbo bikoitza eta errepika akaso nu-metaleroa: “Nor haiz? Egintzak hire bidea!”.

Abiadura erakustaldietarako, “Garrasi mutua” egokia dugu, baita, seguru aski, “The darkest snow”, ingelesez daukaten kantu bakarra. Egia esan, azken honek abiadura momentuak dauzkan arren, agian oraingoan hitz klabea intentsitatea izango genuke. “Denboraren balioa” Thrash Metal purua dugu, eta taldearen ohiko kontrastean, ahots tonu altuek eta koro bikoiztuek bizitasuna ematen diote. “Loreak bide ertzean” apur bat luzea egin zitzaigula esango genuke; sei minutu t’erdikoa, taldearen luzeena dugu, eta gorago aipatu dugun ingelesezko kantu horrekin batera irten zen 2019ko izen bereko E.P. hartan. Guk geuk kontzertuaren lehen erdian sartuko genukeen arren, badauka ordea kantuak epikotasun markatu bat, eta gainera ikuslegoak asko gozatu zuen, beraz...

Eta azkenik “Outro”a. “Intro”arekin hasi eta “Outro”arekin amaitu; horrek dudarik gabe osotasuna eman zion kontzertuari, lan kontzeptuala balitz bezala. Ia ordu beteko emanaldian, errepertorioa goitik behera errepasatu zuten, hots, disko luzea oso osorik, baita E.P.a ere; guztira hamabi kantu. Zer esanik ez jendeak ez zuela alde egin nahi, eta denbora dezente egon zela “beste bat” eskatzen. Gau horretan ikusitakoak disko borobila zuzenean defendatzeko arazorik ez dutela erakutsi zigun, baita musikarien kalitatea eta ahotsen nagusitasuna ere. Orain, udaberriko kontzertuak lotzea besterik ez zaie geratzen...


Utzi iruzkina: