Txatar "Hildakoen jainko" (Basque Metal Country)
Legen Beltza taldean aritutako hiru partaidek (Joseba Azkue, gitarra; Edorta Azkune, bateria; Xanti Rodriguez, baxua eta ahotsa), Karrantzako Blackstorm estudioan grabatu dute lehen diskoa Ekaitz Garmendiarekin. Ekaitzen aukeraketa, beraiekin Legen Beltzan ibilitakoa baita, bereziki aproposa dela uste dugu. Oinarrizko Thrash Metala lantzen dute, zuzena, brutala eta apaindurarik gabekoa. Egia da momentu jakin gutxi batzuetan (batez ere diskoari izena ematen dion kantuan) lehen garaiko Su Ta Gar gogora ekar dezaketela, baina sarriagotan kokatuko genituzke Diabolus in Musica grabatu zuen Slayer-en orbitan. Horrek ez die zenbaitetan gitarrak bikoiztea oztopatzen, ez eta tarteka soloren bat egiten ere (Gutuna). Gainera, Ospel edota Itzalik gabe bezalako kantuetan ahots tonu aldaketak (guturaletik agudora) eskergarriak dira oso. Euskal mitologian oinarritutako hitzek, bide batez, erakargarriago egiten dituzte berez epikoak diren paisaiak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: