Hilbera "Mundu galdua" (Blackstorm)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-04-10 20:34

pyromanya@hotmail.com 1649616003197

Lan mardula eta aunitz aberatsa osatu du Markina-Xemeingo boskoteak. Izan ere, eta lehen lana dela kontuan hartzen badugu, haren heldutasunak harritzen baikaitu. Epikaz jantzitako hamar kantu dira, introa eta outroa barne, eta sentsazio pilaketa aski estimulagarria da kantu guztietan. Ahots melodikoak dira nagusi, eta bikoizten direnean lortzen dutena magia hutsa da. “Infernuko ilargi”, “Mundu galdua” edota “Denboraren balioa” dira horren adibiderik garbienak. Tonu altu eta bikoizketa landu horietan hastapenetako Urtz taldea ere burura etor dakiguke. Esan dezagun haien ahotsen eta atmosferen abilezia gogora ekarri dezaketela, baina orokorrean muturrerago jotzen dutela.

Laurogehiko hamarkadako Heavy Metal klasikoaren patroi melodiko eta harmonikoak maisuki menperatzen dituzten arren, Thrash Metalaren basakeria ere oso aipagarria da hainbatetan (“Azken aukera”, “Mundu galdua”, “Oroitzapen ahaztuak” eta abar). Kantuek arnasa har dezaten egin duten lana ere aipagarria da inondik ere. Disko oso musikala dugu, pasarte landu zein erritmo oparoez beztitutakoa. Bonbo bikoitzaren (edo pedal bikoitzaren) erabilera brutala eta neurtua da era berean, eta abiadura handiko azelerazioetan (“Infernuko ilargi”, “Zu zeu”) zein pasarte musikal inspiratuetan kalitatezko zigilua jartzen dute. “Genesis” beste gailur bat dugu, konposozio borobila izateaz gain bere baitan gitarra bikoiztu kartsuak eta melodikoak baitakartza. “Zu zeu” kontzertuetan ukabila jaso eta oihuka kantatzeko errepika perfektuaren jabe da, gitarra riff zorrotzak, bonbo pedal bikoitzaren birrinketa errukigabeak eta disko osoa borobiltzen duten erritmo aldaketa zirraragarriak baitauzka han eta hemen.

Hartaz, eta arestian aipatu bezala, hogei eta hamasei minutuko totxo zeharkaezin eta monotomo bat aurkeztu beharrean, hamaika ñabardurako kolore-sorta eskaini digute beraien opera priman. Thrash Metala aipatu dugunez, haren hurrengo pausua edo erradikalizazioa izan zen Death Metal kutsua aipatu genezake akaso (soilik akaso), batez ere ahots guturalak, bonboaren pedal bikoitza eta orokorrean erakusten dituzten oldarkortasun trazengatik. Hitzek musikarekin bat egiten dute. Honela, kontsumismoa (“Azken aukera”) edota zapalkuntzaren aurkako ereserkiak ditugu nagusi. Guzti hori Heavy Metalaren poesia erromantiko eta dionisiakoa ahaztu gabe. Bestalde, erligioaren gaitzespena arrazoi ideologikoengatik etor litekeen arren, hark egindako errepresioaren aurkako erantzuna da bai talde honetan zein orokorrean Heavy familian nagusi. “Infernuko ilargi”ri dagokionez, Jaun Beltza aipatzen dute, era sinbolikoan ordea, azkenean “denok barnean daukagun deabrua deika hasi zait” ondorioztatzeko. Horregatik guztiagatik, hitz borrokalari bezain askatzaileak dira, baina barnera begiratzen duten hausnarketak ere ez dira falta (“Zu zeu”, “Denboraren balioa”).


Utzi iruzkina: